Asteroko buletina
San Bartolome: burua lodi eta lepoa mehe.

Bizi baratzearen plaza

EHKOlektiboa
Euskal Herriko bio-baserritar agroekologiko eta herritarren kolektiboa gara. Muga administratiboen gaindik, Euskal Herriko bio laborariak biltzen ditugu, baita herritarrak ere, elkarteko kide izanik, parte hartzen dute. Zer bultzatzen dugu? Agroekologian oinarritutako nekazaritza eredu bio-ekologikoa. Lau hitzetan definituta: Laborantza BIO-EKOLOGIKOA, BERTAKOA, ETXALDEKOA eta HERRIKOIA.

KRONIKA: Bizitzaren ahotsa bizi eta ozen P(B)ikunieta baserrian

2019-10-25 12:57

1

Bertsolaritza lurrean sakonki errotua dagoen artea da. Eremu geografiko txiki batean, lur zatitxo batean milaka urtez eboluzionatzen diharduen euskararekin jolasteko tresna endemikoa den heinean, bertsolaritzak badu lotura bat ardi latxarekin edo Errezil sagarrarekin. Are gehiago, bertsolaritzak landa eremuan, baserri giroan du bere jatorria, euskal sagardoak, intxaur saltsak edota Ibarrako piperrak bezala. Urriaren 5ean lotura hori ospatu nahi izan genuen EHKOn, Pikunieta Baserrian (Antzuola, Gipuzkoa) Bizitzaren Ahotsak ekimenaren lehenengo bisita/bertso-saio/bazkari agroekologikoarekin. Debuterako lehengaiak, primerakoak: artzaintzan eta gaztagintzan jarduten den etxaldera bisita, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus bertsolari handien saioak tarteka, eta bazkari oparo ederra bezain burujabea. Eguraldia ere lagun izan genuen, udazkeneko giro epel argitsuaren opariarekin.

Ezin ahaztu bezperan eta egunean bertan laguntzera etorri zitzaizkigun lagunak: sagarrak bildu, bideak markatu, lekuak prestatu, mahaia jarri, harrikoa egin… Halako ekimen baten bueltan jende asko dago, maiz ikustezina dena. Eskerrik asko danori! Eskertu beharra dago ere Antzuolako Udalari edalontziak, mahaiak eta eserlekuak jarri baitzituen ekimenean, eta Debagoieneko Mendi-nekazaritza elkarteari diruz lagundu zuelako.

Hamaika eta erdietan baserrirako berandu xamar/bertsotarako goizegi, Amets Arzallusek bere agurrean aitortu zuenez, hasi genuen Pikunietara. Pikunietako artzainak, Joxe Ramon Arrieta “Exkerra” eta Josebe Blanco izan genituen anfitrioi. Bertaratutako 65 lagun inguruk beraien ahotik entzun genuen etxeko atarian egindako ongietorri-sarreratxoan EHKOlektiboak lurraldearekin eta naturarekin lotutako nekazaritza bultzatzeko lan egiten duela. EHKOk agroekologiaren baitan batzen ditu bertokotasuna oinarri duten nekazari ekologiko txikiak eta herritar kontzientziatuak. Pikunieta baserria EHKOlektiboko kidea da elkartearen sorreratik, baina etxalde honen ibilbide agroekologikoa 1987an hasi zen, Azkoitiko hiru kalekume gaztetxerok baserrian eta baserritik bizitzeko ametsa gauzatzea erabaki zutenean. Non eta pikutako puntan, Pikunietan. Exkerra zen gazte horietako bat, “baserri baten hondakinak topatu genituen, lan asko egin genuen berriz ere altxatzeko, jende askoren inplikazioarekin egin du aurrera Pikunietak”. Maialen Lujanbiok bere agurrean ongi laburbildu zuen Exkerrak adierazitakoa, Amestea bat izaten baita/ta egitea bestea puntuarekin bertsoa bukatuta. Josebek, bere aldetik, norbanakoon otordu bakoitzak gizarte-eraldaketarako izan dezakeen eragin itzelaz mintzatu zen aurkezpenean, gure elikadura tokiko ekoizpen agroekologikoan oinarrituz justizia sozialari eta izadi osoari ekarpen positiboa egiten diogula adieraziz. Baserritarrek azpimarratu zutenez, hala ere, euskal nekazaritzak â€'bertsogintzak bezala- prekarizazioa eta gutxiespena pairatzen ditu. Maialenek nekazaritzaren eta bertsolaritzaren arteko antzekotasunak Autonomia ekologia/eta kontsumo zuzena/ Funtsean nahiko berdinak dira/gurea eta zuena kantatuz. Etxeko atariaren itzalpean freskotasuna sentituta Guk ere uzta hobea ematen degu/eguzkitara joanda kantatu zuten bertsolariek eta guztiok abiatu ginen etxe gaineko larrean dagoen tontortxora, eguzkiaren eta panoramika zabalago baten bila.

Antzuola, Bergara, Elgoibar, Azkoitia eta Zumarragako lurrak ikusten dira baserriaren iparraldea babesten duen muinotik. Exkerrak eta Josebek azaldu zigutenez, etxaldeko 150 ardiek 20 hektarea inguru dauzkate larratzeko. Azalera horretatik batzuk etxaldearenak dira, beste batzuk errentan dauzkate eta beste batzuk herri-lurrak dira. Argitu ziguten ere duela 30 urte pinua zegoela baserriaren inguru guztian. Pinudi izandako zelai horietako batzuetan garoa da ugari egun, azpigarri bezala baliatzen dutena. Lastoa baino azpigarri egokiagoa da garoa, artzain hauen ustez.

Autonomiaren, hau da, baserriak eskura dauzkan baliabideei etekina ateratzearen ezinbestekotasuna azpimarratu nahi izan zuten pikunietatarrek. Beraien kasuan, garoa da adibideetako bat, eta ardientzat negurako bazka etxean egitea beste bat. Duela pare bat urtera arte Nafarroatik alpapa ekartzen zuten, baina orain belardi batzuk udaberri-udako belarra mozteko gordetzen dituzte, etxean belarra ontzeko prestatu duten azpiegituran lehortu eta gordetzeko. Bertsolariek adi adi azalpenak entzun ostean, beste saiotxo bat eskaini ziguten eguzkipean eta ardi artean, Elosuko gainetik etorrita ikusten diren Elkarte-Txabolak eta batzuetan urbaniten jokaerak artzaintzari sortu diezazkiokeen eragozpenak gogora ekarriz “Hemen artzainek lengo/eran diardute/ Ta gastronomikoek/garrantzi gehio dute”.

Bisitaren hurrengo geltokia belar lehorgailua izan zen. Europa erdialdetik ekarritako eraikuntza ereduak azarotik martxora arteko sasoian artaldea elikatzeko bazka egitea ahalbidetzen die.

Azalpen guzti horiek eguerdira eraman gintuzten, energiak berritu eta egarria kentzeko kopautxoaren ordua: etxeko gaztak, etxeko sagar-dultzea, ogia, Arabar Errioxako ardo beltza eta Gipuzkoako sagardoa. Horrek taldea piztu zuen, nola ez bada, eta bertsolariek ere bizi berrekin zioten beraien lanari. Arzallusek bertsolarien aurrean jarrita zegoen etxeko artzain-txakur zaharrari bota zion “Hemen juezik onena/neretzat bera da/Muturra jiratzen du/bertsoa ona bada”. Ondoren atentzioa Mirandatik (Burgos) etorritako Héctor wooffer euskaldunberriarengana aldatu zuen Lujanbiok “Etxe hontan daukate/ekipo ederra/ Familia ta zakur/hanka bi okerra/ Eta Mirandatikan/heldu den woofferra”.

BERTSOA.EUS.png

bertsoa.eus atarian dituzue Pikunietako bertso saioen bideoak

  Esnearen zirkuitoa azkar batean eginez, jezteko gela, gasnategia eta ontze-kamara ezagutu genituen. Jakin genuen urtean Pikunietan 2000 kg gazta inguru egiten dituztela, mota ezberdinak egin ere: Idiazabal tankerakoak, Zuberoako eta Biarkono eran afinatutako beste batzuk eta baita gazta urdinak ere. Izen korapilatsudun lizun edo ontto mota ezberdinen berri eman ziguten ere gaztagileek, Lujanbiok gero azken saioan gogorarazi zuenez “… Ardi latxak obeditzeko/ez dira ardi gaitzenak/ Zailtasun gehio izandu dira/artzaiaren hitzenak/ Gazta urdina, gazta biguna/ lehor ttiki ta gizenak/ Bertso batean ezetz bi esan/ ontto horien izenak”.4

Bertso saio agroekologikoa eszenatoki berezi batean bukatu genuen, publikoak garoa oinetan eta bertsolariak lasto fardo handi baten gainetik kantari. Agertoki “agropunk” honetan, Arzallusek jarri zuenez, gustora aritu ziren bertsolariak eta baita entzuleak ere. Ametsek berak ideia interesgarria bota zuen abiadura handiko trenaren inguruan: “AHTa ez baletor/ hori bai trantzea/ Onena tunel hoiek/gaztaz betetzea”. Giro bertsozale ederrean koplak eta puntuak joan ziren, konturatu ginenera arte bazkaltzeko ordua pasatuta zegoela eta Ortutik Ahora katerineko lagunen ardiki gisatua zain genuela. Maialen Lujanbiok itxi zuen saioa puntu esanguratsu batekin “Bizimodua pixka pixka bat/ mudatu digu gaurkoak”.

DSC_8702(1)

 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora