Asteroko buletina
Otsaileko euri, urteko ongarri.

Bizi baratzearen plaza

EuskalNatura
Euskalnatura taldea 2007tik dabil naturaren inguruko zientzia albisteen eta euskarazko edukien dibulgazioan. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatearen natur zientzien saila zuzentzen du. Jardun horren baitan, hurrengo ekintza nagusia Natur Zientzien IV. Topaketa (Iruñea, azaroak 7-8) antolatzea da.

Topaketaren kronika!

2019-01-10 21:13
Aurreratu genuen orain bi aste olentzero opariz josirik heldu zela guregana. Honakoak denbora gehiago behar izan du ikusgai izateko, baina dagoeneko esku artean daukagu. Hona topaketaren gainean eginiko kronika, gerturatu zinatenok berriro bizi eta gerturatzeko aukera izan ez zenutenok bertan bizitakoak zer ziren jakiteko aukera izan dezazuen!
Gozatu!!
Aurrerantzean ere elkar ikusiko garelako! Bitartean, segi sinbiosian!
 
EGUNERAKETA: Webgunea online ez dagoela-eta, hemen behean izango duzue kronika irakurgai. Ondo izan!

 

BIZITAKOAREN KRONIKA

Jan-edan gehiegizko egun baten ondoko goizean izaten den ondoezari deritzo biharamuna. Aurreko eguneko gazi-gozoak zerrendatu eta memoria egiteko erabiltzen ditugu aje egunak eta gure memorian ere txertatuta geratzen dira halako egunak. Askotan, gainera, asteburu luzeekin lotuak. Zenbat eta luzeagoa izan parranda, orduan eta luzeago irauten du biharamunak.

​    Bada azaroko asteburu baten biharamuna gainetik ezin kendu gabiltza. Natur Zientzien III. Topaketak zaletu pila bildu zituen eta ajeak uste baino gehiago iraun du antolatzaileongan, dena ondo irten zedin egindako esfortzua handia izan baitzen. Hala ere, eman diogu buelta egoerari, eta asteburuaren kronika egiteko eguna iritsi da, nehork egun horietan bizitakoa ahantz ez dezan.

AZAROAK 17, LARUNBATA

Eguna argitu bezain pronto, urtebeteren buruan eginiko lana gogoan, urduri, Europa Jauregiko atarian elkartu ginen talde antolatzailea. Bezperatik, NZ3T nahi bezala joan zedin, atondu genituen oinarrizko material, ordutegi eta azken uneko zalantzak. Honenbestez, goiz hartan bertan dena martxan jartzea besterik ez genuen izan. Erlojuaren orratzek hala agindu zuten, ordua zen, Europa Jauregiak ateak ireki eta lehen entzuleak iristen hasi ziren; eta konturatzerako, mukuru betea zen NZ3T mamitzeko aukeratutako Gasteiz areto nagusia.

   Kepa Sarasola eta Aitor Salaberriaren harrera-hitzek abiatu zuten, asteburu batez bada ere, euskal naturzaleen sarearen joskintza. Elkarlana ardatz, NZ3T bezalako topaguneen garrantzia, hain zuzen ere, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko horrelako ekitaldien beharra, azpimarratu zuten. Horretarako, herri-mugimendua, administrazioa eta komunitate zientifikoaren komunikazioaren premia adieraziz, sarearen hariak izaki, sinbiosian aritzeko premia. Amaian, eskertzen tartea eta astebururako argibideak emanda, lehen hitzaldi-sortari bidea ireki zitzaion.

Ibai osasuntsuak espezie mehatxatuen bizigarri

Beñat Arroyoren eskutik jaso genuen lehen hitzaldi-sortaren aurkezpen laburra, bertan bildu zituen, azaletik bazen ere, hizlarien ordezkaritza eta esatekoak. Amaia Miner eta Xabier Rubioren txanda izan zen lehenik, biak ala biak herrigintzatik (Ereñotzuko Olak Auzo Elkartea eta Haritzalde Naturzaleen Elkartea) zetozen eta Urumea ibaiaren egoera eta ingurua hobetzeko ekintzen berri eman ziguten. Minerrek, esperientziaren begietatik, bizi-kalitatea hobetzeko gako nagusitzat esleitu zituen boluntariotza iraunkorra eta auzolan puntualak. Rubiok, bere aldetik, sentsibilizazio eta kontzientziazioaren garrantzia azpimarratu zuen; baita antolaturiko lanak ibaiaren arro osora zabaltzea ere, hots, ibaiaren ibilgura soilik ez mugatzea.

​   Herrigintzatik administraziora salto egin eta Aitor Lekuonari zabaldu zitzaion hitz egiteko tartea. Irekibai proiektuaren berri eman zigun Lekuonak, Nafarroa eta Gipuzkoak partekatzen dituzten ibaiak zabaltzea helburu duena. Horretarako, ibai horietan eraikiriko presak, Lekuonak berak ibaien minbizitzat izendatuak, eraisten dituzte. Izan ere, horrelako eraikuntzak ibaien arazo ekologiko nagusienetarikoaren erantzule dira, zatiketarena alegia. Konektibitate ezak habitat eta espezieen kontserbazioan zuzenki eta negatiboki eragiten zuela adierazi zuen Lekuonak. Bestalde, Irekibai proiektuaren ekintza orok, bai hasieran eta bai amaieran, ikerketa-bide berriak ireki zituela azaldu zuen; tartean, muturluzea bezalako animalien jarraipena.

​   Gasteiz aretoan ginen askok ezer gutxi genekien muturluzeaz, eta Amaiur Esnaola bere hitzaldi-tarteaz baliatu zen animalia bitxi hau ezagutarazteko, muturluzea edo ur-satorraren atzerakada tarteko, galzorian baitago Euskal Herrian. Erreka osasuntsuak bizitoki dituen animalia intsektujale honen presentzia errekaren kalitateak erabat baldintzatzen duela adierazi zuen Esnaolak. Hasiera batean, erreken kalitatea bazka-eskuragarritasunarekin, eta honenbestez muturluzearen presentziarekin, hertsiki lotua zihoala bazirudien ere, Esnaolaren emaitzek ez zioten horrelakorik. Izan ere, muturluzeak ur-lasterrak ditu gogoko, eta ekologia espaziala eta dietaren eskuragarritasunaren arteko harremana aztertzean, honakoen erlazioa ez zen esangarria izan. Informazio falta animalia honen konplexutasuna ulertzeko oztopo nagusietako bat dela esan zuen Esnaolak. Hori gutxi ez, eta ikertzeko asko badago ere, kudeaketa egoki baten beharra aldarrikatu zuen muturluzearen presentzia mantendu nahi bada.

​   Esnaolaren ondoren, lehen hitzaldi-sortan parte hartu zuten hizlariak bildu ziren oholtza gainean entzuleen galderak erantzuteko asmoz. Behin zalantzak argituta, kafe eta goxokien laguntzaz, etenaldia egin zen; orduantxe izanik lehenengoz ikusgai NZ3Tra aurkeztu ziren poster edo horma-irudi guztiak.

Kobazuloak: kultur eta natur ondarea giltzapean

Esatekoak esateko, jaki eta edariak tarteko, atsedenaldirako tenorea motz gelditu zitzaigun. Gasteiz aretora bueltan, kobazuloen inguruko hitzaldi-sortak hartu zuen oholtza. Uxue Sarriegiren hitzek hasiera eman zioten larunbat goiz hartako bigarren ekitaldiari, antolatzaileak hiru hizlarien aurkezpenak egin bezain pronto ekin zioten lanari. Arantza Aranburu izan zen lehena, karstaz eta kobazuloen sorreraz mintzatu zen. Azido karbonikoan aberatsa den urak gauzaturiko higadura da bata, eta bestea higadurak taxutzen duen sedimentuen tranpalekua, hala argitu zuen Aranburuk. Kobazuloen barrunbeetan pilatu, eraldatu eta galtzen da informazioa. Honenbestez, sedimentuekin begirunez jarduteko eskatu zigun Aranburuk, berauek izaki klima bezalako gertaera askoren kutxa beltzak.

​   Kobazuloen alderdi geologikotik haratago, Alvaro Arrizabalaga ondare arkeologikoaz elekatu zen Aranbururen ostean. Iraganean, gizataldeek bizileku erabiltzen zituzten kobazuloak, egitura horien barrunbeetan ditugu gizaki eta berauek ehizaturiko animalien aztarnak. Haatik, etengabeko higadura dela-eta, kobazuloetan kontserbaturikoa geroz eta murritzagoa dela argitu zigun Arrizabalagak. Ura higatzaile natural nagusia bada ere, azpiegitura publikoen eraikuntzari zor zaio asaldura ekintza handiena. Arrizabalagak aditzera eman zuenez, sarri, kobazuloak erabili ohi dira turismo eta atsedenaldirako, ondare arkeologikoan praktika horiek duten eragina aintzakotzat hartu gabe.

   Atzeskuan, espeleologia kirol ekintzaz mintzatu zen Amaia Castellano, hala, bigarren hitzaldi-sorta biribiltzen. Kobazuloak aztertzea eta ikertzea helburu duen talde kirola dela azaldu zuen Castellanok. Egonkortasuna, iluntasuna, hezetasun altua eta tenperatura konstantea bezalako ezaugarriak barne hartzen dituzte kobazuloek, bereizgarritasun horiek tarteko, oso egitura erakargarritzat izendatu zituen. Aitzitik, Castellanok argitu zuen kobazuloen itxiturek muga fisiko garrantzitsua ezartzen dutela, eta egitura berezi honenganako sarrera ezaren atzean interesak daudela, izan zientifikoak, ekonomikoak edo politikoak.  Itxituraren ezarpena epe labur batean ulertu daitekeen babes-neurria dela aldarrikatu zuen Castellanok; baina luzera, kobazuloaren pribatizazioa soilik lortzen dela esan zuen, izan ere, behin giltzapean, kobazuloak ez dute jarraitasunezko inolako kudeaketarik izaten.

​  Castellanoren txandaren ondoren, lehendabiziko hitzaldi-sortan bezalaxe, hiru hizlariek entzuleen galderak erantzuteko hartu zuten oholtza. Zalantzak argitzeko tartea amaitu eta jarraian, tripa-zorriak asetzeko bazkari eder bat izan genuen. Horma-irudiak begi-bistan, goiz hartan ikasitakoa buruan eta mokadutxoak esku eta ahoan, ideiak partekatzeko eta elkar ezagutzeko aukera paregabea.

 

Lehen sektorearen erronkak

Bazkalostean eztabaida-saioei eman zitzaien hasiera. Hiru taldetan banatu ziren entzuleak eta bakoitzak lehen sektoreko esparru bat izan zuen mintzagai. Hala, arrantzaren, basogintzaren eta nekazaritzaren inguruko gaiak jorratu zituzten hiru lan-taldeek.

​   Ordu eta erdi baten buruan, denok, aditu eta entzule, bildu ginen berriz ere Gasteiz aretoan. Bertan, adituen eskutik talde bakoitzak landu zituen gaiak aurkeztu zituzten. Unai Aldalurrek gaur egungo arrantzaren egoera azaldu zigun, itsasontzi eta arrantzaleen kopuruaren jaitsiera nabarmena eta geroz eta arrantza eredu intentsibo baten praktika besteak beste. Aldaketa baten beharra aldarrikatu zuen Aldalurrek, eredu sostengarri batean lan egin ahal izateko balio erantsi bat ezartzea gakoa izan daitekeela azpimarratuz; esaterako, akuikultura eta turismoa bezalako jarduerak akuilu erabiliz.

​   Itsasotik lehorrera, Igor Etxanizek hartu zuen hitza. Basogintzaz mintzatu zen, Artea herriko esperientziaz zehazki. Etorkizunera begira, gaur egungo lurrak zaindu behar ditugula esan zigun Etxanizek, horiek baitira geroko basoak. Horretarako, kontserbazioa eta kudeaketaren arteko harremana indartsua izatea garrantzitsua dela azaldu zuen. Izan ere, Etxanizek zehaztu zuen paisaiari erreparatu besterik ez dagoela, azalekoa dela soluzio garbirik eza, Pinua eta Eukaliptoaren artean baikaude.

​   Nekazaritzaren esparruaz Andoni Iparragirre eta Aitzol Iturbe elekatu ziren. Iraultza Berdea ardatz, bigarren baten edota horren jarraipena iragarri zuten: Iraultza Bioteknologikoa. Bestalde, Agroekologiaz hitz egin zuten, honakoa nekazaritza ekologikotik haratago doan prozesua izanik. Ekoizpen-dimentsiotik at, ingurunearen zaintzan oinarritzen dela argitu zuten Iparragirre eta Iturbek. Euskal Herriko egoerari dagokionez, iparraldea eta hegoaldea bereizi zituzten. Lehenengoan, agroekologiarazko joera begi-bistakoa dela adieraziz. Bigarrengoan aldiz, intsumoen sarrera eta makina handien erabilera erraztea dela-eta, ekoizpenari soilik erreparatzeko joera handiagoa dagoela esan zuten.

​   Eztabaida-saioetan landutakoa azaldu ostean, galderak egiteko tartea eskaini zen.

Poster-saioa

NZ3Tren lehen eguna amaitzeko falta zen azken saioan, asteburu osoan ikusgai zeuden horma-irudi edo posterren aurkezpenak burutu ziren. Egile bakoitzari bost bat minutuko tartea eman zitzaion posterraren xehetasunetan gehiago sakontzeko. Guztiz aberasgarria izan zen jarduera, Euskal Herrian zein atzerrian egindako lanak ezagutarazteko unea izan baitzen. Aurkezpen ororen ostean edozein galdera egiteko aukera ere eman zen.

​   Behin horma-irudi guztiak aurkeztu eta zalantzak argituta, konturatzerako bukatu ziren larunbat horretarako antolaturiko saio guztiak. Ondorioz, Gasteiz aretoan bildu ginen azken kontutxoak esan, eskerrak eman eta bihar arte agurtzeko.

 

AZAROAK 18, IGANDEA

Goizeko 8:00etan bildu ginen antolatzaileok, erabili beharreko mikrofono, ordenagailu, pantaila eta traste guztiak ondo zebiltzala ziurtatu eta eguneko aurkezpen guztiak behar bezala ikusiko zirela bermatzeko. Horrez gain, 8:30etatik aurrera di-da batean hasi ziren iristen postergile eta hizlariak. Azken horiek, betiko legez, azken momentuko aldaketekin ekarri zizkiguten aurkezpenak kar kar kar. Ez zen asko itxaron behar izan jendea ere iristen hasteko, eta musika lasaiak lagundurik aurreko egunean ezagututakoak agurtzeko aprobetxatu zen hitzaldiak hasi bitarteko denbora.​

 

Ingurumen-hezkuntza

Garaiz samar ekin genion lehen hitzaldi-saioari. Ana Garciak, Maialen Sistiagarekin batera ingurumen-hezkuntzako hitzaldi-saioa antolatzeko arduradunak, hartu zuen mikrofonoa eta modulu horretako hizlariek zenbait galdera egin ahal izan zizkieten entzuleei kahoot.it plataformarekin. Jendea zirikatu eta aretoko gaiarekiko ezagutza neurtu ondoren, Joserra Diezen txanda izan zen.

   Joserra Diez ingurumen-hezkuntzako “zientziaz” mintzatu zen. Haren esanetan, ingurumenaz heziketan ibili ostean ebaluaketak egitea garrantzitsua da, ez bakarrik heziketa jaso eta segituan, baita heziketa horretatik denbora tarte ertain (6 hilabete) eta luzera (urtebete) ere. Hala, ebaluaketek emandako erantzunak plazaratu zituen eta harritzeko ondorio izan zen ingurumen-hezkuntza aplikatzen den urte-tartea horretarako desegokiena izaten ei dela. Gainera, jasotako informazioak klaseetako teoriarekin harremana badu, eragina esanguratsuagoa dela azpimarratu zuen.

   Iñaki Sanzek hitz egin zuen jarraian. Irakasle aritutako urteetan ikasleekin egindako proiektuak eta horien ezaugarriak azaldu zituen. Inguruneko bioaniztasunaz ohartzeko balio izan zutela esan zuen, ez soilik ikasleen artean, baita familia edo herritarren kasuan ere. Ondorio positibo horien harira, proiektuek herritarrengan ‘bizirik’ dirautela zioen. Galderen txandan, honakoa erantzuteko eskatu zioten: “Izan al daitezke zure proiektuak beste eskoletan baliagarri?”. Hala erantzun zion Iñakik: “Proiektuen zailtasun handiena ideia burura etorri eta lehendabizikoz nola egin daitekeen pentsatzea izaten da. Behin hau izanik, aurrera eraman eta ondorioak baino ezin ditugu ikusi. Ondorioak positiboak badira, proiektua argitaratzea litzateke onena, baina, tamalez, nik ez dut hau egiteko nahikoa denborarik. Azkenean argitalpena egingo balitz, bertan proiektuaren handi-handiak zerrendatzea da gakoa, eskolek bete beharreko baldintzak zein diren ere esanaz. Baina printzipioz, bai, posible izango litzateke nik eginiko proiektuak beste eskoletan ere aplikatzea”. Berebiziko garrantzia eman zieten bai Iñakik eta bai Joserrak ikasleak ikertzera bideratzea eta euren kabuz ondorioetara iristea izatea proiektuan zehar ipar. Bestalde, argi geratu zen gertuko arazoetatik abiatzeko premia eta eskolako bertako eremu baten bilakaera aztertzeak jarraipena errazago bihurtzen duela ikasleen interesean akuilu izanez.

​   Edurne Huesak hitz egin zuen ondoren InguruGela eta Agenda21 egitasmoak aurkezteko. InguruGela EAEko Ingurumen hezkuntza zerbitzua da, unibertsitatez kanpoko hezkuntza sisteman hezkuntza planen eta programen koordinatzailea. Bere ildoak dira ikerketa eta esperimentazioa, irakasleen prestakuntza eta sentsibilazioa eta motibazioa. InguruGelarekin jarraituz, parte hartzen duten proiektuak aurkeztu zituen, eta nagusi da horien artean Agenda21. Hezkuntza programa horrek eskolak gero eta jasangarriagoak bihurtzea du helburu. Horrez gain, AZTERTU programa eta IHITZA aldizkaria ere aurkeztu zituen. Esaldi aipagarri bat ere utzi zigun Edurnek, ‘Educatio ambientalis. Invitación a la educación ecosocial en el Antropoceno’ (Jose Manuel Gutierrez Bastida) liburutik ateratakoa berau: “Ingurumen hezkuntzak ez du mundua aldatuko, mundua eraldatuko duten pertsonak baizik”.​

   Ostean, hiru hizlariak batera igo ziren oholtzara hiruei galderak egiteko tartea zabaldu zen. Solasaldi txiki bat eta gero, hamaiketakoa jatera jaitsi ginen guztiak, hitzaldi-sortak eman zituenak albokoekin berba egiteko.

Ehizeko mahai-ingurua

Ingurumen hezkuntzako ideien oihartzuna burutik kendu gabe bueltatu ginen Gasteiz Aretora, ehizaz mintzatuko zen mahai-inguruari koxk egiteko irrikitan. Mikel Olano, Idoia Lekue eta Urtzi Goiti izan ziren eztabaidako protagonistak, Mikel Etxeberria, berriz, moderatzailea. Hala, Mikel Olanok administrazioaren ikuspuntua eman zuen bertan eta ehiztariak eskas direla nabarmendu administrazioek eskatzen dizkieten lanetara iristeko. Idoiak, Animalien Tratu Etikoa Ematearen Aldeko elkarteko kide izanik, ehizaren etika zalantzan jarri zuen. Urtzik, aldiz, zientziaren ikuspuntua jarri zuen mahaiaren gainean eta ehizaren beharra populazio eta ekosistemen erregulaziorako azpimarratu zuen. Horrela, kudeaketa egokia eta lehentasunak ezartzea derrigorrezko ikusi ziren mahai-inguruan. Dena den, behin eta berriz aipatu zen arazo guztien irtenbidea eduki ez arren, momentu honetan bitarteko garrantzitsua dela ingurunearen kudeaketarako eta ezin dela egun batetik bestera erabat alboratu.

 

Amaiera ekitaldia

Galdera-erantzunetan denbora gehiago arituko ginatekeen arren, egitarauak aginduta mahai ingurua itxi eta amaiera ekitaldira pasa ginen. Aurreko eguneko poster-saioko saridunei merezitako saria ematea izan zen tarte horretako egiteko nagusia:

  • Elhuyar sariaren irabazleak Unai Baroja, Inazio Garin, Urtzi Goiti eta Joxerra Aihartza izan ziren "Bakar bat askoren ehizan” izeneko posterrarekin. Honekin batera, lan-talde berdineko Inazio Garin, Unai Baroja, Nerea Vallejo, Miren Aldasoro, Urtzi Goiti eta Joxerra Aihartzak aurkezturiko  "Asko bakar baten ehizan” posterra ere aipatu zen. Unai Barojak jaso zuen diploma eta Elhuyar aldizkariaren urtebeteko harpidetzaz gain, bertan posterraren argitalpena egitea izan zituen sari.

  • EuskalNatura sariaren irabazleak Izaskun Oraa eta Daniel Zuazagoitia izan ziren, “Haur hezkuntza baso-eskoletan” izeneko posterrarekin. Izaskun Oraa izan zen saria jaso zuena eta UEUko ikastaro batera edota EuskalNaturak apirilean antolatzen duten trabesiara doan joateko aukera irabazi zuten.

​Sarien banaketaren ostean, topaketa guztian zehar sinbiosian aritzeko egindako apustua goraipatu zen, hizlarien aniztasunetik elkarlana bultzatzeko egindako apustua. Balorazio azkar baten ondoren, topaketaren atal ofizialari amaiera eman eta talde argazkia atera genuen Europa jauregiaren atarian. Batzuek arratsaldeko aukerako planera ez zihoazenez, hortxe hasi ziren bertaratutakoen arteko agur guztiak.

 

Salburuko estra

Topaketan jarraitutakoak autobusera igo eta Salburura joan ginen bertan bazkaldu eta ibilalditxo egiteko. Ibilaldian zehar, Iñaki Sanz, Iñaki Galdos eta Joserra Diezek hartu zuten hitza bakoitzak babesguneko toki batean.

​   Iñaki Sanzek, Plaiaundin eginiko proiektuaz hitz egin zuen, nola Plaiaundiko hezegunean bertan anfibioentzako putzuak egin zituzten ikasleen eta Ion Garinen laguntzarekin, batez ere apo lasterkariaren (Epidaea calamita) bertako populazioa mantentzeko intentzioarekin.

   Iñaki Galdosek Arabako bisoi europarraren (Mustela lutreola) egoeraz hitz egin zuen. Badirudi bisoi europarraren populazioa mantentzen ari dela Araban eta bisoi amerikarrarena jaistea lortu dela. Honetarako, tranpak erabiltzen dituzte, oso selektiboak baitira. Gainera, tranpa aurretiaz inguruan bisioi baten lorratzak ikusita baino ez dituzte kargatzen, efizientzia handiago eginez honela.

​   Joserra Diezek, amaitzeko, ingurumen-hezkuntza aplikatu ostean ebaluaketak zein garrantzitsu diren azaldu zuen berriro, Salburuko interpretazio zentroko kasua adibide hartuz.

​   Hauexek, baina, ez ziren izan ibilaldiko sorpresa bakarrak. Antzarak ikusi ahal izan genituen geure gainetik hegan Iñaki Sanzen hitzaldi erdian, horren karakteristikoa duten ‘V’ formazioan. Halaber, zikoina eta ubarroi taldeak ikusi genituen hegan. Gainera, behatoki batetatik gertu bi orein ar ikusi genituen lasai-lasai bazkatzen.

​   Irteeraren ondoren behin betiko amaitutzat jo zen topaketa. Partaideak agurtu eta bakoitzak bere etxerako bideari ekin genion. Asteburu luzea genuen bizkarrean eta inortxok ez zion loaldi goxo eta luze bati ezetzik esango.

​   Guztiz bete gintuen asteburuak antolatzaileok, ohiko gazi-gozoak gorabehera. Espero dugu parte hartu zenuten guztiok ere asteburu zoragarri bat pasa izana.

​Hurrengo batean ikusiko dugu elkar, ordura arte, segi sinbiosian!

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora