Asteroko buletina
Agoril erdiko euri, kalte gaitza hurreri.

Bizi baratzearen plaza

Errigora
Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara bultzatu asmo dituen herri ekimena. Auzolana, euskara, kontsumo arduratsua, herrigintza... Erribera, Errigora, Herrigara.

#ZubiBatSukaldera Nafarroa hegoaldeko olioa eta kontserbak ekartzeko

2018-03-06 00:49

Gaurtik hasi eta martxoaren 20ra arte iraungo du aurtengo Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainak. Lelo berriarekin dator: Zubi bat sukaldera, baina kanpainaren plantemendua betikoa izango da: oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eskatu ahal izango dira euskaraz etiketatuta eta, auzolanari esker, ekoizlearen jatorrizko prezioan.

Produktuei buruzko informazioa eta eskaerak

Sukaldean batzen gara. Sukaldean prestatzen dugu janaria; sukaldean egiten ditugu otorduak; sukaldean aritzen gara solasean. Sukaldeko mahaiaren inguruan konpartitzen ditugu kontu txikiak eta ospatzen ditugu egun handiak. Sukaldea da etxeko erdigunea. Sukaldea da familiaren sorlekua. Sukaldea da jendartearen lehen ataria.

#ESKUTIKeskura sukaldearen eremu partikularra gainditzeko proposamena da. Sukaldera zubi bat sartzeko formula bat, eta sukaldetik zubi bat irtetekoa. Norbere sukaldea gainerakoekin lotzeko bidea. Errigoraren inguruan sortu dugun komunitatearekin bat egiteko era.

kartela

Zubi bat sukaldera, Errigoraren komunitatearekin bat egiteko

Zubi bat sukaldera, desberdinak izanagatik, gure berdinak diren milaka familia gure mahaira ekartzeko. Zubi bat sukaldetik Lodosako pikillo piper soroak usaintzeko eta Cascanteko olio-errotako langileei eskutik heltzeko. Zubi bat sukaldera, herriz herri auzolanean ari garen boluntarioei baso bat ur eskaintzeko.

Zubi bat sukaldera, zubiaren beste aldekoekin batera amesteko.

Elikagaiak milaka kilometrora dauzkagun lurretatik ekarri ordez, bertokoaren aldeko apustua egiten duen Euskal Herria amesteko. Gure elikadura beharrei erantzuteko gai den herria amesteko. Merkatuaren logika eroari ihes egin eta ingurumena errespetatzen duen nekazaritza-ekoizpen eta banaketa-eredua amesteko. Nafarroa hegoaldearen berreuskalduntzearekin amesteko.

Zubi bat sukaldera ohitura sanoak sartzeko

Arduraz kontsumitzeko: bertakoa, kalitatezkoa eta osasuntsua. Arduraz ekoizteko: bertako lehengaiekin, langileak errespetatuz eta ingurumena zainduz. Arduraz elkartrukatzeko: auzolanean, euskaraz eta alde bientzako bidezko prezioan.

Zubi bat sukaldera bizipoza ekartzeko

Auzolanari gure atea zabaltzeko eta auzolankideei aulki bana ateratzeko, irribarreak gure ezpainetarainoko bidea egin dezan. Sukaldeko pantailako pixelezkoen ordez, haragizko pertsonekin harremana egiteko.

Zubi bat Nafarroa hegoaldeko produktuak gure sukaldera heltzeko

Oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak, ekologiko zein ez ekologikoak, euskaraz etiketatuta eta ekoizlearen jatorrizko prezioan hel daitezen, gainera. Despentsa urte guztirako betetzeko intentzioz. Keinu txiki batekin komunitate handi eta askotariko baten parte sentitzeko zirraraz.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora