Asteroko buletina
Euria egiteko hobe da bi haizeren borroka, ez santu guztiekin erreguka.

Bizi baratzearen plaza

Ekologistak Martxan
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...

Gatika Frantziako interkonexio elektrikoaren megaproiektuaren aurka mobilizatuko da, 'kontsumitzaileen faktura elektrikoan igoera nabarmena ekarriko duelako'

2022-06-23 11:17

Interkonexio Elektrikorik ez! Plataformak eta Ekologistak Martxanek, ekainaren 24an, Gatikan egingo den manifestazioa aurkeztu dute Ekoetxean, Bizkaiko golkoan itsaspeko konexio elektrikoaren megaproiektuaren aurkako mobilizaioa, alegia. Ekitaldiaren helburua herritarrei mobilizazioan parte hartzeko deia egitea eta, erea berean, Red Electrica de Españak proiektua defendatzeko emandako datuak gezurtatzea.

Hauxe da komunikatuaren testu osoa:

Bost urte dira dagoeneko Espainia-Frantzia arteko interkonexio elektrikoa Bizkaiko Golkotik egiteko proiektua jendaurrean aurkeztu zela. Ur azpiko kablea da, Espainiako eta Frantziako sistema elektrikoen arteko konexio elektrikoaren kapazitatea handitzea xede duena. Alferrikako proiektu erraldoi, bidegabeko eta inposatu hori ez da ezbaian jarri; haatik, Ukrainako gatazkatik eratorritako egoera bere interesen alde baliatu du enpresa promotoreak, Red Electrica de Españak, proiektua ezinbestekoa dela azpimarratzeko. Argudiatu du elektrizitate berriztagarri gehiago sortzen, elektrizitatearen kostuak murrizten eta hornidura bermatzen lagunduko duela interkonexioak, hori zuritzeko daturik eman gabe. Baina onura horiek zalantzazkoak dira, areago datu ofizialei eta sistema elektrikoaren izaerari apur bat erreparatzen badiegu.

Proiektuak elektrizitate berriztagarri gehiago sortzen lagunduko duela ziurtatu da. Baina hori baieztatu aurretik, beharrezkoa da jakitea Estatuan nola ari den trantsizio energetikoa gauzatzen. Alemania edo Danimarka bezalako herrialdeetan autokontsumoaren eredua da ohikoena; Estatuan, aldiz, megaproiektu energetiko berriztagarriaren figura gaitzesgarriaren bitartez ari da ekoizpen berriztagarria gauzatzen, hau da, instalazio fotovoltaikoak milaka hektareatan hedatuz eta 200 m garai diren eolikoak ezarriz.

Gaur egun izapidetzen ari diren proiektuak bakarrik kontuan hartzen baditugu, 200 GW berriztagarri ekoitziko genituzke, hau da, inoiz egon den energia-eskaririk handiena halako lau baino gehiago. Horrek argi uzten du ekoizpen horren zatirik handiena esportaziora bideratuta dagoela. Izatez, plan horretarako euskarri izango litzateke interkonexioa, Espainiako Gobernuak duela pare bat hilabete iragarri zuenez. Beharrezkoa da eredu honek dituen inpaktu itzelak eta lurzoruaren bestelako erabilerekin egon daitezkeen talkak ebaluatzea, baina ez hori bakarrik. Aldi berean, beharrezkoa da adieraztea sisteman gainera litekeen energia berriztagarri horren % 40 Europako garraio-sisteman barrena galduko litzatekeela bero-energia gisa, proiektuaren promotoreak aurkeztutako datu ofizialen arabera. Hau da, nekez hitz egin daiteke trantsizio iraunkorraz, baldin bi instalazio eolikotatik ia bat sortutako elektrizitatea garraiatzearen ondoriozko galerei aurre egiteko erabili beharko bada.

Proiektuak elektrizitatearen kostuak murrizteko duen ahalmenari dagokionez, hainbat alderdi hartu behar dira kontuan. Lehenik, proiektua aurkeztu zenean, 1.750 milioi eurokoa izan zen hasierako aurrekontua. Enpresa promotorearen beraren esanetan, behin martxan jarrita, proiektuaren finantzaketak % 3,5eko igoera ekarriko zukeen faktura elektrikoaren zati finkoan. Ordutik gaur egun arte, aurrekontua % 20 igo da, eta gehiago ere igoko da, materialek eta gainerako hornidurek egun bizi duten kostu-gorakadaren ondorioz. Bigarrenik, promotorearen esanetan, proiektuari esker fakturaren zati aldakorra murriztu ahal izango da, energia-terminoa, alegia. Alabaina, eskaintzaren eta eskariaren legeak zeharo kontrakoa iradokitzen du: Estatuan sortutako energia berriztagarriaren kontsumitzaile-kopurua handitzean, elektrizitatearen prezioa apalagoa izango da energia inportatuko duten herrialdeentzat, baina handiagoa esportatuko dutenentzat. Hau da, megaproiektu honen erruz, Estatuan, kontsumitzaileen faktura elektrikoaren termino finkoaren nahiz aldakorraren, bien, prezioa igoko da.

Azkenik, horniduraren segurtasuna bermatuko dela argudiatzen bada ere, azken gertakariek erakutsi digute uharte energetikoa izateak ez duela gure hornidura elektrikoa ahultzen; haatik, gure lurraldea guztiz blindatuta dago gerora gerta litezkeen hornidura- arazoen aurrean. Paradoxa hutsa da sistema elektriko baten erresilientzia handitu nahi izatea, kapazitate handiko kable gutxi batzuetan oinarritzen den sistema baten bitartez. Zentzuzkoagoa dirudi tentsio baxuagoko sare banatu baten alde egitea, alegia, energia bi punturen artean hainbat bidetatik garraiatzea ahalbidetzen duen sistema baten alde egitea.

Horretaz guztiaz gain, aintzat hartu beharrekoak dira proiektuak pertsonen osasunean, ingurune naturalean eta lurraldeen jarduera sozioekonomikoetan izango dituen inpaktu handiak. Horregatik, administrazioei eta eskumena duten aginteei exijitzen diegu herritarren interesen aurrean etekin pribatua lehenesten duen trantsizio batera garamatzaten megaproiektu hauek geldiaraz ditzatela. Megaproiektuen ereduaren aurrean, lehentasunezkoa da energia-trantsizio banatu, efiziente, bidezko eta iraunkorra mahairatzea. Hori dela-eta, bihar, ekainak 24, 19:00etan, Gatikako plazatik irtengo den manifestazioan parte hartzeko deia egin nahi diegu herritarrei. Bestelako energia-trantsizio bat posible delako, bestelako energia-trantsizio bat beharrezkoa delako.

INTERKONEXIO ELEKTRIKORIK EZ!

La entrada Gatika Frantziako interkonexio elektrikoaren megaproiektuaren aurka mobilizatuko da, “kontsumitzaileen faktura elektrikoan igoera nabarmena ekarriko duelako” se publicó primero en Ekologistak Martxan - Euskal Herria.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora