Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-04-21 12:13

Apirilaren hasieran, Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteak agerraldia egin zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Gipuzkoako natura ingurunearen benetako egoera ezagutarazi, arazo nagusiak bistarazi, erronkak eta ahuleziak identifikatu eta konponbideak proposatzeko.

Agerraldian erakutsi zen lurralde honetako biodibertsitatearen egoera ez dela ezagutzen eta arriskuan dauden espezieek ez dutela kudeaketa-planik. Natur kontserbazioak ez du interesik arlo honen kudeaketaren ardura duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendiak eta natura inguruneko zuzendaritza”. Asko dira agerraldian erakutsitako datuak eta egindako eskaerak, Ekonomia Sustapena, Turismoa eta  Landa Ingurunea izenburuarekin Batzar Nagusien web-orrian jasota dagoen bideoan  (http://jggipuzkoa.seneca.tv/items?locale=eu) ikus daitekeenez.

Babestutako eremuei dagokienez, Gipuzkoako parke naturalak, biotopo babestuak eta interes europarreko habitatek (basoak, ibaiak, padurak eta harkaitzak), 19 orotara eta guztiak Europako Natura 2000 sarearen parte direnak, ez dituzte kudeaketa planak eginda, edota egin zirenak, ez dira berritu; egindako lanen emaitza-txostenik ere ez da aurkeztu, legez ezinbestekoa bada ere. Horretarako, gainera, oso lagungarria litzateke egun ez dugun ezagutza: izan ere, Aldundiak ez du dirurik bideratzen basabizitzaren ikerketara. Hala, biodibertsitatean eragin zuzena duten ehiza edo arrantza bezalako jardueren oinarri zientifikoak ez dira ezagutzen, baldin eta jarduera horiek oinarri zientifikoekin kudeatzen badira, bederen. Bukatzeko, basabizitza zaintzeko baliabideak ere eskatu ziren agerraldian, basozain gutxiegi daudelako eta egiten duten lana ez delako behar bezala balioesten.

Baso-politikak aldatzeko behar gorria izan zen, agerraldian egindako beste aldarri nagusia: gure baso naturalen egoera larria baita, bestek beste, egurgintzaren industriak eragiten dituen ingurumen-kalteen eraginez. Diru-laguntzak bertako basoak berreskuratu eta monolaborantzan oinarritutako ustiaketa intentsiboak debekatzeko baliatzea ezinbestekoa da, arraseko edo erabateko mozketak/soilketak, benetan debekatuz edo mugatuz.  Pista berriak egiteko diru-laguntzak debekatzea eta erreka ertzetako landaredia errespetatzea eta sustatzea eskatu ziren. Arlo honetan, lehentasunezkoa da “Euskadiko Baso Plangintza 1994-2030” planean Gipuzkoarako proposatzen diren 56.181 Ha “mendi babesle” izendatzea, besteak beste, ur edangarriak bermatzeko beharrezkoa delako lurzoru horiek babestea. Azken baso inbentarioaren arabera (2021), Gipuzkoako ia 200.000 hektareako azaleratik, egur ustiategiak 73.000 Ha hartzen dituzte eta baso naturalak 48.000 ha. Azalera honetan basoak mantxa txikietan banatzen dira, kalitate ekologiko txarreko orbaintxotan, eta kontserbazio-egoera txarra dela jakinda, Aldundiak ez du ia ezer egiten hori zuzentzeko. Azkenik, Gipuzkoan eukalipto-landaketak 1500 Ha hartzen dituzte eta, kopurua handitzen ari da.

Biodibertsitatea berreskuratzeko, estrategia egokiena egun hain egoera ekologiko txarrean ditugun baso-eremu txikien funtzionalitate ekologikoa berreskuratzea da, haien arteko  korridore berdeak sortuz. Babestutako eremuak korridore ekologikoen bitartez lotzetik hasteak izan beharko luke administrazioaren zeregina, horretarako planak eginda baititu Jaurlaritzak bezala, Aldundiak.

Gipuzkoan natur ondarearen kontserbazioa eta berreskurapena umezurtz dago, zeharo abandonatuta. Baina, auzo-lanean hasiak dira hainbat herrietan bertako basoa berreskuratzen eta horretarako, bada premiazkoa den beharra: bertako landareak hazteko mintegiak. Aldundiak Urnietan duen Arizmendi mintegia horretara bideratu beharko luke, monolaborantzarako espezieak baztertuta. Udalei ere eskatzen diegu premia honi erantzutea.

Eskoletatik hasita eta herri eragileen laguntzaz, bertako basoak berreskuratzea da egun bizi dugun krisi ekologiko globalari aurre egiteko daukagun aterabiderik eraginkorrena. Administrazioek bide hori urratu bitartean, ekin diezaiogun auzolanari.

Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologistak

Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.