Asteroko buletina
Prailea eta baratzea, eman gabe ez dago engainatzerik...

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Pasai Donibaneko saneamenduan atzerapen berri bat salatu du Eguzkik, oraingoan azken orduko proiektu-aldaketa batengatik

2019-12-04 19:55

Donibaneko ur zikinen saneamendua berriro atzeratuko dela baieztatu du Izaskun Gomez Pasaiako alkateak, oraingoan azken orduko proiektu aldaketa baten ondorioz. Joan den asteko Osoko Bilkuran egin zuen iragarpena. Erakunde sozial eta ekologistetako kideak bertan ginen, hain justu, azalpenak eskatzeko, lanak egiteko eman zuten azken epea oraingoan ere ez delako bete.

Guztiz harrituta atera ginen Osoko Bilkuratik, baina, batez ere, haserre, oso haserre. Hau adar-jotze hutsa da. Hamar urtez arazo honi hamaika buelta egin ondoren, hara non orain esaten diguzue hobeto pentsatu duzuela eta proiektuz aldatu behar duzuela?

SINESGARRITASUN KONTUA

Egia esan, politikariek gugan harridura sortzeko duten gaitasuna mugagabea da. Gogoratu behar da Donibaneko saneamenduak, legez, duela hamarkada bat bukatuta eta zerbitzuan egon behar zuela. Alabaina, hamar urte beranduago, barrutiak ur beltzak zuzenean badiara isurtzen jarraitzen du. Are gehiago, isurketa “eremu kaltebera” batera egiten da, Eusko Jaurlaritzak horrela deklaratu baitzuen 168/2004 Dekretuaren bidez, 91/271/EEE Europako Zuzentarauari jarraituz.

Denbora honetan guztian, saneamendu-lanen exekuzioari buruzko itxaropen faltsuak sortzen joan zaizkigu. Inoiz bete ez diren epeak jartzen joan dira, bata bestearen atzean. Horrela, hamar urteko atzerapenak pilatu arte. Hona hemen prozesu honetako mugarri garrantzitsuenak:

Esther Larrañaga Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak 2007ko maiatzean egindako adierazpenak. Donibane saneatzeko beharrezko azterlanak martxan zeudela eta lan horiei lehentasuna emango zietela esan zuen.

Gipuzkoan azpiegitura hidraulikoak 2007. eta 2011. urte bitartean egiteko Esparru Akordioa. Bertan, Donibaneko saneamendua egiteko erakunde bakoitzak finantziazioaren zer zati ipini behar zuen zehazten zen.

2015-2021 aldirako Plan Hidrologikoa. Hor ere erakunde bakoitzak jarri beharreko diru-zatia zehazten zen.

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak 2017ko azaroan emandako informazioa, proiektua onartzeko epeei, lizitazioari, obren hasierari eta iraupenari buruzkoa.  Informazio horren arabera, lanak 2019ko abenduan edo 2020ko urtarillean bukatuta egongo ziren.

Baina txisteratik untxi berri bat atera dute (azkena ote?).

2019ko abenduan gaude eta lanak ez dira hasi ere egin. Gauzak horrela, hainbat gizarte-eragile Pasaiako Udalaren 2020rako aurrekontuak onartzeko Osoko Bilkurara joan ginen, lanak lehenbailehen has daitezela eta aurrekontuetan horretarako diru gehiago ipini behar badute ipin dezatela eskatzeko. Eta hor esan ziguten: aurreko astean URA Agentziarekin egindako bilera batean jakinarazi omen zieten proiektu-aldaketa bat dagoela (eta, ondorioz, atzerapen berriak). Zehatz-mehtz, 2008an baztertu zuten ideia bat berreskuratu eta saneamendua itsas aldetik egingo omen dute (lehorretik egin beharrean). Lanak hasteko epe berria datorren urte bukaera da.

donibane-pankartaUstekabe galanta. Gidoi-buelta honek hainbat galdera planteatzen ditu, aurrerantzean erantzun beharko direnak. Baina une honetan, oroz gain, Eguzkikook salatu beharrean gaude prozesu honek guztiak (non baliabide publikoak xahutu diren) agerian uzten duela inprobisazioa dela nagusi, eta, jakina, zalantzen jartzen duela.

Orain, goi-mailako ordezkari publikoek gai honen inguruan eman duten hitza behin eta berriz jan dutela ikusi ondoren, konfiantza izan behar al dugu URAko ordezkari batek esandakoan?

EGUZKI, 2029ko abenduan

La entrada Pasai Donibaneko saneamenduan atzerapen berri bat salatu du Eguzkik, oraingoan azken orduko proiektu-aldaketa batengatik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora