Asteroko buletina
Abenduko elurra, gazta zaharraren pare.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Klima aldaketari aurre egiteko irten kalera!

2019-09-26 23:59

 

 

LEHENENGO GEURE ETXEAN IRABAZI BEHAR DUGU IRAILAREN 27AN 18:00AN EGINGO DEN MANIFESTAZIO DEIALDIRA BATZEKO TESTUA

Behean sinatzen dugun elkarteok deia egiten diogu Gipuzkoako gizarteari, irailaren 27an Klimaren mobilizazio egunean manifestaziorekin bat egin dezan, ingurumenak gurean eta munduan duen egoeraren azterketan oinarriturik. Planeta mailako krisi edo larrialdi ekologiko handi batean murgilduak gaude: berotze globala, aldaketa klimatikoa, ekoizpen eta kontsumo eredu jasanezina, horrek dakartzan ondorio ezin larriagoekin: hondakin eta plastikoen kudeaketa jasanezina eta airean, uretan, elikagaietan eta ingurumen guztian dauden kutsadura maila handiak. Krisi hau ez da naturala. Aberastasuna metatzeko irrikak ekarria da, kontrolik gabeko kontsumo eta ekoizpenaren bitartez. Mugarik gabeko liberalismoan oinarritzen da, non interes ekonomikoak gailen diren pertsonen bizitza eta duintasun, osasun eta planetaren beraren zein bertako espezieen biziraupenaren gainetik. Oso maniobra tarte eskasa daukagu. 11 urte baino ez ditugu batez besteko tenperatura 1,5ºC goratu ez dadin eragozteko, eta era horretan aldaketa klimatikoaren eragin suntsitzaileenak ekiditeko. Horretarako beharrezkoa da gobernuek eta enpresek neurri eraginkorrak jar ditzaten mahai gainean, eta gainera, modu bidezkoan egin dezaten, herritarrak kontuan harturik. Euren interes partikular eta ekonomikoak albo batera utzi behar dituzte eta erdigunean bizitza, ingurumena eta justizia jarri. Proposamen sasi-ekologistek eta elite ekonomiko eta politikoen margo berdeak, ez gaitzatela engaina. Larrialdi globalari aurre egiteko lehenik, gure politika publiko, zerbitzu eta azpiegituretan erabakitzeko eskubidea eta kontrola berreskuratu behar ditugu, hartara trantsizio energetikoa diseinatzeko, sozialki justua eta feminista izango dena. Horregatik irailaren 27an kalera aterako gara politikarien ekintzarik eza salatzeko, eta gobernuei benetako ekintza konprometituak exijitzeko. Bestetik, gizarte guztia mobilizatzera interpelatu nahi dugu larrialdi ekologikoaren aurka eta alternatiba sozial eta justuak eraikitzearen alde. Irtenbidea ekoizpen eta erreprodukzio eredua aldatzetik etorriko da, aldaketa erradikala egitetik: erregai fosilak baztertu eta energia berriztagarriak eta mugikortasun jasangarrien eredu berriak sustatzetik, ekoizpen eta kontsumoa, kudeaketa eta harremanak, erdigunean bizitza eta ingurumena jarriaz. Aste honetan zabaldu den albiste baten arabera, Euskadiko 8 enpresa kutsatzaileenetatik 4 erraustegiak dira. Horregatik esan liteke Gipuzkoan aldaketa klimatikoak izen eta abizenak dituela. Gipuzkoan aldaketa klimatikoa Foru Aldundia eta Urbaser deitzen dira. Aldaketa klimatikoak CO2 igorpenak handitzea esan nahi du plastikoak erreaz, etab., pozoin toxikoa igortzea esan nahi du (konposatu organiko iraunkorrak, metal astunak…). Edota, aitzitik, hondakinen kudeaketa konponbidean jartzea CO2 igorpenak handitu gabe eta kutsadurarik gabe, bai baitago irtenbide teknikoki kontrastatua horretarako, GFAk bere esku duena. Zergatik ez dute horretaz hitzik ere egin nahi? Euren interes ekonomiko eta alderdikoiak lehenesten dituztelako ote da, herritarren onuraz arduratu beharrean? Ordua da kontrola hartu eta egin nahi dutena eragozteko. Garaiz gaude. Aldaketa klimatikoaren kontrako lehen garaipena etxean irabazi behar dugu. Ez dugu utziko erraustegia urrian abian jar dezaten. Herritarrei dei egiten diegu mobilizazio egunarekin bat egin dezaten irailaren 27ko manifestaziora joanez, eta ondoren egingo diren mobilizazioetan ere parte hartuz.

La entrada Klima aldaketari aurre egiteko irten kalera! aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora