Asteroko buletina
Apirileko egunak hiru aro

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Urdaibaiko Guggenheim berriaren proiektuak kalte esanguratsuak eragingo dizkio Biosferaren Erreserbari

2022-06-30 21:51

HITZA.-Zain Dezagun Urdaibaik salatu du Guggenheim berriaren proiektuak “kalte itzulezinak eta esanguratsuak” eragingo dizkiola biosferaren erreserbari. Egoera horren aurrean, Urdaibaiko natura eta kulturaren alde egiteko asmoz, Urdaibaietz plataformak elkarretaratzea egingo du domekan, 11:00etan, Muruetako telleriaren aurrean, “Bi Guggenheim go home” lelopean.

Zain Dezagun Urdaibaiko kideek zehaztu dute 2022ko apirilaren 24an izan zutela Guggenheim Museoa Gernikan eta Muruetan zabaltzeko proiektuaren espedientea ireki zenaren berri: “Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren Zuzendaritzak jakinarazi zigun espedientea ireki zela. Gainera, antolamendu planari buruzko iritzia emateko eskatu zigun”.

Dokumentuak aztertuta, elkarteko kideek salatu dute Jaurlaritzak aurkeztutako dokumentuetan ez dagoela “aurrekaririk, justifikazio dokumentaziorik, ezta gauzatu gura diren proiektu teknikoen berririk” ere. Guggenheim museoa Gernikan eta Muruetan egiteko urbanizazio eta eraikuntza aurreproiektuak ere ez dituztela jaso gehitu dute, eta horiek aurkeztea “derrigorrezkoa” dela aitatu: “Izan ere, horien azterketarik barik, zaila da ebaluatuko den proiektuaren lurraldearekiko benetako eragina aztertzea”.

Gogoratu dute elkartea Erreserbaren Patronatuko Kooperatiba Kontseiluko zuzenbidezko kidea dela eta, hala ere, ez duela inolako berririk izan proiektu horiek Erreserbaren Patronatuaren mahai gainean jarri direla eztabaidatzeko eta hitzarmen sozialak egiteko, “iaz berariaz eskatu arren”. Diotenez, testu eta plano horiek “ez daude herritarren eskura”, eta gutxi batzuek ikus ditzakete, “diru publikoz ordainduta dauden arren”.

Beste alde batetik, salatu dute ingurumen inpaktuaren ebaluazioari buruzko agiri teknikoa (NHA) Urdaibai-Busturialdeko ingurumen eta gizarte eta ekonomia arloko abiapuntuko baldintzatzaileen “analisi okerretik” abiatzen dela.

Izan ere, Ramon Zallok Busturialdeko egoera sozioekonomikoaren azterketa egin zuen, eta bere txostenean hainbat ondorio azaleratu zituen; horiek Sinergia enpresak prozesu honetan aurkeztutako analisi sozioekonomikoen eta ondorioen aurka doazela adierazi dute. “Uste dugu Busturialdeko garapen iraunkorraren alde eskumenak dituzten administrazio publikoen ekintza ezak eta finantziazio ezak eragin dutela egungo egoera. Ez dira gai izan ongizate estatua bermatzeko, etorkizunerako itxaropenak sortzeko eta bertako biztanleentzat bizitzaren iraunkortasuna hobetzeko; ezta gure eskualdeko ingurumen balio eta balio kultural ukaezinak babesteko ere”, argudiatu dute.

Identifikatutako gabeziei gizarte prozesu, ekonomia prozesu edota ingurumen prozesuak gehitu behar zaizkiela diote, krisi klimatiko eta sanitarioaren barruan kokatu daitezkeenak: “Urdaibain lurreratu eta jabetza hartzen saiatzen diren operadore edo enpresa handiak agertzeak kezkatzen gaitu, izan ere, horiek, munduko beste puntu batzuetan aplikatutako konponbideak dakartzate, Urdaibairentzat egokituta ez daudenak eta zaharkitutakoak”.

Adierazi dute Urdaibain ez dagoela harremanik ekimenen artean, “bakoitzak bere ikuspegiak dituelako eta epe laburreko interes espezifikoei erantzuten dietelako, Guggenheim bi egitearen ideia, kasu”. Salatu dute administrazioak ez direla gai “liderrak” izateko eta erronka nagusiei aurre egiteko; besteren artean, estrategia ekonomiko partekatuak garatzeko edota kudeaketa eredu berdeak eraikitzeko. “Aldundiaren proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ere zalantzan jarri behar da”.

Egindakoa, “baztertuta”

Zain Dezagun Urdaibaikoek diote aldundiak alde batera utzi duela 2009-2015 aldiko Urdaibaiko Biosferaren Garapen Iraunkorrerako Estrategia, Urdaibain eskumena duten eragileen artean egindakoa –Jaurlaritza, BFA eta udalak–. “Uste dugu aldundiak modu ez demokratikoan jokatu duela, hainbat puntutan legezkotasuna hautsiz. Izan ere, proiektuan ez dituzte sartu aldez aurreko eta nahitaezko ikuspegiak, alternatibak eta herritarren iritziak”.

Gainera, salatu dute Urdaibaiko Legeak eta beste lege batzuek ezartzen dituzten “babes bereziko” eremuak “desbabestu” nahi dituztela: “Aldaketak egin gura dituzte lurraldearen antolamenduan. Aldaketa horiek gunearen kontserbazioaren edo birsorkuntzaren aurka doaz, eta eremu horietarako indarrean dagoen babes araudia dekretu bidez indargabetzen dute”. Beraz, ondorioztatu dute “agerikoa” dela ez dituztela aukera guztiak aztertu, eta salatu dute elkarteak aurkeztutako hiru proposamenak alde batera utzi dituztela.

Elkarteak aurkeztutako txostenaren laugarren puntuak laburbiltzen du Busturialdeko Natura 2000 Sareko guneei buruzko “ingurumen ebaluazio eskasa” egin dutela: “Urdaibaiko eremuan kontserbazio bereziko eremuak daude, baita paduretako eremuak ere. Ez dira berdinak Natura 2000 sarearen eremuan eta Bizkai, Araba eta Gipuzkoako ingurumen ebaluazioan egin beharreko azterketak. Antzekotasunak dituzte, baina ez dira berdinak”.

Aldundiak aurkeztutako dokumentuek “ez dutela betetzen lurralde antolamenduan xedatutakoa” adierazi dute ekologistek: “Aurkeztutako dokumentuan ez dira barne biltzen ingurumen eskakizunak; klima aldaketa, hiri birsorkuntza, paisaia, ekonomia zirkularra edota mugikortasun iraunkorra”.

Elkarteko kideen iritziz, gainera, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren “likidazioa kontsumituko” da “Unescoren MAB Programaren barruan babestutako naturgune gisa”. Izan ere, diotenez, aldundiak babes bereziko eremuetan egindako hirigintza proposamenek arau horiek urratzen dituzte.

Proiektuaren ikuspegi teknikoak ere landu dituzte, eta Gernikako eta Muruetako Guggenheim biak batuko dituen bideari ere erreferentzia egin diote: “Bide hori egiteko beharrezkoak izango diren obrak, baliabideak eta eraginak ez dituzte jaso aurkeztutako dokumentuan. Obra horiek kalte handiak eragingo dizkiote lurzoruari”. Halaber, Urdaibaira milaka pertsona gerturatzeak edota Gernikako Bekoibarra bisitariak hartzeko gune bihurtzeak eraginak edukiko dituela diote. Muruetako ontziola ixteak eragin ekonomikoak izango dituela ere uste dute: “60 langile baino gehiago ditu zentroak”.

Dokumentuan, gainera, diotenez, ez dira aztertzen bide hori Oka ibaiaren ondoan eta paraleloan jartzeak ingurumenean eduki ditzakeen ondorio akustikoak.

Datu eta hausnarketa horiek guztiak aintzat hartuta, beraz, Zain Dezagun Urdaibaik Ingurumen Sailari eskatu dio onartu ditzala elkartearen alegazioak eta egindako ekarpenak eta Urdaibain Guggenheim bi eraikitzeko proiektuaren espedienteari eta hori eraikitzeko modifikazio proiektuari ezezkoa emateko. “Modifikazio proiektua onartzeak inguru horretan etorkizunean obrak egitea baimenduko du, eta horrek natura ondare kulturalari kalte esanguratsuak eragin ahal izango dizkio”.

 

La entrada Urdaibaiko Guggenheim berriaren proiektuak kalte esanguratsuak eragingo dizkio Biosferaren Erreserbari aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora