Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2021-12-21 07:39

Nekazal sektoreak bizi duen egoera larriaren aurrean nekazal elkarte guztiek bat egin dugu Elikagai Katearen Legearen berehalako aplikazioa eskatuz eta mobilizazio bateratuen egutegia plazaratu dugu.

Behean sinatzen dugun nekazal elkarteok, agerraldi publikoa egiten dugu lehen sektoreko profesionalok bizi dugun egoera larriaren berri emateko, bereziki, abeltzain azpisektoreak, eta onartu berri den Elikagai Katearen legearen erreforma berehala aplika dezaten eskatzen diegu, batetik, Madrilgo Gobernuari eta bestetik, EAEko eta Nafarroako gobernuei.

Ekoizpen kostuen neurri gabeko igoera geldiezina (%30ren ingurukoa) ekoizleak itotzera iritsi da, hauek ez baitira gai katearen hurrengo katebegiari beren kostuak eransteko eta egoera horren isla da baserritarrak inputak ezin ordainduta dabiltzala, likidezia lortzeko azienda saldu beharra dutela askok, besteak baserriko aseguruak kentzen... Kasu guztietan, agerikoa da baserritarrak lanean arituta ere galerak dituela. Adibide argiena esne sektorea genuke, azken hilabeteotan, ekoizpen kostua litroko 0,005 euroan igo den arren, litroko kostua 0,40 eta 0,42 euroan dago eta abeltzainek litroko 0,35-0,37 bitartean jasotzen dute. Bestalde, Nekazaritzako Ministeritzaren Katearen behatokiak egindako azterketaren arabera, abeltzainek dituzten ekoizpen kostuak estali eta Elikagai Katearen Legea betez gero, azken kontsumitzailearentzako ezarri beharreko salneurria litroko 0,70 eurokoa beharko luke izan.

Hori dela eta, Gasteiz eta Iruñeako gobernuetatik emandako laguntza zuzenak oinarrizko neurrien bidez osatu beharko lirateke, Elikagai Katea gardenagoa, justuagoa eta orekatuagoa egiteko neurriak hartzea behar beharrezkoa baita. Elikagai Kateak, gure ustez, nekazal produktuentzako balio gehigarria sortu behar du, balio hori ahalik eta modurik bidezkoenean eta orekatuenean bana dadin katebegi guztien artean. Egungo Elikagai Katea, milaka ekoizle, ehundaka elikagai enpresa eta hamarnaka distribuzio katez osatua dago, eta hasieratik oinarria desorekatua da, eta ez hori bakarrik, bidegabekeriez haratago, oso ohikoak dira katebegi indartsuenen aldetik, distribuzioarengandik bereziki, botere gehiegikeria kasuak.

Onartu berri den Elikagai Katearen Legearen erreformak jasotzen duen potentziala aitortu arren, ekoizleen aldetik, legearen berehalako aplikazioa eskatzen dugu eta horretarako, Nekazaritzako Ministeritzak, Gasteiz eta Iruñeako gobernuekin batera, Legea garatu dezatela aldarrikatzen dugu, prezioen behatokiak abian jarriz eta ahalik eta gertuen eta gure ekoizpen sistemetara egokitutako azterketak egin ditzatela, erreferentzia hauek elikagai kontratu guztietan eta kooperatibetako salerosketetan kontuan har daitezen.

Bide batez, Ministeritzari eskatzen diogu jar ditzala abian industria eta distribuzioarentzako berezko ikuskaritzak, bizkortu ditzala isun prozedurak, eguneratu ditzala katearen azterketak eta bestalde, AICA bitartez, helburu bereko autonomietako erakundeekin batera, egin dezala, ofizioz, katebegi ezberdinen artean eman ohi diren galerako salmentak eta ekoizpen kostuak estaltzen ez dituzten kontratuen aurka.

Bestalde, nekazal elkarteok bai industriari bai distribuzioari Legea bete dezatela eskatzen diegu. Beren negozio helburuek, beti epe laburrekoak, ekoizpen sektorea suntsitzen ari dira eta ondorioz, bai beraien eta baita herritarren hornidura ere arriskuan jar dezakete. Jokabide hau, guztiz arbuiagarria da eta honenbestez, gure mobilizazioen jomugan jartzen ditu.

Elikagai katea gardena, justua eta orekatua baldin bada, jasangarriagoa izango da jendarte osoarentzat, baina bereziki kontsumitzaileentzat.

Azkenik, behean sinatzen dugun elkarteok, modu bateratuan eta datozen asteetarako, EAE eta NFE zehar antolatutako mobilizazioen egutegia plazaratzen dugu:

 

 

  • Nafarroa. Abenduak 28, asteartea, merkatalgune baten aurrean.

  • Araba. Abenduak 29, asteazkena, erakunde baten aurrean.

  • Gipuzkoa. Abenduak 30, osteguna, merkatalgune baten aurrean.

  • Bizkaia. Urtarrilak 18, asteartea, merkatalgune baten aurrean.

 

Datozen egunetan, ekitaldi bakoitzaren deialdia kaleratuko dugu, ekimen bakoitzaren xehetasun guztiak azalduz.

 

 

Araba (UAGA), Bizkaia (EHNE-EHNE), Gipuzkoa (EHNE-ENBA), Nafarroa (UAGN-EHNE)

2021-12-21

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Baserritar elkartea