Asteroko buletina
Ezpala egurretik eta egurra zuhaitzetik

Bizi baratzearen plaza

Naturkon
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.

Lehengo lepotik burua...

2019-06-10 10:38

Gipuzkoako Aldundiak egurgintzaren ingurumen-inpaktuak diruz lagunduko ditu aurten ere

 
Atera berri dira, urtero bezala, Gipuzkoako basoak zaindu, hobetu eta ugaritzeko 2019 urterako diru laguntzen oinarri arautzaileak. Aldundiak aipatzen duen bezala: “Gipuzkoako baso sektorea indartzeko dirulaguntza deialdia”. Baso-sektorea, ez egur-sektorea. Pinudien krisia oraindik begi bistan daukagula, egurgintza eta basogintza bereizi ezinik jarraitzen du Aldundiak, ez dute ezer ikasi.
 
Are gehiago baso naturalak (hariztiak, pagadiak, ameztiak, baso mistoak, artadiak, etab.), ia EAEko lurraldearen % 75etik desagertu diren garai hauetan.

Aldundiaren hitzetan, “banda marroia gaitzaz gain, Gipuzkoako basogintza sektoreak baditu beste zailtasun batzuk ere. Nagusiki: baso jabeen adin handia, errelebo zailtasunak, abandonoa eta baso sailen atomizazioa”. Horri aurre egiteko, aurtengo diru-laguntzetan hauxe sarituko da: eskatzaileek 55 urte baino gutxiago izatea, 0,25 UTA baino nekazal jarduera handiagoa izatea, eta baso-azalera gutxienez aurreko urtean baino 0,5 Ha gehitzea. Baso sailen transmisioak egiteko ere bideratuko dira diru-laguntzak, beti ere eskatzaileak 70 urte baino gehiago baditu eta 55 urte baino gutxiago dituenari transmititzen badizkio. Baserri mundua zahartzen/hiltzen ari denean, kaletarrak landa eremuari bizkar ematen ari direnean, pinu-landaketek basogintza-eredu honen ingurumen inpaktu jasan ezina erakutsi dutenean, hauxe da Aldundiaren estrategia basogintzak bizi duen krisi sozial eta ekologikoari aurre egiteko. Eta egurgintza hori aisialdiko jarduera bilakatu da.
 
Pistak (berriak barne) eta bestelako azpiegiturak edo baso “garbiketak” (matarrasak, bakanketak, entresakak, hobetze mozketak, …) egiteko, landaketa berriak zein makinaria eta bestelako inbertsioak diruz laguntzeko, orain arteko irizpide bertsuez baliatuko dira, eta diru-partidetan antzeko proportzioak mantenduko. Alegia, oraingoan ere, Gipuzkoako natur ondarearen zaintzaren ardura daukan Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzak kudeatzen dituen diru-laguntza nagusietan ingurumen-eraginak arbuiatuko dira (babestutako natur eremuetan basoen berreskurapena lehenetsi gabe eta basoak eta egur-landaketak maila berean jarrita). Eukaliptu- eta Intsigns-landaketak ez dira diruz lagunduko, baina arautu edo debekatu ere ez. Matarrasak eta makinaria astunaren erabilera ere ez dira baldintzatuko. Lur-galerak eta lurzoruaren kalitatea ez dira diru-laguntza hauen kudeaketa irizpide nagusiak. Diru-publikoarekin kudeatzen den basogintza-politika egurraren sektorean interesetara bideratu da, beste behin, enpresen eta lurjabe handien mesedetan. Krisiak krisi, burua lehenagoko lepotik.
 
Legealdia bukatzear dago jada, laster batean osatuko dira gobernu berriak Udaletan eta Aldundian. Naturaren zaintza eta ondare naturalaren kontserbazioa eta berreskurapena helburu ditugun gizarte eragileok ez genuke azken 4 urte hauetako amesgaiztoa berriro bizi nahi. Izan ere, EAJko Arantxa Ariztimuñorena izan da Gipuzkoako natur kontserbazioak eta ekologismoak izan duten garai ilunena, horren arduradun politiko petralik ez baitugu ezagutu egundo. Badira basogintza-politika interesatu eta jasan ezin hori iraultzeko moduak eta bideak. Naturaren kontserbazioan jakintza-arlo ugaritako adituak ditugu, mundu mailako hainbat erreferente. Eseri gaitezen mahai berean basoen berreskuratu nahi ditugunak eta egurgintzaren sektorean interesak dituztenak. Naturaren ustiapenaren eta kontserbazioaren arteko orekatik baino ezin da irudikatu garapen jasangarria; alegia, krisi ekologiko globalari eta klima aldaketari aurre egiteko garapen sozio-ekonomiko posible bakarra. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza berria osatu bezain pronto hurbilduko gara ate joka.
 
Naturkon, Gipuzkoako Natur talde eta talde ekologistak

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora