Asteroko buletina
Sabel hutsa, zorri toki, sabel betea simaurtegi.

Bizi baratzearen plaza

Naturkon
Gipuzkoako elkarte naturazale eta kontserbazionistek elkar hartuta sortutako kolektiboa. Gizartean zein, batez ere, erakunde publikoetan Naturarekiko begirunea eta ekintza positiboak bultzatzeko asmoz sortua.

Imanol Lasaren kode etikoa

2020-02-13 11:33

Urtarrilaren 8an Gipuzkoako Foru Aldundian elkartu ginen Naturkon, Gipuzkoako natur talde eta talde ekologisten ordezkariak Imanol Lasa, Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Diputatuarekin; Arantza Ariztimuño, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendariarekin; eta Xabier Arruti, Nekazaritza eta Lurralde Orekako Zuzendariarekin. Bilera Naturkonek eskatu zuen, legealdi berriaren hasiera izanda, Diputatuari gure taldea aurkeztu eta bere agintepean dagoen Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaritzarekin elkarlanerako gure nahia eta eskaera luzatzeko.
 
Naturkon elkarteen elkartea da, eta, inora ezer aurkeztu aurretik, proposamenak zein erabakiak adostuta eramaten ditugu. Natur kontserbazioaren defentsan beti, talde guztien ahotsa ordezkatzen dugu, eta, beraz, denon artean adostutako proposamenak eta ekimenak gauzatzen ditugu. Bilera hartara ere, aurreko legealdiaren balorazio partekatua eta ezkorra, gehi elkarlanerako proposamen adostua eraman genituen. Bilera baino hilabete lehenago Imanol Lasari helarazitako txostena gure blogean dago zintzilik ikusi nahi duenarentzat (GFA: Natura kontserbatzeko politikak aldatzeko eskaera izenarekin, https://naturkon.blogspot.com/2020/02/gfa-natura-kontserbatzeko-politikak.html).
 
Oso gogorra izan zen bilera. Aldunditik hitza hartu zuen bakarra Imanol Lasa Diputatua izanik, hasieratik bertatik erakutsi zuen bilerarako proposatutako gaiak eta gure arteko harreman posibleak, saihesteko intentzioa. Behin eta berriro aipatu zigun aurkeztu genuen txostenak Aldundiaren Kode Etikoa ez duela errespetatzen, irainez eta gezurrez beteta dagoela, eta hitzez hitz esan zigun, bilerarekin aurrera jarraitzeak guk aurkeztutako txostena ontzat ematea suposatzen zuela eta hori ezin zuela onartu. Kontuan hartuta txosten hori Naturkonen legealdiaren balorazioa dela, noski, inoren onespena jasotzeko prestatu gabea, zaila zen, eta da, ulertzen Diputatuaren jarrera hori. Esan beharrik ez dago, bilerarekin ezin izan zen aurrera egin, eta gure aldetik eskatu genion, hitzez esandakoak idatziz bidaltzeko txostenari erreferentzia eginez, eta arren azaltzeko zein diren Aldundiarekin harremana izateko irizpideak delako kode etiko horren baitan.
 
Bilera bertan behera gelditu zen. Hilabete pasa da harrezkero, eta ez dugu Diputatuaren berririk jaso. Dena dela, Diputatuari jakinarazi diogu elkarlanerako borondatea daukagula, eta gurekin harremanetan jarraitu nahi izanez gero, prest egongo garela erantzuteko.
 
Naturkonek Gipuzkoako ekologismoaren eta natur kontserbazioaren ikuspegia ordezkatzen du. Gaur egun, landa eremuaren eta, bereziki, babestutako eremuaren kudeaketarekiko gure ikuspegiak ez du bat egiten landa eremuaren ustiapenetik bizi direnekin (egurzaleak, abeltzainak, industria ezberdinetako ordezkariak…), eta bizi-bizi dauden gatazkak ere sortu ditu horrek (pinudien krisia, Aralarko pistak etab.). Egoera hauetan ezinbestekoa zaigu Aldundiari zuzentzea, berea baitu guztiona den ondare naturala eta bioaniztasuna zaintzearen ardura. Baina, umezurtz gaude. Aldundiak, gaur, ez du berea duen ardura hori betetzen eta ez du bide horretan lan egitea eskatzen duen gure ahotsa onartzen. Ematen duenez, ez dute gizartean dugun ordezkaritza balioesten.
 
Guk ez dugu etsiko. Ezin dugu onartu ingurumen kalteak kontuan hartzen ez dituen garapen sozioekonomikorik. Administrazioak bere diskurtsoan hain ozen esaten duen hori gauzatzea da eskatzen duguna, eta horretan arduraz jokatzea. Garapen jasangarriaz, klima aldaketaz, karbono isurien gutxitzeaz, ekonomia zirkularraz eta antzeko kontuez ari zaizkigu etengabe; baina, hitzei esanahia kenduz, gutxi batzuen interesak guztion interesen gainetik egoten jarrai dezaten.
 
Ez dakigu, ez zaigulako esan, zein den Aldundiarekin harremana izateko bete beharreko kode etikoa. Guk ez dugu inor iraindu, ez diogu inori errespetua galdu eta ez dugu gezurrik esaten. Kontuak eskatzen ditugu, hori bai, kudeaketa publikoak zintzoa eta gardena izan behar baitu. Gizalegez eta modu proaktiboan, ezinbestez administrazioarekin lan egiteko intentzioarekin jarraitzen dugu eta hor izango gara deitzen gaituztenontzat.

Donostian, 2020ko otsailaren 12an

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora