Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-12-26 23:36

Gasteiz hegoaldeko auzo-elkarte eta kontzejuok gure kezka adierazi nahi dugu inguru honetan trafikoa areagotu delako eta gero eta eragin handiagoa duelako hemen bizi garen pertsonongan, eta, era berean, gure egonezina agertu nahi dugu udala hiriko eremu honetako mugikortasun-arazoaren aurrean aztertzen ari den aukerak direla eta.

Egin diren esku-hartzeen ondorioz, Iturritxu-Zumabide-Maite-Zuñiga ardatza ingurabide moduko bat bihurtu da, eta udalak erreiak gehituko dituenez, betiko horrela geratzeko arriskua dago.

Kezkatuta gaude egindako jarduketen helburua ez delako izan trafiko-bolumena eta autoek hartzen duten espazio publikoa murriztea; aitzitik, zirkulazioaren arintasuna areagotzera eta ibilgailuz joan-etorriak egiteko beharrezko denbora murriztera bideratu dira. Eta alde batera utzi da horrek kale horietan bizi eta ibiltzen diren pertsonen osasunean (kutsadura akustikoa eta ingurumenekoa) eta segurtasunean duen eragina.

Udalak eremu horretan egin ditzakeen beste esku-hartze batzuk zehaztu gabe daude, eta, beraz, ez dakigu hegoaldeko trafikoa arinduko duten edo gehiago oztopatuko duten. Horrek gure ziurgabetasuna areagotzen du, zehazki, honako hauei dagokienez:

• Etorkizunean Zabalganaraino egingo den tranbia-linearako garajeen proiektua Aretxabaleta herriaren ingurura edo URSSAren lurretara lekualdatzea, eta tranbiak horietara iritsi ahal izateko bideak eraikitzea, paisaian eta ingurumenean izango lukeen inpaktu handiagatik eta inguruan are ibilgailu pilaketa handiagoak eragingo lituzkeelako.

• Zirkulazioaren lehentasuna aldatzea ardatzaren biribilgune batzuetan, horrek dakarren istripu-arriskuagatik eta ez dakigulako neurri eraginkorra den ala ez.

Iturritxu-Zumabide-Maite Zuñiga ardatzean erreiak gehitzea, trafikoa areagotuko duelako eta horrek, era berean, ondorioak izango dituelako; horrez gain, erreiak gehitu ezin diren lekuetan izango diren botila-lepo ugarietan arazoak sor daitezkeelako, eta Hezkuntza eta Kirol Unibertsitatea dagoen biribilgune arriskutsuan istripuak areagotuko direlako, ziur.

• Hegoaldeko ingurabide batek gasteiztar askok gozatzen duten hiriaren ondasun ekologiko bati egingo liokeen kaltea konponezina litzatekeelako.

Bide-sarea mugikortasun-sistemaren parte da, eta edozein esku-hartzek sistema osoari eragiten dio. Gure ustez, ez da inguruan bizi garenon egoera okertu dezakeen presazko esku-hartzerik egin behar. Horregatik, uste dugu hegoaldeko mugikortasunari buruzko edozein erabakik kontuan hartu behar dituela hiriko beste zirkulazio-ardatz batzuetan egiten diren esku-hartzeak, eta onartutako mugikortasun-planak gauzatu eta horien emaitzak ebaluatu arte itxaron behar dela.

Beldur gara abian jarriko diren eta aztertzen ari diren neurriek mugikortasun jasangarrian, ingurumenean, hiri-paisaian eta inguruan bizi garen pertsonon bizitzan eragin larria izango dutela, eta, horregatik, idazki hau izenpetzen dugun auzo-elkarte eta kontzejuek uste dugu proposatzen den irtenbide orok bat etorri behar duela Garapen Iraunkorrerako 2030erako Helburuekin eta Gasteizko 2030 Hiri Agendarekin, zeinak helburu eta jarduketen artean jasotzen baititu “Mugikortasun jasangarria” eta “Hiri eta komunitate jasangarriak” egitea.

Gure ustez, Green Capital bateko udalak inguru honetarako bilatu behar dituen mugikortasun-irtenbideek jasangarriak izan behar dute, eta hiri-ingurunea eta hemen bizi garen pertsonon bizi-kalitatea eta hiriko pertsona askok gozatzen duten ingurune naturala errespetatu eta hobetu behar dute. Esku-hartze potentzial oro aztertzean, ebaluatzean eta erabakitzean, udal honek gardentasunez eta gobernantza onaren printzipioei jarraituz joka dezala eskatzen dugu, eta neurri horien eragina jasan dezaketen herritarren parte-hartzea txertatzea. Izan ere, hori jasotzen du udaleko gobernu batzarrak aurtengo irailean onartutako Vitoria-Gasteiz 2030 Hiri Agendak, “Tresnak, Gobernantza eta Kalitate Demokratikoa” helburuan.

Horregatik guztiagatik, honako hau eskatzen dugu:

1. AUTO PARTIKULARRA GEHIAGO ERABILTZEA EZ ERRAZTEA

Inguruan erreiak gehitzeak eta hegoaldeko ingurabidea eraikitzeak ibilgailu pribatuaren erabilera sustatzea ekarriko du, leku gehiago izango baitu. Hori kontraesanean dago udalaren Mugikortasun Jasangarriaren Planarekin eta Hiri Agendarekin eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 GJHekin.

Hegoaldeko trafiko-zailtasunak puntako orduetan gertatzen dira, jendea ikastetxeetara edo industrialdeetara sartzen edo haietatik irteten denean. Udalak baditu arazo horri aurre egiteko planak, eta, gainera, ekialde-mendebalde ardatzerako garraiobidea Salbururako tranbia izatearen aldeko apustua egin du; bi apustu horiek ibilgailu pribatuaren erabilera murriztu beharko lukete.

Galtzadetan behin-behinean erreiak gehitu edo atzera bueltarik ez lukeen hegoaldeko ingurabidea eraiki eta autoa erabiltzea erakargarriagoa egin ordez, eta guztion baliabideak bideak eraikitzen inbertitu beharrean, baliabide horiek mugikortasun-zerbitzu publikoak hobetzen gastatzea proposatzen dugu:

1. Garraio publikoa sustatzea eta hobetzea, bai hirian, bai inguruko herrietan:

lineak eta maiztasunak handitzea, linea- edo garraiobide-aldaketak hobetzea, prezioa iraunkorki merkatzea, autobus-geltokiak dituzten disuasio-aparkalekuak sortzea udalerritik kanpoko lekuetatik datozenentzat, etab.

2. Industrialdeetarako garraio publikoa hobetzea: linea berriak sortzea edo daudenak zabaltzea, langileak industrialdeetara eramaten dituzten autobusen erabilera diruz laguntzea, horien ordutegiak zabaltzea, etab.

3. Inguruko ikastetxeetara iristeko bizikleten eta MPIen erabilera are gehiago erraztea eta bultzatzea: falta diren bidegorriak sortzea, daudenak egoera onean mantentzea, etab.

4. Bizikleta eta MPIentzako azpiegitura egoki bat sortzea, bai hiri barruan, bai herrietara eta industrialdeetara iristeko, eta bizikletak eta patinete elektrikoak mailegatzeko zerbitzua sortzea.

Proposamen horiek bat datoz “R1.2. Mugikortasun Aktibo Jasangarri eta Deskarbonizatuko Eredua” ekintza planarekin, zeinak horrelako jarduerak jasotzen baititu epe labur eta ertainerako, eta, aldiz, ez ditu jasotzen gaur egun aztertzen ari diren irtenbideak.

2. INFORMAZIOA HOBETZEA ETA SOLUZIOAK BILATU ETA DISEINATZEAN

HERRITARREN PARTE-HARTZEA TXERTATZEA

Hartzen diren neurriei eta aztertzen diren eta abian jar daitezkeen beste jarduketa batzuei buruz dugun informazioa ia soilik prentsaren bidez jasotzen dugu, eta, beste batzuetan, inplikatutako alderdi batzuei bakarrik ematen zaie informazioa.

Eskatzen dugu gauzatu dadila 2030 GJHek ezartzen duten gobernantza ona, eta kontuan hartuta Vitoria-Gasteiz 2030 Hiri Agendak “Herritarren Dimentsioa” zeharkako palanka gisa jasotzen duela, eta horren barruan “Herritarren Partaidetza”, idazki hau sinatzen dugun auzoelkarte eta kontzejuek egungo udalbatzari eta etorkizunean hiriko udala goberna dezaketenei eskatzen diegu hiriaren hegoalderako mugikortasun-irtenbideak bilatzean, aztertzean eta erabakitzean, honako hauek bete ditzatela:

1.. Komunikazio arina inguruko elkarteekin eta kontzejuekin: Udalak kezkak entzun eta jaso ditzala eta erantzun egokia eman diezaiela. Eskatzen dugu ondorioak jasan ditzaketen elkarte eta kontzeju guztiei entzuteko, galderei erantzuteko eta horiei buruzko informazioa emateko, eta erantzunak idatziz emateko.

2.. Gardentasuna, unean uneko informazioa eta informazio guztia eskuragarri jartzea: Udalarekin zuzeneko komunikazio-kanal bat izan nahi dugu, espekulazioa saihesteko eta parte hartzeko beharrezko informazioa izateko, eta, hala, ezagutza objektiboa eta datu errealak edukitzeko inguruko mugikortasun-gaiei buruzko jarrerak hartzean. Udalak jasotzen dituen unean, geuk ere azterlan eta txosten teknikoak erraz eskuratu ahal izatea eskatzen dugu.

3.. Ingururako mugikortasun-aukerak bilatu, balioetsi eta erabakitzerakoan herritarrek parte hartzeko aukera izatea: Balioesten den mugikortasun-aukera oro herritarren parte-hartzera zabaltzea eskatzen dugu, eta ingurumen-irizpide eta irizpide tekniko eta ekonomikoekin batera, neurri horiek inguruan bizi diren pertsonengan, haien osasunean eta segurtasunean, eta ezarri nahi diren inguruneko hiri-paisaian eta paisaia naturalean izan dezaketen eragina kontuan hartzea. Horregatik, aukera eman behar zaie herritarrei parte hartzeko, kontsulta eginez eragina jasango duten pertsonei eta taldeei. Horretarako, idazki hau sinatzen dugun elkarteak eta kontzejuak prest gaude lankidetzan aritzeko eta aho betean parte hartzeko.

Hegoa bizirik:

Adurtzakoak auzo elkartea

Gure Batan auzo elkartea

Hegoaldekoak auzo elkartea

Ikasberri-Adurtzako guraso elkartea

Iturritxun3ez herritarren plataforma

Berrostegietako Administrazio Batzarra

Gardelegiko Administrazio Batzarra

Lasarteko Administrazio Batzarra

Mendiolako Administrazio Batzarra

GasteizkoEguzki, Hegoa Bizirik/Por un sur vivible (Hegoalde bizigarriaren alde) dokumentua ikusita, non hiriaren hegoaldean mugikortasun eta hiri-garapen jasangarriaren alde egiteko arrazoiak azaltzen diren, eta uste dugu hiriko gainerako lekuetara zabal daitekeela, eta atxikimendu-dokumentua ikusita, BABESA ematen dio hiriaren hegoaldeko auzo-elkarteen eta kontzejuen GASTEIZ HEGOALDEKO MUGIKORTASUNARI BURUZKO ADIERAZPENARI.

Mugikortasun-planak babesteko, berrikusteko (duela urte batzuk parte hartu eta aztertu genituenak, eta abar) edozein eskaera zuen esku geratzen da.

La entrada Mugikortasuna Gasteizko hegoaldean aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/