Asteroko buletina
Perrexila daietzen badizute, txolintzat hartzen zaituzte.

Bizi baratzearen plaza

Errigora
Nafarroa hegoaldean nekazaritza-ekoizpena eta euskara bultzatu asmo dituen herri ekimena. Auzolana, euskara, kontsumo arduratsua, herrigintza... Erribera, Errigora, Herrigara.

5. urteurreneko udazkeneko kanpaina abiatu du Errigorak

2018-10-24 13:18

Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren bidez 800.000€ bideratu dira dagoeneko zonalde zigortuko ikastolak eta AEK indartzera eta, Sortzen elkartearen bidez, sare publikoan D ereduko taldeen sorrera sustatzera. Hala ere, oraindik Nafarroa hegoaldean euskarak dituen erronkak oso handiak dira eta inoiz baino garrantzitsuagoa da urriaren 25etik azaroaren 14ra saskiak eskatu eta denon artean putz egitea gure hizkuntzak hegan egin dezan.

Urriaren 25etik azaroaren 14ra izango da 2018ko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina eta Nafarroako parlamentuko erabilera anitzeko aretoan egin dugu gaur haren aurkezpena, Errigoraren komunitatea osatzen duten ekoizleak, herrietako sareko boluntarioak, kontsumitzaile arduradunak, euskalgintzako eragileak eta bidelagunak bilduta. Ekimenaren izenean Ibai Sueskun eta Iker Ajuriagerra aritu dira eta Argiñe Korta, Aitziber Lizeaga eta Alizia Iribarren, hurrenez hurren, zonaldeko ikastolen, Sortzen elkartearen eta AEKren izenean, urte hauetan euskarari bideratutako 800.000 euroen hartzaile diren aldetik.

 
Ikastolentzako arnasa baino gehiago

Ezbairik gabe, Nafarroa hegoaldeko ikastolentzat ekarpen garrantzitsua izan da urteotakoa. Egoera ekonomiko zailean dira eta Argiñe Kortak adierazi duenez, arnasa lasaiago hartzeko balio izan die orain arte jasotakoak. Hutsuneak bete eta konponketak egiteko erabili dute dirua, baina hortik harago, erronka berriei heltzeko beharrezko hainbat inbertsiori aurre egiteko aukera ere eman die. Gelak hornitzeko materiala erosteko, IKTetan inbertitzeko, azpiegiturak egokitzeko, berogailu sistemak hobetzeko, ingogailua egiteko…  Zerrenda oso luzea da eta zaila da laburtzea.

 
Sortzenek D ereduko taldeen sorrera sustatu du

Sortzenek, berriz, sare publikoan D ereduko taldeak sustatzeko erabili du jaso duen diru partida azken urteetan. 2015era arte euskaraz bizi eta ikasteko eskubidearen aldeko dinamikak hauspotzera bideratzen zuen ekarpena, baina, urte hartako otsailetik, zonalde zigortuan haurrak D ereduan matrikulatzeko aukera zabaldu zen eta, beraz, D ereduaren aldeko dinamikak eta kanpainak garatzeari ekin zioten. Hiru ikasturteotan 9 herritan martxan sortu dira D ereduko lerroak, eta honetan izan du eraginik Sortzen elkarteaek egindako ahaleginak.

 
AEKren beka-sistema

AEKk diru-ekarpenaren parte handi bat ikasleei matrikula arintzeko beka-sistema martxan jartzera bideratu da. Ikasturteko eskolen %75etik gora jaso duten ikasleei gutxienez matrikularen erdia (%50etik %65era, urtearen arabera) ordaindu zaie era honetan. Alizia Iribarrenek adierazi duenez, beka hauek, ikasleen poltsikoetan ez ezik, Erriberako AEKren matrikulazioan nabarmen antzeman dira: 2013-14 ikasturtetik 16-17ra %70 hazi zen matrikulazioa Goi eta Behe Erriberan.

 
Euskaraldia

Ate joka dugun Euskaraldiaren terminoak erabiliz, urteotan Errigora egiten dugun guztion ahaleginari esker Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratutako diru-ekarpenak ahobizi eta belarriprestak sortzeko ahaleginera bideratu da. Eta, hain zuzen ere, aurtengo kanpainan leku berezia izango du Euskaraldiak, une honetan euskalgintzak duen egitasmo nagusia den heinean. Aurkezpenean jakinarazi dugun bezala, ahalegin berezia egingo dugu Errigoraren kanpainak Euskaraldia elika dezan.

 
23 ekoizle eta bi saski

Aurtengo kanpainri berari dagokionez, azkenengotean egin den bezala, saski bi izango dira aukeran: beltza (Errigoraren saski klasikoa) edo zuria (berritasunak eta produktu bereziagoak jasotzen dituena). Saski bakoitza 50€ren truke eskuratu daiteke eta, auzolanari esker, %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. Iker Ajuriagerrak esan duenez, oraindik bertako euskalgintzaren erronkak oso handiak baitira eta, 5 urtetako ibilbidearen ondoren, “inoiz baino garrantzitsuagoa da denon artean putz egitea euskarak hegan egin dezan”.

Aurtengoan bertako 23 ekoizlek eskainiko dituzte haien produktuak. 23 kontserba-etxe eta olio-errotaren atzetik dozenaka langile eta ehunka nekazariz osatutako familia dagoela gogorarazi da aurkezpenean.

Informazio praktikoari dagokionez, eskaerak tokian toki eskuorriak betez ala, modu errazean, online egin daitezke, Errigoraren web gunean (www.errigora.eus). 200 herri baino gehiagotan egongo da eskatzeko aukera, eta hauetako gehienetan hainbat banaketa-guneren artean aukeratu ahal izango da. Eskaera egiterakoan gune horietatik bat aukeratuko dugu, eta orduantxe jakinaraziko zaigu noiz pasa beharko dugun jasotzera.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora