Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2023-01-23 18:28

Proiektuaren aurkezpenean egindako argazkia. 270 metroko bidegorria, 1,5 milioi euroko aurrekontua, 5 hilabeteko exekuzio-epea eta… 5 urteko atzerapena. Iturria: Gipuzkoa.eus

Rafaela Romero Mugikortasuneko diputatuak adierazi duenez, Frantziako Tourrak zeharkatu behar dituen lekuetan herri-lanik ez egiteko eskatu du Eusko Jaurlaritzak; horren ondorioz, Lezo-Donibane bidegorriaren lanak ez dira apirilean hasiko, uztailean baizik. Beraz, oraingoan Tourra da aitzakia Donibane-Lezo bidegorriaren lanak berriz ere atzeratzeko. Eta dagoenko BOST URTEKO ATZERAPENA da.

Egia esan, Tourrak eragindako atzerapena ez zaio gaizki etorriko Mugikortasun Departamentuari; izan ere, Romerok apirilean hasteko asmoa zuela adierazi duen arren, orain dela hilabete bat, behintzat, proiektua oraindik guztiz itxi gabe zegoen. Eta obrak ere esleitu egin beharko dira, jakina. Horregatik esaten dugu Tourrak eragindako atzerapena ez zaiola Departamentuari gaizki etorriko, batez ere Aldundian bidegorriekin zerikusia duen guztia barraskilo-abiaduran tramitatzen dela kontuan izanik,

Oraingo espaloia hain da estua ezen hiru pertsona gurutzatzen direnean horietako batek nahitaez errepidera jaitsi behar duen.

Oraingo espaloia hain da estua ezen hiru pertsona gurutzatzen direnean horietako batek nahitaez errepidera jaitsi behar duen.

Nolanahi ere, dagoeneko ofiziala da: legealdia maiatzean amaituko da bidegorria bukatzeko lanak hasi ere egin gabe.

Gogoratu bidegorri honen lehen zatia, Lezotik gertuen dagoena, 2017an bukatu zela. Orduan, Aldundiak esan zuen falta ziren bi zatiak 2018an egingo zirela. Bigarren zatia 2018an ez, baina 2019an egin zen. Hirugarren zatiak, berriz, Donibanetik gertuen dagoenak egin gabe jarraitzen du. 270 metroko zatia baino ez da, baina oinezkoentzako zein txirrindularientzako arriskutsuena. Aldundiak 2021ean sartu zuen aurrekontuan eta urte hartako urrian, obrarik ezean, iragarri zuen proiektua esleitu egin behar zuela. Horrek aditzera ematen zuen 2022an obrak egiteko edo hasteko moduan, behintzat, egongo zirela. Urrian esan ziguten lanak “2023ko lehen hilabeteetara” atzeratuko zirela. Orain, berriz, apririlean hastekoak zirela, baina uztailera arte itxoin beharko dela. Eta horrela bost urte.

Errebindikazioa hain da aspaldikoa ezen pintadak ia ezabatuta dauden.

Errebindikazioa hain da aspaldikoa ezen pintadak ia ezabatuta dauden.

Lezo eta Donibane bitarteko bidegorriaren atzerapenak Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planarekin gertatzen ari denaren isla da. Plan hori 2013ko ekainean onartu zuten aho batez Batzar Nagusietan ordezkatuta zeuden talde politiko guztiek.

Planak zortzi urte aurreikusten zituen, bi laurtekotan banatuta, 2013-2017 eta 2017-2021, Oinarrizko Foru Sarean egiteke zeuden bidegorri-zatiak egiteko, hau da, Sarea behingoz osatzeko. Baina, zortzi urte horiek pasatuta, Planean aurreikusitako bidegorrien zerrenda begiratu besterik ez da egin behar egiaztatzeko asko direla, gehiegi, Lezo-Donibane bezala bukatu gabe, edo, are gehiago, hasi ere egin gabe daudenak, esaterako, Errenteria-Gaintxurizketa eta Gaintxurizketa-Irun (Katea), gure ingurukoak soilik aipatzeagatik.

Horrela jarraituz gero, zortzi urtetan osatu behar zen sare hori, OINARRIZKO Sarea kasualitatez deitzen ez zena, beste hamabost edo hogei urte beharko dira osatzeko.

EGUZKI, 2023ko urtarrila

La entrada Oraingoan, Frantziako Tourra da aitzakia Lezo-Donibane bidegorria berriz atzeratzeko aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/