Asteroko buletina
Apaltasunik gabe ez dago baratzezaintzarik.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Zumeta, Ameztoy eta Arrastaluren horma-irudi antinuklearra, Arte Ederren Museoan

2020-11-10 18:56

Horma-irudia, BIlboko Arte Ederren Museoan. Argazkia: Marisol Ramirez/Foku, Naiz.

A zer-nolako poza sentitu dugun Jose Luis Zumetak, Vicente Ameztoyk eta Carlos Zabala “Arrastalu”k 1980. urtean Lemoizko zentral nuklearraren aurkako Herrikoi Topaketetan margotu zuten horma-irudi hura Bilboko Arte Ederren Museoan ikusi dugunean. Eguzkin aitortza moduan ulertzen dugu, artista haiekiko aitortza, jakina, baina baita haiek artearen bidez ordezkatu zuten mugimendu antinuklear harekiko nolabaiteko aitortza ere.

https://www.berria.eus/paperekoa/1877/031/001/2020-11-10/museoan-gelditu-da-lemoiz.htm

https://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20201110/lemoiz-gelditu-murala-bilboko-arte-ederren-museoan-ikusgai-dago

“Horrelako aitortza egiten dizutenean, desaktibatu zaituzten seinale”. Beharbada. Baina kasu honetan uste dugu batez ere berrogei urte alferrik pasatu ez diren seinale dela. Inorentzat ez, e? Urrutira joan gabe, horma-irudiaren aurkezpenean zeuden Lemoizko zentrala martxan ipini ezean azak jan beharko genituela aldarrikatzen zuen alderdi haren maila goreneko ordezkari instituzionalak. Bai, badakigu horiek, “oso memoria malgua” dutela, nolabait esateko, baina ezin izan diogu barreari eutsi, batez ere kontuan hartuta berrogei urte eta gero ere horma-irudiaren mezua lehen egunean bezain sendoa dela.

Zumeta, bizkarka, aldamioan igota, horma-irudia margotzen.

Zumeta, bizkarka, aldamioan igota, horma-irudia margotzen.

Beraz, pozik gaude. Hala ere, gauza bat da Mugimendu Antinuklearra museoan sartzea, sartu den bezala, eta beste bat, oso bestelakoa, Mugimendu Antinuklearra honezkero museoko pieza izatea. Horregatik gaizki egingo genuke aukera hau baliatuko ez bagenu gogoratzeko hemen Iberduero/Iberdrola izan dela sekula barre egiteari utzi ez diona. Lemoizko zentrala bertan behera uzteagatik argindarraren erreziboen bitartez 2.273 milioi euro kobratuta nahikoa ez, nonbait, eta lursailak erakunde publikoen esku utzi behar izan dituenean ere lehengoratze- edo zaharberritze-lanengatik zentimorik ordaindu gabe egiteko moldatu da.

Alde horretatik, Lemoizko lursailen inguruan bada behar bezala itxi gabeko zauri bat. Eguzkik jarraitzen du haientzat eskatzen historiarekin bat datorren erabilera. Horrek, zehatz-mehatz, zer esan nahi du? Ba, esan nahi du Basordako kala naturaren aldetik ahal den neurrian lehengoratu beharko litzatekeela eta bertan parke publiko bat egokitu, beharbada memoria-leku gisa. Eguzkik ez du beste erabilerarik baztertzen, baina betiere lehengoratzearekin eta erabilera publikoarekin bateragarri den heinean (Jaurlaritzak berriro hauspotu duen akuikultura-makroproiektua helburu horiekin bateragarria ote da?). Nolanahi ere, lursail horiei ematen zaien erabilera edozein dela, Eguzkik aholkatzen du erabakia aldebakarrekoa ez baizik eta ahal den adostasun sozialik zabalenaren ondorio izatea, memoriak horretarako ere balio beharko luke eta. Laburbilduz, historiarekin bat datorren erabilera eskatzen dugunean, honako hauek eskatzen ditugu: lehengoratzea, erabilera publikoa eta adostasuna.

EGUZKI, 2020ko azaroa

La entrada Zumeta, Ameztoy eta Arrastaluren horma-irudi antinuklearra, Arte Ederren Museoan aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora