Edozein belar pila ez da meta

Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Euskalnatura taldea 2007tik dabil naturaren inguruko zientzia albisteen eta euskarazko edukien dibulgazioan. Horrez gain, Udako Euskal Unibertsitatearen natur zientzien saila zuzentzen du. Jardun horren baitan, hurrengo ekintza nagusia Natur Zientzien III. Topaketa (Gasteiz, azaroak 18-19) antolatzea da.
2018-09-05 19:05
Ikasturte berriarekin batera datoz Natur Zientzien III. Topaketaren inguruko berriak. Hasteko, udara hasieran bideo honetan argi utzi ez genuenez, jakin Gasteizko Europa Jauregian bilduko garela, azaroaren 17an eta 18an, Euskal Herriko natur zientzien inguruko aditu, kudeatzaile edo zaletuen sarea.
Hirugarren topaketa honek badu nobedaderik aurrekoekin alderatuta. Nahiz eta beti egon izan den hizlari sorta anitza aurkezteko borondatea, kasu honetan indartu egin dugu apustu hori eta zientzialariak, kudeatzaileak eta herrigintzako eragileak sinbiosian jarriko ditugu Gasteizen. Apustu horren erakusle da jorratu beharreko gai bakoitza hiru ertz, eta ondorioz hizlari, horietatik landuko dugula. Baina, oraindik ez al dakizue zein diren gai horiek?
Moduluen atalean, hiru hitzaldi sorta zein baino zein interesgarriagoak prestatu ditugu. Hasteko, espezie mehatxatuen gaiaren inguruan arituko gara, kontuan hartuz zein eragin daukan horretan ibaien osasunak. Horrez gain, kobazuloen gaia lehen lerrora ekartzen saiatuko gara, eta balantzan jarri ondarea babesteko neurriek zein onura eta albo kalte dauzkaten. Hitzaldiekin amaitzeko, ingurumen hezkuntzaren munduko hizlariek horren garrantziaren eta jendearen sentsibilizazioa lortzeko proiektuen berri emango digute.
Hala ere, guztia ez da hitzaldi formatuan landuko. Lehen sektorearen erronken inguruan gogoetatzeko hiru eztabaida saio prestatu ditugu. Horietan jorratuko ditugu arrantzaleen egoera, nekazaritza ereduak edo-eta basogintza aurrera eramateko moduak. Hiru eztabaidak aldi berean izango direnez, gai bakarra aukeratu beharko da, beraz, hasi pentsatzen zein aukeratu!
Horrez gain, gai potoloagoa izaki, mahaingurua antolatu dugu ehizaren inguruan eztabaidatzeko. Horretarako, ehizaren aldeko zein aurkako herrigintzako eragileak gonbidatu ditugu, baita ehiztari eta ekologoak ere. Beraz, saiatuko gara giro atseginean ehizaren inplikazio guztien inguruan solasten.
Bukatzeko, topaketaren amaierarako utziko ez dugun arren, edonori zabaldutako atala mantendu dugu: poster saioa. Bertan aurkeztu ahal izango ditu edonork naturaren inguruko proiektu edo ekintzak.
Irailaren 15ean irekiko da NZ3Tko izen ematea. Zoritxarrez, ordura arte itxaron beharko duzue egitarau osoaren xehetasunak ezagutzeko. Bitartean, pozik bizi!
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.