Asteroko buletina
Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko proiektuari alegazioak aurkezteko deia

2022-11-15 18:06

Hona hemen proiektuak kaltetuko lukeen eremua.

Hainbat herritar eta elkarte –Eguzki eta Usurbilgo Aranerreka talde ekologistak, esaterako- ALEGAZIOAK aurkezten ari dira Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko Eusko Jaurlaritzak jendaurrean jarri duen eta alegazio-epean dagoen proiektua bertan behera uztea eskatzeko.

ALEGAZIO-DOKUMENTUA esteka honetan ere eskugaragarri dago: https://alegazioakaginaga.wordpress.com/

Alegazioetan azaltzen denez, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak Aginagako tunela eraikitzeko proiektua jendaurrean jarri duen hirugarren aldia da hau. Proiektu hori, nonbait, lehen begiratuan eztabaidagarria izan ez daitekeela iruditu arren, zinez auzitan jarri behar dela ondorioztatzen da xehetasun handiagoz aztertzen denean.

Lehenik eta behin, azpimarratu behar da naturguneak babesteko ardura duten administrazio-organoen erantzun argia eragin duela proiektu honek, 2008an izapidetzen hasi zenetik. Horri dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitate Zuzendaritzak 2008an ohartarazi zuen trazatua Olaberrietako paduraren babes bereziko eremuan sartzen dela, eta bertan azpiegiturak eraikitzea “berariaz debekatutako erabilera” dela, Hezeguneen Lurraldearen Arloko Planean ezarritako antolamenduaren arabera. Hori dela eta, Biodibertsitate Zuzendaritzak adierazi zuen “proiektua eremu horretan birdefinitu beharko dela”. Biodibertsitate Zuzendaritzaren dokumentua esteka honetan dago eskuragarri: https://alegazioakaginaga.files.wordpress.com/2022/11/direccion-biodiversidad.pdf

Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiko Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuak, 2021eko abenduko alegazioetan, kritika zorrotza egin du, ”oraindik ere ez direlako aintzat hartu” ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismenari buruzko dokumentuari emandako erantzunean azaldu zituen eragozpen nagusiak. Horri dagokionez, adierazi du Aginagako tunelaren proiektua obra handiago baten zati labur bat baino ez dela, Zarautz eta Usurbil artean trenbide-sarea bikoiztea aurrikusten duena. Hori dela eta, Oriako Itsasadarreko naturagunean proiektatutako obra-zati guztien ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratua egiteko eskatu du. Are gehiago, trazatu-alternatiba bat proposatu du, hain zuzen ere trenbide-proiektua Olaberrietako paduratik eta Oriako Itsasadarreko Kontserbazio Bereziko Eremu osotik igarotzea saihesteko, Aginagatik Motaondoraino (Orio). Basa Animalien eta Landareen Zerbitzuaren alegazioek aipamen berezia merezi dute eta dokumentua esteka honetan eskuragarri dago:

https://alegazioakaginaga.files.wordpress.com/2022/11/servicio-fauna-y-flora-1.pdf

Hala ere, ohartarazpen eta proposamen horiek ez dira aintzat hartu, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak bere horretan jarraitzen du, Oriako itsasadarreko naturagunean dituen ondorio kaltegarriengatik behin eta berriz zalantzan jarritako proiektu hori gauzatzeko ahaleginean.

Olaberrietako gaur egungo tren-zubia.

Olaberrietako gaur egungo tren-zubia.

Bestalde, ustekabean gertatu da Eusko Jaurlaritzak proiektuaren onarpen-prozesua eten eta tramitazioa berriz hasi behar izan duela, Kostaldeen eta Itsasoaren Espainiako Zuzendaritza Nagusiak iaz jendaurrean jarri zen proiektua ezestea eskatu duelako, hain zuzen ere egitasmoak Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoan dituen eraginen ondorioz. Hori dela eta, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzak berriro ere jendaurrean jarri du proiektua, Olaberrietako padurako Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoan aurrikusitako lur-betelanekin egiten den okupazioa “gutxizeko” 30 metroko tarte labur batean biaduktu bat erantsi diolarik.

Nolanahi ere, Ingurumen Inpaktuaren Azterlanak “larritzat” jotzen du paduraren eta Espazio Natural Garrantzitsuen gaineko inpaktua. Horrez gain, ohartarazi behar da Irisasi mendi publikoa eta Itzaoko ibarra ere ez daudela inpaktu handi batetik salbuetsita. Alegazio hauetan azpimarratzen denez, landarediaren gaineko afekzioen larritasunarekin batera, proiektuak obraren amaieran Irisasitik Olaberrietaraino eta Itzaoko ibarrean zehar egungo trenbidearen gainean ezartzea aurreikusten duen 5 metro zabalerako eta 3 km luzerako bidearen inpaktua (argiztapen-kanalizazioekin eta guzti) nabarmentzen da. Izan ere, bide horrek erabat urratzen ditu natura-balio handiko eremu horiek duten irisgarritasun zaila bermatze aldera ezarritako neurriak.

Ingurumen-arrazoiekin batera, alegazioetan salatzen da proiektuak ez duela inolako eskaera-azterketarik egiten, ez eta obra horren ebaluazio sozio-ekonomikorik txikiena ere ekartzen. Horri dagokionez, azpimarratu behar da Aginagako tunelaren egitasmoa Usurbiletik Zarautzera trazatu berriekin saihesbide mordo bat eraikitzea aurreikusten zuen plan zabalago baten baitan diseinatu zela, 2000ko lehen urteetan. Hala ere, plan hura duela bi hamarkada ekonomiaren hazkunde handiko eta azpiegituren hedapen handiko testuinguruan bultzatu zen, eta egungo baldintzetan hori guztia oso zalantzagarria dela pentsatu behar da. Hau da, gaur egungo testuinguruan, Aginagako tunelaren proiektuak ez du inongo justifikazio zorrotzik, eta are gutxiago trenbide-sarea tarte horretan hobetzeko hain erasokorrak ez diren eta azpiegitura berririk eraikitzea eskatzen ez duten bestelako aukera batzuk plantea daitezkeenean.

Hori dela eta, Aginagako tunela eraiki ordez, egungo trenbidearen optimizazioan oinarritutako estrategia alternatibo baten alde egiten da alegazio hauetan. Hau da, Euskotrenen linea hobetzeko estrategia alternatibo bat defendatzen da hemen, jarduketa apalagoekin eta azpiegitura berri bat eraiki behar izan gabe, Donostia eta Zarautz arteko zirkulazioetan behar izanez gero 20 minutuko maiztasuna lortzea ahalbidetuko lukeena puntako orduetan. Horretarako, Txokoalden Aginagako geltoki zaharrean bide bikoitzeko gurutzagune bat sortzea eta geltokia berriro irekitzea proposatzen da, auzoko sarreran dagoen trenbide-pasagunea kentzearekin eta trenak Itzaoko ibarretik eta Oria ibaiaren ertzetatik igarotzeak ingurumenean duen eragina murrizteko beharrezko neurriak hartzearekin batera.

Gai horiek guztiak zehatzago azaltzen dira ondorengo alegazioetan.

Bukatzeko, adierazi beharra dago Aginagako tunela eraikitzeko proiektua ezestea eskatzeko Eusko Jaurlaritzari zuzendutako alegazio-dokumentu honek, aldi berean pertsona, talde eta elkarte guztiei zuzendutako ekarpen bat ere izan nahi duela, gaur egun are premiazkoagoa den hausnarketa bultzatzeko. Alde horretatik, interesa duten pertsona eta elkarte guztiek proiektua aztertzeko eta beharrezkotzat jotzen dituzten gaiak lantzeko behar den denbora izan dezaten, informazio publikoren eta alegazioak aurkezteko epearen luzapena ere eskatzen da alegazio hauen amaieran.

Alegazioak aurkezteko epea AZAROAK 22an amaituko da.

La entrada Usurbil eta Orio arteko trenbidean Aginagako tunela eraikitzeko proiektuari alegazioak aurkezteko deia aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora