Asteroko buletina
Luzea banintzen, motza banintzen, maiatzean burutu nintzen (garia).

Bizi baratzearen plaza

Naturkon
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.

JAURLARITZAREN ETA ALDUNDIEN ARDURAGABEKERIA PINUDIEN KRISIAREN AURREAN

2019-03-01 12:00

Madrilek ez du baimenik eman aire bidez Gipuzkoako eta Bizkaiko pinudiak oxido kuprosoarekin tratatzeko. Hala ere, Jaurlaritzaren esanetan, aurrerantzean baimena emateko aukera ez omen du baztertzen, baldin eta tratamendua eraginkorra dela eta ingurumen kalteak onargarriak direla frogatzen bada.

Alegia, Naturkon Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten elkarteak salatu bezala, aurreko udazkenean Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek lau haizetara zabaldu zuten “Konifero basoak berreskuratzeko euskal estrategia” deitutako plangintzak ez du inolako oinarri zientifikorik. Ez dago frogatuta oxido kuprosoa banda marroiaren izurriteari aurre egiteko baliagarria denik, eta are larriagoa dena, horrelako tratamenduak eragin ditzakeen ingurumen kalteak ez dira arbuiagarriak. Gipuzkoako hainbat udaletan tratamendu honen kontrako mozioak onartu dira, baina hala ere, Jaurlaritzak eta Aldundiak ez dute etsi: 1.050 hektareatan tratamendu esperimentala egiteko asmoa erakutsi dute eta Madrili eskatu diote lurjabeei lurretiko tratamenduak egiten baimentzea. Lurretik airetik baino eraginkorragoa izango delakoan, baina, eta ingurumen kalteak? Lehendik ere Gipuzkoan eginak dituzte esperimentuak, eta bistakoa da ez dutela emaitza onik eman (hau ere ez dute gizarteratu). Zer esperimentatu behar dute halako azalera handian? Zer protokolori jarraituko diote? Ez ote gaude beste iruzur baten aurrean? Eta berriz ere diru publikoarekin egin asmo dute!

Kezkagarria da, benetan, Zientzia eta Teknologian punta-puntako ikerketa-zentroak ditugun herrian gure agintariek zientziarekiko erakutsi duten gutxiespena. Joango da orain Tapia andrea parlamentura gezurra esan zuela aitortzera? Hasieratik salatu genuen Naturkondik oxido kuprosoa erabiltzearen ideia astakeria dela. Batetik, aire bidezko fumigazioak debekatuta daude ingurumenean duten eragin kaltegarriarengatik, eta bestetik, oxido kuprosoa ur-ekosistemetan pozoia bihurtzen den fungizida generikoa da, onddo guztientzat hilgarria. Baldintza horietan Gipuzkoako azaleraren heren batean erabili nahi den tratamendua ezin da diseinatu denbora-tarte horietan, ez behintzat zientziaren izenean.

Beldurgarria da Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek tamainako ingurumen kalteak eragin ditzaketen neurriak erabiltzeko erakutsi duten arduragabekeria. Gutxi batzuen interes ekonomikoak defendatzeko gu guztion eta gure ingurunearen osasuna arriskuan jartzeko prest daude, lotsarik gabe adieraziz gainera.

Pinudien krisiak basogintza-politika aldatzeko aukera paregabea eskaini digu. Sektore hau modernizatu behar da, ingurumen kalteak kontuan hartzera behartuz. Naturaren ustiapena eta kontserbazioa uztartu behar dira, eta horretarako badago jakintza eta modua Gipuzkoan. Basogintzak ez luke egurgintza bakarrik izan behar eta horretarako ezinbestekoa da baso-politika egurraren lobbytik askatzea. Aldundiari eskatzen diogu, berriz, deitu dezala Bioaniztasunaren Mahaia lehenbailehen eta hasi dadila, behingoz, baso-politika berria diseinatzen. Eta alderdi politiko guztiei eskatzen diegu argi eta garbi arbuia dezatela aldundi eta Eusko Jaurlaritzaren erabaki berria eta gure eskakizunak babestu ditzatela.

Gure aldetik orain arte bezala gaiaren jarraipen estua egiten jarraituko dugu herritarrak informatuta egon daitezen. Pinudien krisiarekiko gure iritzia non-nahi emateko prest gaude, herritarrak sentsibilizatzea ere gure eginkizuna baita.

 

Euskal Herrian, 2019ko martxoaren 1ean

Naturkon Gipuzkoa - Naturaren Kontserbazioa Gipuzkoan

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora