Asteroko buletina
Artoak ontzeko erein behar dira garagarrilean; guk erein genituen uztan, horregatik geratu ginen ez buru eta ez buztan.

Bizi baratzearen plaza

EHKOlektiboa
Euskal Herriko bio-baserritar agroekologiko eta herritarren kolektiboa gara. Muga administratiboen gaindik, Euskal Herriko bio laborariak biltzen ditugu, baita herritarrak ere, elkarteko kide izanik, parte hartzen dute. Zer bultzatzen dugu? Agroekologian oinarritutako nekazaritza eredu bio-ekologikoa. Lau hitzetan definituta: Laborantza BIO-EKOLOGIKOA, BERTAKOA, ETXALDEKOA eta HERRIKOIA.

BASERRIKO PLAZA proiektua utziko du EHKOlektiboak

2020-05-15 10:04

EHKOlektiboko Talde Eragilearen mezua BASERRIKO PLAZA komunitateari

Egun on lagunak!

COVID-19ak ekarri duen alarma egoerari aurre egin nahian abiatu genuen BASERRIKOPLAZA.eus webgunea duela ia bi hilabete. Gure helburua izan da egoera honek tokiko baserritarrek elikagaiak saltzeko eta herritarrok horiek eskuratzeko ditugun zailtasunei aurre egiteko plataforma bat sortzea, larrialdi egoeran inoiz baino gehiago bermatu beharra dagoelako elikadura osasuntsuaren aldeko eskubidea.

Twitter bideko elkarrizketa batean hasi zen dena, eta hurrengo egunerako sistema prestatua zuten software libren lan egiten duten Avanzoos eta Freeedoko lagunek. Geuk ere, EHKOlektiboko lanak birantolatu eta proiektu honetan murgildu ginen buru-belarri. Ia bi hilabete izan gara elkarlanean proiektu hau garatzen eta egia esan ez da bide sinplea izan urruti gauden bi munduen artean proiektu hau sortzea, informatika eta agroekologia…Gainera gure egiteko moduei eutsi diegu eta era askean, kolektiboki eta elkarlanean lan egin dugu, lan bolondresa sustatuz, laguntzaile guztiei tresnaren formazioa eta bidelaguntza eskainiz.

Gauzak horrela bidegurutze batera iritsi gara orain: alarma egoera amaitzear dagoen honetan, zer egin plataformarekin? Proiektua sustatzen jarraitzeko dinamizazio mailan indar handia egin beharko genuke, izan ere ekoizpen proiektuek bidelaguntza behar dute, eta komunikazio mailan lan handia egiten jarraitu beharko litzateke, baita ereduaren eta irizpideen zaintzan ere…. Zalantza sortzen digu gure ahalmenak izan ere, EHKOlektiboan indar mugatua dugu eta erronka sakonak ditugu gure baitan. Gure kolektiboari, kideei eta etxaldeei zor gara, eta beraz gure lana berriz zentzu honetan kokatu beharra ikusten dugu, txikitasunetik jendartean eragiteko borondatetik. Eta horretaz BASERRIKO PLAZA proiektutik irten egingo gara, pena handiz.

Egin dugun bideaz eta proiektuaz balorazio positiboa egiten dugu. Batetik BASERRIKO PLAZAK erakutsi digu herritar eta baserritar ugari dagoela aldaketak egiteko gogotsu. Hunkigarria izan da herritarrek eman diguten babesa eta jaso ditugun mezu eta deiak. Konfiantza eman diguzue elikadura sistema justuago baten bidean lanean jarraitzeko. Bestalde, BASERRIKO PLAZA sortzeko prozesua beragatik ere harro sentitzen gara. Eragile ezberdinekin berehala lan egiteko motibazioa eta indarra izan genuen gure burua ber-asmatuz eta proiektua eragile eta laguntzaileei irekiz. Teknikoki asko ikasi dugu, bai informatika tresna libreen inguruan eta baita hauekin lan egiteko moduetan are. Eskerrik beroenak Avanzooseko Ana Juaristiri. Eskerrik asko ere bideratzaile taldeari: Miren, Iker, Koldo, Iñigo, Aitor, Gorka, Talaios eta Tapunto-ko lagunei eta orokorrean proiektua garatzen ibili diren ia 16 pertsona guztiei besarkada handi bana.

Azken hitza proiektu honetara batu zareten baserritarrei. Eskerrik asko BASERRIKO PLAZA proiektuan sinisteagatik. Plataformak aurrera jarraituko du pixkanaka garatzen informatikarien bultzadari esker. Bertan jarraitzea animatzen zaituztegu, eta proiektu honetatik jaiotzen diren beste ekimenen adi segitzea.

EHKOlektiboa.eus atarian aurkituko gaituzue beti bezala.

Mila esker eta aurrera BASERRIKO PLAZA!

EHKOlektiboko Talde Eragilea

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora