Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.
2020-03-26 12:00
Garai bereziak eta arraroak bizi ditugu, hainbatek argi azaldu duen bezala, gure bizimoduaz hausnartzeko eta gure ekonomiaren oinarriak ulertzeko abagune ezin hobea daukagu. Errepikatzen ari zaizkigun bezala, ezer ez da berdina izango hemendik aurrera. Berdina ez, baina hobeto edo okerrago biziko gara?
 
Galdera horren erantzunak nahi beste erpin izan ditzake. Arrantzaren jardueran eta arrantza-sektorearen etorkizunean jarri nahi dugu guk arreta. Eusko Jaurlaritza aktibitate ekonomikoarekin zer egin erabakitzen ari den garai honetan, lehen sektorea estrategikoa dela azpimarratu da behin eta berriz, jakiak ezinbestekoak ditugu eta baserritarren eta arrantzaleen lana azaleratu da inoiz baino ozenago. Arrantzaleen jarduna, baina, asko mugatu du koronabirusaren krisiak. Lehendik ere prekarietate larrian ari ziren arrantzaleei, orain sistemikoak eta gaindi ezinak diren baldintzak suertatu zaizkie: itsasontzi askotan ezin dute gutxieneko distantziarik mantendu eta ezin dute segurtasunik bermatu elkar ez kutsatzeko borroka honetan. Bestalde, arrainaren merkatua guztiz desitxuratu da eta prezioen dantzak ez du errentagarria egiten jarduera.
 
Hedabideetan entzuten dugunaren arabera, eta lehendik sektore honek nola jokatu duen ikusita, gure susmoa da krisi honetatik ateratzeko apustua Europak (edo bertako administrazioak) banatuko dituen diru- laguntzen zain egotea izango dela. Hau bada aterabidea, ezinbestekoa da galdera: zertarako behar dugu arrantza, jarduera honek ez badu balio beharrik handiena dagoenean jakiak eskuratzeko? Zertarako mantendu sektore hau diru publikoarekin ez badu bere funtzio soziala beteko? Zergatik onartu halako eragina bioaniztasunean eta ondare naturalean, estrategikoa ez den jarduera bati? Gure ustez, arrantza, elikadura-subirautzarako ezinbestekoa da. Administrazioari dagokio jarduera ekonomiko hau, eta horri lotutako lanbideak, kudeatzea, baina bide horretan ekarpenak egin ditzakegulakoan, hauek gure proposamenak.
 
Hasteko, flotak geratzeko itxura dauka eta hau bere horretan onuragarria izan daiteke arrantzaleentzat, gaixotzeko arriskua gutxituko dutelako, zein interes komertziala duten arrainentzat: bakean utziko ditugulako, eta hala, beren ziklo naturala, eta hemen burutzen duten errunaldia, lasai burutuko dutelako. Baina, egoera hau onuragarria dela esan ahal izateko, bi baldintza bete behar dira: arrantzaleak, gainerako langileak bezala, konpentsatu behar dira, eta arrantza-gabeko epe honek arrainen populazioetan izan duen inpaktua neurtu behar da. Biak dira bideragarriak, eta administrazioak baditu horretarako baliabideak.
 
Bigarren aukera arrainen kontsumoa ziurtatzea da. Horretarako arrantza-jarduerari eutsi beharko litzaioke, baina modu kontrolatu eta selektiboan. Egunero/astero eta txandatuz, portu bakoitzetik 2na itsasontzi ateratzea izan daiteke aukera (Gipuzkoatik 6 eta Bizkaitik beste 6); noski beti ere itsasoratuko liratekeen arrantzaleen osasun baldintzak behin bermatuta (testak egin eta elkar kutsatzeko aukerak baztertuta) hala, eguneko arraina kofradien esku utzi eta hauei zuzenean prezio finko batean saltzeko aukera eskaini dakieke. Prezio horrek merkatua erregulatuko luke, arrandegiek egoera honetan zilegi ez den abantailarik izan ez dezaten. Arrantza-jarduerak ere mugatua izan beharko luke; kuotak eta neurriak errespetatuz eta 12 miliatik kanpora arituz, arrain populazioetan normalean baino kalte handiagorik ez eragiteko. Arauak irizpide zientifiko eta teknikoekin doitu eta zorroztu daitezke, bioaniztasuna errespetatuz, eguneroko arrainaren kontsumoa bermatzeko. Administrazioak badu horretarako ahalmena.
 
Hauek egingarriak diren bi proposamen baino ez dira, biak ala biak, arrantza-jardueraren zentzua eta egoera hobetzera begira egindakoak. Izan ere, krisi honetan arrantzak ez badu bere funtzio soziala beteko, diru-publikoz zer ari garen sustatzen eta mantentzen galdetu beharko genioke gure buruari, arraina ondare naturala baita, eta horrek ustiaketa onura publikoak baino ezin lezake justifikatu.
 
Ondarroa 12 milia – Naturkon Gipuzkoa