Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Baserritar elkartea
2021-08-23 15:17

Baserritarrek egindako ESNE MARTXAN sektorearen eta produktuaren duintasuna aldarrikatu dute, esne katean guztiz erabakiorra den distribuzioaren aurrean

Sindikatuon ustez, 0,70 eurotan legoke esnearen gutxieneko salneurria

 

Gaur goizean, Abuztuak 25, dozenaka ibilgailuk, hogei traktore aurretik eta kotxe ugari atzetik, hartu dute parte ENBA eta EHNE sindikatuok deitutako ESNE MARTXAn. Usurbilgo URBIL merkatalgunetik abiatu gara eta Hernaniko herrian dauden hainbat denden aurretik ibilbidea egin ostean, Galarretako gunean amaitu dugu.

ESNE MARTXAren amaieran, baserritar ugari aurrean, sindikatuen presidenteek hartu dute hitza, EHNEtik Garikoitz Nazabalek eta ENBAtik Iñaki Goenagak. Bi arduradunek esne sektoreak bizi duen egoera larriaren balorazioa egin eta azken asteotan egindako lanaren berri eman diete bertaratutako baserritarrei.

Ekainaren 14an, pentsua eta gainontzeko kostuen igoerak (argindarra, gasoleoa,…) sortutako itomena salatu genuen Donostiako erdigunean eta geroztik, azken asteotan, bi sindikatuok, distribuzio kate ezberdinekin bildu gara, esne sektorearen egoera larriaren berri emateko eta euren posizionamendua ezagutu asmoz.

Hitz politak izan ditugu baina emaitzarik apenas, eta eman direnak, positiboak izan arren, oso motz geratzen dira, esne ekoizleak bizi duten krisi sakona kontuan hartzen badugu.

Gaurko ESNE MARTXArekin esne kateak bizi duen egoera larria islatu nahi izan dugu, gure martxaren jomugan distribuzioa finkatuz, distribuzio kate ezberdinek, bakoitzak bere merkatu kuotaren araberako ardurarekin baina guztiek ardura dutela azpimarratuz, beren salneurri baxuko politikarekin esne katea itotzen baitute eta bereziki, esne kateko katebegi ahulena den ekoizlea.

Distribuzioaren papera zein den eta duen garrantziaz jabetu gaitezen 3 datu azpimarratu nahi genituzke:

Bat, estatuan saltzen den esnearen %92a antolatutako merkataritza edo distribuzioko formato ezberdinetan saltzen da, hau da, ia esne guztia distribuzioaren eskuetatik iristen da kontsumitzailengana.

Bi, Espainiako Ministeritzako Prezioen Behatokiak egindako azterketak, orain gutxi esnearen salneurria 0,68 eurotan finkatu du (2020ko udazkenean pentsuak izandako igoera kontuan izan gabe).

Hiru, estatuan saltzen den esnearen ia %45a, 0,60 euro azpitik saltzen da, hau da, Behatokiak ezartzen duen salneurriaren 0,08 – 0,10 euro azpitik. Eta bestetik, egoera hau azaltzen duen faktorea distribuzio markek (marka zuriek) duten pisua da, esne munduan esnearen %56a baitira.

Beraz, hiru datu horiek ikusita, argi geratzen da, distribuzioa eta euren esne marka propioen salneurri baxuak direla gaur egun bizi dugun egoeraren giltzarrietako bat.

Honenbestez, EHNE eta ENBA sindikatuok distribuzio kate guztiei exijitzen diegu, bakoitzak bere merkatu kuotaren araberako ardurarekin, egokitu ditzatela euren salneurriak, esne kate osoko kostuak estaltzeko moduko salneurriak ezarriz eta bereziki, baserritarren errentagarritasuna bermatzeko eta gauzak argitze aldera, Espainiako Ministeritzako Prezioen Behatokiak egindako azterketa oinarri hartuta, esnearen gutxieneko salneurria 0,70 eurotan finkatuz.

Azkenik, distribuzioaren papera eta garrantziaz gain, EHNE eta ENBA sindikatuok dei berezia egiten diegu Euskal Herriko kontsumitzaileei beren aldetik ere esne duinaren aldeko apustua egin dezaten, beren eskutan baitago, neurri handi batean, bai esnetako baserritarren etorkizuna bai baserritarrek kudeatzen duten lursail eta beren herrietako paisaiarena ere.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.