Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...
2021-07-23 08:34

Joan  den ostegunean, uztailak 15, ANTONDEGI BERDEA – OLATUAK ITSASOAN kolektiboak
informazio- eta protesta-jardunaldi bat egin zuen Zurriolan, Antondegirako olatu
artifizialen proiektuaren aurka daudela adierazteko.

Sagues inguruan informazio-karpa bat jarri zuten, arratsalde osoan eduki zutena irekita,
eta gaiari buruz gehiago jakin nahian hurbildu zitzaizkien herritar interesatuei mota
guztietako informazioa eta azalpenak eman zizkieten: proiektuaren nondik norakoak,
zein egoeratan dagoen oraintxe eta abar.
Kolektiboko zenbait kidek informazio-eskuorriak banatu zizkieten Zurriola pasealekuan
zebiltzan oinezko ugariri. Eskuorri horietan, Donostiako Udalari olatu artifizialen
proiektua geldiarazi dezan eskatzeko ematen dituzten argudio sendoak azaltzen dituzte
labur-labur.

Aldi berean, surflari batzuek egurrezko kartelak jarri zituzten hondartzako hainbat
puntutan, egurrezkoak, surflariek berek eskuz egindakoak, eta Antondegirako
proiektuaren aurka egoteko eta egiteko dauzkaten arrazoiak nabarmendu zituzten
haietan. Horrelako mezuak zeramatzaten kartelek: “Kalte handia egingo liokelako
Antondegi inguruari”, “Turista are gehiago ekarriko lituzkeelako”, “Itsasoaren
aldamenean erabat zentzugabea delako!”… Eta kartel guztiek pegatina txiki bat ere
bazeramaten, honako mezuarekin: “Surf parkeari ez!”.
Eguneko ekintzarik ikusgarriena surflariek egin zuten, arratsaldeko seiak aldera.
Haietako hogeita hamar bat uretara sartu ziren beren surf taulekin, arraun egin zuten
urautsirano, eta han 15 metro luzeko pankarta bat zabaldu zuten, Zurriola pasealekutik
ondo irakurri zitekeena: “Antondegi Berdea – Olatuak Itsasoan – No a las artificiales en
San Sebastián”.

Surflariek umoretsu eta jarrera onenarekin egin zuten protesta, eta Jabi Iraizoz
bozeramaileak honakoa adierazi zuen: “Zentzugabekeria hutsa da Antondegiko olatu
artifizialen proiektua. Gipuzkoako elkarte ekologista eta kontserbazionista guztiak
kontra daude, eta surflari askok eta askok ez dugu nahi. Min egiten digu surflarion
izenean naturaren kontrako halako zerbait egin nahi izatea. Argudioekin, tonu onean
eta irribarre batekin jarraituko dugu proiektua salatzen, ziur baikaude arrazoi dugula”.

Era berean, gaineratu zuen: “Surflarion artean, Donostian olatu artifizialak nahi ez
dugunak gero eta gehiago gara, eta ziur nago proiektuaren alde daudenek ere ez dutela
begi onez ikusten Antondegin egitea”.

La entrada Surflariek Antondegi Berdea kolektiboaren ekintza batean parte hartu du Donostian olatu artifizialen proiektuaren aurka se publicó primero en Ekologistak Martxan - Euskal Herria.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.