Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-11-24 19:44

Nafarroan lur emankor, ur erreserba eta klima anitz ditugu, askotariko elikagai- sistema biologikoak, jasangarriak eta bertakoak edukitzeko toki ezin hobea da, gainera datozkigun krisi klimatikoei, energetikoei eta elikagaien krisiei aurre egin ahal izateko. Hala ere, egun planetaren muga biofisikoen eta gure ekosistema propioaren kontrako norabidean goaz axolagabean.

Populazio aktiboaren %3ak bakarrik lantzen ditu lurrak eta sektorea oso zaharkituta dago eta errelebo gutxi du. Gaur egun arte onetsi den eredu bakarra lurra erretzen duen, ura pozoitzen duen eta produktuak milaka kilometrotan barna zorabiatzen dituen agronegozioa da. Eredu honekin, nekazariek hautatu ez dituzten elikagai tona andana bat produzitu behar ditu, kontuak atera ahal izateko, ondoren, prezio barregarrietan saldu ostean, eredu honek osasungarriak ez diren janari prozesatuak itzultzen dizkigularik, zalantzazko jatorria izanik.

Historikoki, nekazal guneetako nekazaritza eta abeltzantza sistema dibertsifikatuek elikagai aukera handi batez hornitu izan gaitu. Egun, Nafarroako lurren %75a ganaduarentzako alea eta bazka produzitzeko monokultiboak dira. Beronen komertzializazioa, gehien bat, AN operadorearen bitartez mundu mailako merkatu librean egiten da, zeinetan nekazari nafarrek ez dituzten prezioak ezartzen. Lurren %25a bakarrik dago giza-elikadurara bideratuta. Baina, harrigarriki, produkzio honen helmuga ez da bertako elikadura beharrak asetzea. Erriberako lur emankorrenetan produzitzen diren barazkien %99a, adibidez, Europa iparraldean komertzializatzen da. Abeltzaintzari dagokionez, biztanle baino txerri gehiago ditugu gurean, eta hauen haragia esportaziora bideratzen da batez ere. Bitartean, produkzio jasangarrienetan, ardiak esaterako, abelburuen kopurua erdira murriztu da azken hogei urteetan.

Produkzio industrial eta intentsibo hau erregai fosilen menpe dago oso, baita ongarri kimiko eta pestiziden menpe ere. Datuen arabera, azken hauen kontsumoa 2009 eta 2019 artean bikoiztu zen gure erkidegoan, Europatik 2030rako murriztu behar ditugula esaten ari zaizkigun bitartean.

Alesbesek orain dela gutxi Nafarroa guztian eragina duen semaforo gorria erakutsi izan digu. Nafarroan nitratoz kutsatutako urek nekazaritza eta abeltzantza eredu intentsiboari buruz eta legedi berri bat ezartzeko beharrari buruz hausnartzera behartzen gaituzte, izan ere, hau guztia ingurumenerako eta osasunerako arazo larria da. Nafarroako zonalde zenbait “Nitratoz Kutsatutako Zonalde Kaltebera” bezala aitortu dituzte, eta hauen gainazalak hazten jarraitzen du, zehazki 2016 – 2019 urte artean %76a eta 2012 – 2015 urte artean %317a hazkundea izan dute, Europako txosten batek berriki aditzera eman duenez. Arriskuak areagotzen diren arren, etxalde eta industria-hondakin organikoen biometanizazio zentro berrietarako baimenak ematen jarraitzen dute (Biomendi, HNT Biogás eta Kabanillasen tramitean dagoen beste bat).

Honen aurrean, merkatuak eta prezioak erregulatzea eta elikagaien sistema erabat berrantolatzea nahitaezkoa da, gure elikatzeko modua hemen ditugun baliabideetara egokituz. Beharrezkoa da gure produkzio sektorea planifikatzea, elikadura burujabetzan ikusmira jarriz, gure biztanleriaren elikadura beharretara asetzeko helburuarekin. Ezinbestekoa da eredu jasangarriago bateranzko trantsizioa diseinatzea, agroekologia, dibertsifikazioa eta desintentsifikazioa jorratuz, lurrarekiko atxikimendua duen abeltzantza eredu estentsiboa landuz.

Errotiko aldaketa honek egiazko politika publikoak behar ditu, ingurunea zaintzen duten eta Nafarroa osorako elikagai osasungarriak produzitzen dituzten sistemak sortzeko. Eskatu behar dugu instituzioek ez aritzea agroindustriaren botere ekonomikoaren menpe. Horregatik, herritarroi antolatzeko ordua iritsi zaigu eta ez ditugu bakarrik produkzio eta kontsumo sistema alternatiboak sortzen jarraituko, baizik eta kalera ere aterako gara modu irmo, sendo eta erantzunkide batean aldarrikatzeko: Stop agroabeltzaintza industriala, elikadura burujabetza orain!

Arrazoi horiengatik guztiengatik, Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformak, beste gizarte talde batzuen babesarekin, Foruen Monumentutik (Sarasate pasealekua, Iruñea) abiatuko den manifestazioa deitu nahi dugu datorren larunbatean, azaroak 26, eguerdiko 12:00etan. Mobilizazioaren leloa “STOP agro-ganadería industrial. Elikadura burujabetza orain” izango da. Elikadura burujabetza orain. Gizarte mugimenduek azaroan zehar antolatu duten Klimaren aldeko Gailur Alternatiboaren barruan antolatutako beste ekitaldi bat da.

Makroetxaldeen aurkako Nafarroako Plataformak

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...