Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-09-05 08:14

Bilboko konpartsok- Bizizaleak Konpartsa Ekologista parte dena- kokatu ditugu Aste Nagusiko argiak aurrikuspenak hautsi dituen parte-hartze handian, Txupinera-Pregoilaria bikotearengan eta jaietako udal taldearekiko harreman onean; itzalak, berriz, El Correoren Aste Nagusiaren aurkako kanpainian, erasotzaileengan eta Udaltzaingoaren jarrera erasokorrean.

Aste Nagusia bukatuta eta Areatzako jaigunea deseraikia, hau da Bilboko Konpartsok egin dugun balorazioa:

Osasun larrialdiak kendutako bi edizioen ostean agurtu dugu Marijaia. Zirraragarria izan da Aste Nagusia: emozio-uholdea bihurtu da, barre eta negarrak zein poza eta amorrua elkarbanatu ditugu bederatzi egun horietan. Aurtengo Aste Nagusiko parte-hartzea ikaragarria izan da. Aste Nagusia, oraingoan NAGUSIA egingo genuela esan eta gure aurreikuspenak erabat gainditu egin ditugu.

Eskertu nahi dugu bilbotarrek jai herrikoien alde egin duten hautua, horiek gabe, Aste Nagusiak ez lukeelako izango egun duen xarmarik. Nola ez, goraipatu nahiko genuke, Bilboko konpartsen jai eremu askea bihurtzeko, konpartsakideek, Bilboko mugimendu feministak eta beste bilbotarrek egin duten lan bolondresa, ekarpen horiek gabe ezinezkoa litzatekeelako herritik eta herriarentzat sortutako jaiak modu aske eta seguruan bizitzea. Auzolana eta elkar zaintza ditugu jaien eraikuntzarako lanabes handienak, eta filosofia horretan berresten gara datozen urteetarako.

Haurrengandik hasita, urtero burutzen ditugun ekintzez gain, aurten familiako txikientzako sukaldaritza tailerrek eta haibat ekintzek goia jo eta inoizko parte-hartze handiena izan dute. Gargantua, Erripako umeen jolasak zein konpartsek egunero antolatu duten programaziek ezustekoz beterik egon dira.

Aste Nagusian ematen den parte-hartze izugarri horren isla adierazgarria sukaldaritza-lehiaketan ikus dezakegu. Guztira, 610 lapiko inskribatu dira, hurrenez hurren, horrela banatuta: 23 lapiko-patata saltsa berdean; 325 tortilla, 64 txipiroi kazola, 28 bakailaoa bizkaitar erara eta 39 pil-pil saltsan, 93 marmitako kazola eta 39 buztan gisatu, guzti-guztiak bertoko produktuz osatuak, slow food eta kilometro zero filosofiaren pean. Ikusi dugunez, sukaldaritza-lehiaketaren arau berriak baliagarriak izan dira parte-hartzea oraindik gehiago sustatzeko eta sukaldaritza zale gazte gehiago erakartzeko.

Modu berean, Hiri Krosean 2.000 korrikalarik eman zuten izena, gaur egun arauez inskribatu daitezkeen guztiak, hainbat kategoriatan banatuta.

Kultur eskaintza herrikoia sukaldaritza eta kiroletik haratago luzatu du Bilboko konpartsok osatzen dugun federazioak. Aste Nagusi honetan, 530 ekintzarekin bete dugu jai gunea: puzgarriak, eskalada-murrua, kale-antzerkiak, kontzertuak, denetariko tailerrak…

Begi bistakoa izan da, goizez, arratsaldez zein gauez, Bilboko konpartsok eraiki izan dugun jaigune herrikoiak duen arrakasta, hedabide bat jendea uxatzen saiatu den arren. Izan ere, jai herrikoi erraldoiak baditu aldeko eta kontrako eragileak, edonor berehala konturatuko zen moduan.

Bilboko Konpartsok aho batez Mamiki konpartsari eman diogu aurtengo Aste Nagusiko bandera urdina, Aste Nagusiko onenari urtero egiten diogun aitortza, txosnarik jarri ez arren, ekintza ugaritan presente ibili eta jaiek ezinbestekoa duten ikuspegi feminista sustatzen lagundu digulako.

Bandera marroiak, ordea, Aste Nagusiaren okerrena seinalatu nahi du eta aurten El Correo Españoli egokitu zaio. Lehenengo egunetik Txupineraren hitzak aldrebesten, irudiak manipulatzen eta jaigunetik kanpo emandako eraso matxistak jaigunean burutu zirela adierazten ibili delako, intoxikazio mediatikoaren ardatzean jira eta bira, Bilboko Konpartsen aurka egiteko eta guztiona den jaigunearekiko beldurra eragiteko.

Horrekin batera, beste behin ere, Udaltzaingoaren jarrera gaitzetsi beharrean aurkitu gara. Jaigunea kopetilun patruilatzen eta jaigiroa zapuzten ibili den Udaltzaingoaren banda. Berriro salatu nahi dugu, lehenengo larunbatetik burutu dituzten manteroen kontrako erasoak, birziklatzen ditugun edalontzien jasoeran bolondres parte hartu izan duten Atxuri Harrerako arrazializaturiko lagunen aurkako oldarraldia edo larunbat gauean, kanpotik etorritako lagun batzuen kontrako sarraskia baretzen saiatu zen neska bati emandako jipoia. Testuinguru horretan kokatzen dugu alkateak bilbotarroi bidali digun “A por ellos” mezua.

Argi dugu bortizkeria poliziala gure jai eremutik kanpo nahi dugula. Gehiegikeria poliziala eta eraso matxistak salatzeko giza-katea egin genuen larunbat arratsaldean. Argiki adierazten dugu, Bilboko Konpartsok ez ditugula onartzen udaltzainek hainbatetan erakutsitako biolentzia eta erreakzioa, ezta horien jarrera bortitz, harroputz, oldar, haserre eta maskulinitate-eredu inposatzailea ere.

Larunbatean, Areatzako etxe batek sua hartu ostean, argi utzi genuen Bilboko konpartsen antolakuntzaren tamaina. Egoerak eskatu bezala, suhiltzaileekin eta Udaltzaingoarekin hartu-emanean ibili ginen ingurua hustu, jende-pilaketak ekidin eta suertatu ziren jende-oldeek eragindako segurtasun kordoia gure gorputzekin eraikiz. Udaltzaingoaren esker onak jaso ez, baina haien barne komunikazioetan “ipurdia salbatu digute” entzun genuen.

Askotan adierazi dugun bezala, polizia kopuru ugariak ez du segurtasuna bermatzen; aitzitk, oso efektu kontrakoa eragiten du. Jaiguneko eta hiriko segurtasuna aztertzeko orduan hausnarketa sakonagoa egin behar da eta berau bermatzeko oso bestelako bide eta lanketak behar dira.

Gure eskuetan zeuden bitarteko guztiak ezarri arren, tamalez, aurten ere, agertu dira erasotzaileak Aste Nagusian. Emakumeak jazarri, erasotu, intimidatu egiten dituzten horiek ez dute lekurik gurean. Dagokigun espazioa gureganatuko dugu, Aste Nagusia gurea da, jai herrikoiak gureak dira. Mugimendu Feministako kideek ederto adierazi bezala: “Dantzatuko dugu, abestuko dugu, gozatuko dugu… baina argi izan, autodefentsa feminista praktikan ezartzen jarraituko dugu zuek matxista nazkagarriak gure espazioetatik kanpo egon eta aske sentitu arte”.

Eraso bakoitzari emandako erantzunari balioa eman nahi diogu: Mugimendu feministatik hasita, konpartsakideek zein bilbotar ugarik emandako erantzuna goraipatzekoa da. Txosnak erasotuentzako leku seguru bihurtu ditugu, jaigunetik lerdetsu ugari bota eta zaintza lanetan buru belarri ibili diren horientzat besarkada handia helarazteaz gain, erasotuak izan diren lagunei musu bana luzatzen dizuegu.

Bestalde, goraipatuko dugu Iratxe Palacios Txupinera eta Tintigorri konpartsako kidearen eta Itziar Lazkano Pregoilari eta aktorearen lan bikaina. Bikote ederra osatu dute bi ikonoek; harro esan dezakegu bilbotarrok gure jaiak berdintasunaren aldeko eremua ere badirela. Zorionak eta eskerrik asko bihotzez!

Azkenik, desmuntaia gaur bukatu eta Areatza garbi utzi berri dugu. Jaiek utzitako poza eta indarra gure barnean daramagu aurrera begira ditugun erronkei aurre egiteko; San Tomasak, Aratusteak eta datorren urteko Aste Nagusia prestatzen hasiko gara denok gozamenerako aukera eta eskubide berbera eduki dezagun. Bilbotarrok, gogoratu ezazue jai-eredu herrikoi, parte-hartzaile, feminista eta euskaldunen oinarria zuek zaretela, zuei esker garela eta zuek gabe ezagutzen ditugun jai mundial hauek ezinezkoak liratekeela. Esker mila jaien eraikuntzan murgildurik ibili zareten guztioi, badakizue konpartsen ateak zabal-zabalik dituzuela jaien antolakuntzan eta jaiak bizi eta gozatzeko modu hau barnetik ezagutzeko. Eta bide batez, aurten espreski balioetsi eta eskertu nahiko genuke, Itziar Urtasun, Bilboko Jai Batzorde Mistoko buru eta Jai zinegotziarekin eta bere taldeko kideekin edukitako harremana, baita arazoak iraultzeko erakutsi izan duten prestutasuna ere.

GORA JAI HERRIKOIAK!
GORA MARIJAIA!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Ekologistak Martxanetik ekologismo soziala jorratzen dugu. Ingurumenaren arazoak, ekoizpen eta kontsumo ereduekin loturik daudela uste dugu, geroz eta globalizatuagorik dagoen mundu honetan; eta guzti honek, bestelako gatazkak sozialak eragiten ditu gure ikuspegitik: Iparralde eta Hegoaldearen arteko harremanak, desberdintasun sozialak...