Asteroko buletina
Leia (izotza), zaharraren hilgarria, gazteen zahargarria.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, azkenean, usapala botatzeko behin-behineko debekua onartu du, baina, trukean, pagausoaren ehiza-aldia luzatu du

2019-08-30 10:43

Usapalak botatzeko behin-behineko debekua, azkenik, iritsi da Gipuzkoara ere.

Eguzki poztu egiten da Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, azkenean, europar moratoria edo behin-behineko debekua onartu eta usapalaren ehiza bertan behera utzi duelako. Horrela azaltzen da gaur bertan Gipuzkoako Boletin Ofizialean, 2019-2020ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan. Alabaina, berez bikaina beharko lukeen albiste hori ilunduta geratu da, foru agindu horretan bertan Aldundiak pagausoak botatzeko aldia otsailaren 16ra arte luzatu duelako. Eguzkiren iritziz, garbi dago Aldundiak neurri horren bitartez ehizaren lobbya konpentsatu nahi izan duela.

Usapala

Arabako eta Bizkaiko aldundiek usapalaren ehiza uztailean debekatu zuten. Beraz, Gipuzkoakoak zer egingo ote zuen jakitea bakarrik falta zen. Logikaren arabera, hiru aldundiek horrelako erabakiak adostu beharko lituzkete, baina Gipuzkoakoak ezagutzera eman zuen aginduaren zirriborroak 2019-2020ko denboraldian ere usapal-ehiza baimentzen zuen, Nafarroako Gobernuak, zoritxarrez, baimendu duen bezala.

Alegatu egin genuen (eta badakigu ez ginela bakarrak izan). Aldundiak zuzendu izana albiste ona da, ezbairik gabe. Pena bakarra genuen, alde batetik, debekuaren erabakia lehenago hartu ez duelako eta, bestetik, beste zenbait espezieri aplikatu ez diolako. Horra hor galeperra, usapalaren oso egoera antzekoan dagoena.

Pagausoa

Pena bakarra hori genuela esan dugu, harik eta konturatu garen arte gaur Boletinean argitaratu den aginduak, zirriborroen aldean, aldaketa hori dakarrela, alegia, pagausoak otsailaren 16ra arte bota ahal izango direla (eta basa-ahateak urtarrilaren 31ra arte). Esan bezala, gure iritziz, hori konpentsazio moduan baino ezin da ulertu

Luzapen hori agindu-ziriborroan agertzen ez zenez, ez dugu horren gainean alegatzerik izan. Halaber, ez dakigu zer dokumentu tekniko-zientifikoan oinarritzen den. Baldin eta horrelako dokumentu bat badago, ez da, behintzat, erakusketa publikoan egon.

Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.

Pagausoak. Espezie honi eta beste zenbait pagarazi nahi omen diete usapalak botatzeko behin-behineko debekua.

Pagausoak. Espezie honi eta beste zenbait pagarazi nahi omen diete usapalak botatzeko behin-behineko debekua.

Usapala ehizatzeko behin-behineko debekuari buruzko informazio osagarria

Azken hamarkadotan usapal-populazioak izugarri urritu dira. Hori dela eta, talde ekologista eta naturazaleak aspaldi ari dira eskatzen espeziea babesteko edo, behintzat, bota daitezkeen hegaztien zerrendatik ateratzeko. Izan ere, asko dira azken urteotan usapalak botatzea debekatu duten Europako herrialde nahiz Estatu espainoleko autonomía-erkidegoak (Kanariar uharteak, bai, baina baita Kantabria eta Asturias auzokoak ere). Alabaina, iazko maiatzean errebindikazio honetan mugarri erabakigarri bat jarri zen: Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” adostu zuen. Europako Batzordearen iritziz, plan horrek aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko”. Planak aurreikusitako neurrietako bat luzamendu edo moratoria da, behin-behineko ehiza-debekua, alegia. Debeku hori 2018-2019 denboraldian bertan ezarri behar zen, baina erakunde publiko askok, tartean euskal aldundiek, espresuki kasurik ez egitea erabaki zuten. Aurten, berriz, batzuk arrastoan sartzen hasi dira (euskal diputazioak, Valentziako Erkidegoa), baina beste askok usapal-ehiza baimentzen jarraitzen dute. Honen haritik esan beharra dago Europako Batzordeak dagoeneko Estatu espainolari espedientea ireki diola ekintza-planak aurreikusitako hainbat neurri ez hartzeagatik, tartean, behin-behineko debekua.

Eguzkiren ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, moratoria edo debekua berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea.

Esan gabe doa “Europar usapala babesteko ekintza-plana”k ez duela aurreikusten, ez duela sustatzen, ez duela aholkatzen usapalaren ordez pagausoa edo beste espezierik sakrifikatzea.

EGUZKI, 2019ko abuztuaren 30ean

La entrada Gipuzkoako Foru Aldundiak ere, azkenean, usapala botatzeko behin-behineko debekua onartu du, baina, trukean, pagausoaren ehiza-aldia luzatu du aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora