Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-08-11 07:19

Bilboko Konpartsok – Bizizaleak Konpartsa Ekologista parte dena – Aste Nagusiko 43. Sukaldaritza Lehiaketa aurkeztu zuten atzo goizean, Bilboko Erribera Merkatuko sarrera nagusian. Bertan, Garazi Askazibar eta Iñigo Iglesias bozeramaileek azpimarratu zituzten lehiaketa gastronomikoaren aurtengo bereizgarriak: “tailerrak egunero, bertoko produktuak, aukera begetalak eta umeentzako Gastro Txiki eskola”. Bertan izan gara ere dozenaka konpartsakide eta hainbat sukaldari, chef, ume eta lehiaketa babesten duten zenbait eragileren ordezkariak.

Garazi Askazibar konpartsakideak azaldu zuenez, “jakina da Aste Nagusiaren Sukaldaritza Lehiaketa dela Bilboko Konpartson eta Jai Batzorde Mistoko programazioaren plater indartsuenetarikoa, zalantzarik gabe”. Hala, Aste Nagusiko sukaldaritza txapelketa “gure jai ereduaren berezitasunaren islarik argiena bihurtu dugu, urteen poderioz, Bizkaiko hainbat sukaldari ospetsurekin batera”, eledunaren hitzetan. Izan ere, Bilboko Konpartson kideok azaldu dugunez, “herritarren partehartze itzela lortu izan dugu eta egun batzuetan arrakastaz zoratzeko zorian egon gara. Horrek pozten gaitu bereziki, hori izan delako 1978. urtetik buruan izan dugun erronka: Aste Nagusia jai herrikoi eta parte hartzailea izatea. Eta urtero lortu egiten dugu guztion artean”.

Hori dela eta, euren esker ona adierazi zieten lehiaketa egiten laguntzen duten BM supermerkatuei, Hazi Fundazioari, Coca Colari, MercaBilbaori, Bizkaiko Txakolinari, Erriberako Merkatuari eta Bilboko Udalari, besteak beste.

Ondoren, lehiaketa gastronomikoaren aurtengo bereizgarriak aletu zituen Askazibarrek: “tailerrak egunero, bertoko produktuak, aukera begetalak eta umeentzako Gastro Txiki eskola”. 

Hala, egunero sukaldaritza tailerrak izango dira, Areatzan, 11:00etatik aurrera: lehenengo domekan, gatz tailerra, Leintz-Gatzagako Gatz Museoarekin elkarlanean; astelehenean, alga tailerra izango dugu Alga Artean eta Tantaka diseinu faktoriaren eskutik; asteartean, ogi tailerra Gure Ogia ogitegiak emana; eguaztenean, ezti tailerra Balerdipeko Erleekin; eguenean, kontserba tailerra Conservas Cusumanoren eskutik; barikuan, slow food inguruko tailerra emango du Slow Food Bizkaiak, Thaterekin, eta ardo tailerra Basque Winek; zapatuan, sagardo tailerra Euskal Sagardoarekin; eta, azken domekan, erlezaintza tailerra, Apícola Nutripolaren eskutik.

Berritasun bezala, aipatu zuten aurten Gure Lurreko Merkatua izango dela hiru egunez, goizeko 11etan hasita: hala, ohi legez, lehen domekan izango da, eta, egun horretan ez ezik, aurten eguaztenean, eta azken domekan ere “izango da aukera bertako ekoizleekin berba egin eta gure baserrietako produktuak, bertakoak, ikusi, dastatu eta erosteko”, iragarri dugunez.

Lehiaketa gastronomikoari dagokionez, plater klasikoak izango dira aurten ere. Ohi legez, gehienak itsasotik datozen plater tradizionalak dira: eguaztenean, txipiroiak tintan; eguenean, bakailaoa bizkaitar erara; barikuan, bakailaoa pil-pilean; eta zapatuan, marmitakoa. Horiez gain, %100 begetalak izan beharko diren patatak saltsa berdean astelehenean, patata-tortilla asteartean, eta buztan gisatua, azken domekan. Horiek izango dira Aste Nagusiko lehiaketak.

Garazi Askazibarrek eta Iñigo Iglesiasek nabarmendu zutenes, “urterik urtera indarra hartzen dabil asteleheneko lehiaketa berdea, jendeak kontzientzia hartzen baitabil ingurumenaren iraunkortasunaz, elikadura osasungarriaz eta animalien sufrimenduaz eta ustiapenaz, gizartean barazkizaleentzako eta beganoentzako aukerak handitzen doazen bitartean”. Iradoki zutenez, Bilboko Konpartsetatik “lagundu egin nahi dugu aukera horiek garatzen, gure sukaldaritzan klasikoak diren hainbat plater mantentzen dugun bitartean”.

Bestalde, parrilladak ere izango dira: lehenengo domekan bertoko edo zero kilometroko barazkien parrillada, %100 begetala eta, baita okelazkoa ere, eta azken zapatuan, hegaluze parrillada egongo da.

Eta konpartsok transmisioari ere garrantzia handia ematen dioten seinale, aurten ere “Gastro Txiki” atalak izango du bere tokia Bilboko Areatzan; “sukaldatzen ikasten” lelopean, txikienek aukera izango dute praktikatuz ikasteko: astelehenean askotariko entsalada, eguaztenean gildak eta ostiralean fruta-brotxeta egiten ikasiko dute.

Amaitzeko, konpartsok gogorarazi zuten osasunaz dakitenek diotenez, “jaten duguna” garela, eta “jan onak, asetzeaz gain, osatu egiten” gaituela, “osasunez”. Bilboko Konpartsok, “jan-edan onaren maitale hedonistak” izatea aldarrikatu zuten eta beraz bat egin dute “plazer asetzaile eta pekatu benialekin, are gehiago, gorputz osasuntsu baten osagarri direnean. Ase eta osa gaitezen, beraz”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...