Asteroko buletina
Otsaila, katu-hila.

Bizi baratzearen plaza

Naturkon
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.

Parke Naturalen Patronatuak bildu dira

2021-01-26 12:00

Urte zaharreko kanpaiak jotzear zirela, korrika eta presaka, deitu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiak lau Parke Naturaletako osoko bilkura telematikoak. Aurreko urtean azalpenik eman gabe kale egin ostean, jakinminez eta beti bezain prestu bertaratu ginen naturazaleen ordezkari garenok, udalerrietako, lehen sektoreko hainbat arlotako eta unibertsitateko ordezkariekin batera, Aldundiko arduradunen gidaritzapean. Bizi izan genuena sinetsi ezinik atera ginen bilkuretatik.
 
Gure Natura Kontserbatzeko Legeak dioenez, Patronatuak Parke Naturalen parte-hartze organoak dira eta, beren zereginen artean, Parkeen urteko aurrekontuak eta kudeaketa programak onartzea daude. Aldundiak azaldu beharko liguke ea nola demontre bete ahalko ditugun eskumen horiek, urtea bukatzera doanean deitzen bagaitu edo deitzea ahazten bazaio.
 
Beste hamaika zeregin ere aitortzen dizkie Patronatuei aipaturiko Legeak, denak natura babesteko ekimenak sustatu edo kontrolatzeko, guzti guztiak alferrikakoak, arduradunek legea betetzeko inongo intentziorik erakusten ez duten bitartean.
 
Are lotsagarriagoa da 'Herritarrek Parte Hartzeko Zuzendaritza Nagusian” urtero ia 3 milioi gastatzen dizkigun administrazio batean horrela ibili beharra, eta “Gobernantza irekia eta kolaboratiboa gobernuen eta gizarte zibilaren arteko harreman eta lankidetza forma berrietan oinarritzen dela” enpatxurik gabe predikatzen digun gure Aldundi honetan, Patronatuak Naturaren administrazioan parte-hartze organo ofizial bakarrak izanda!
 
Eta bileren edukiari buruz, zer esan; Parkeko ustezko zuzendariek irakurri zizkiguten azken bi urteetako txostenetan garbi utzi ziguten Parke Naturalak ez dituztela natura babesteko kudeatzen, alderantziz, ekimen publikoek espazio hauetako erabiltzaileek ahalik eta etekin gehien ateratzea beste helbururik ez dutela. Badakigu dena ez dela dirutan neurtu behar, baina, gabe ere, ezin dela miraririk egin. Ba Patronatuek onartu ezin izan zituzten aurrekontuen bi heren abeltzaintzarako azpiegituretan edota erabilera publikoaren kudeaketan joan zela jakinarazi ziguten, eta ia beste herena pertsonal gastuan. Kasurik onenean, ikerketarako % 3a baino ez zen bideratu. Natur Parkeen lehen helburua “Parkearen eremuan dauden ekosistemak babestu, artatu eta lehengo egoerara itzularaztea” bada ere, Aldundiak uko egin dio helburu honi, biodibertsitatearen berreskurapena ez da Aldundiaren lehentasuna.
 
Eta egoera honetaz larrituta egin genizkien galderei, erantzun ere ez! Ez florarik, ez faunarik, ez habitatik, ez ekosistemarik, ez paisaiarik, ez klima larrialdirik ez natura-ondarerik aipatu gure agintariei. Alperrik ari dira Europar Batasunean Itun Berdeak sinatzen. Aldundiko Landa Garapeneko zuzendaritzakoei ez zaie buruan sartzen naturaren babesean eta berreskurapenean inbertitzea beharrezkoa dela ekonomiaren susperraldirako; ezta COVID-19 krisiak erakutsi bezala, ingurune osasuntsua izatea inoiz baino beharrezkoa bihurtu zaigunean. Ez dute ulertu nahi biodibertsitatea berreskuratu ezean, natur ondarea ez ezik, horrelako krisiei aurre egiteko aukerak galduko ditugula.
 
Europako itunetan jaso bezala, ea nork esaten dien natura garrantzitsua dela ongizate fisiko eta mentalerako, bai eta gure gizarteak aldaketa globalari, osasunerako mehatxuei eta hondamendiei aurre egiteko gaitasuna duela. Edo natura gure bizitzan presente egotea behar dugula. Gure Kontinentean natura babesteko gero eta saio eder eta sakonagoak egiten ari diren honetan, agian gu gabiltza oker europarrak garela pentsatzean.

Aitziber Sarobe Egiguren, Edurne Huesa
NATURKON - Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora