Asteroko buletina
Uztailean ihurtzuri, mahats nasai guri

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Euskal balea uste baino arinago ari da desagertzen: 356 buru baizik ez dira geratzen itsasoan

2020-11-06 01:06

Sardako balea bere umearekin Kanada pareko uretan. (Argazkia: Canadian Wildlife Federation)

ARGIA. Euskarazko Wikipediak euskal balea eta sardako balea deitzen dio. Frantsesezkoak baleine franche de l’Atlantique nord, baleine noire de l’Atlantique nord eta baleine de Biscaye. Gaztelaniazkoak ballena franca glacial eta ballena de los vascos. Ingelesezkoak ere euskaldunokin lotzen du Eubalaena glacialis Ipar Atlantikoko balea: “Euskaldunak izan ziren espezie hau salerosketarako ehizatzen lehenak. Bale harrapaketan Bizkaiko Golkoan hasiak ziren XI. menderako. Baleok hasieran funtsean koipetarako [hirietako kaleak koipez argiztatzeko] ehizatu zituzten, baina haragiaren kontsebatzeko teknologiak aurrera egin ahala elikagai bezala ere hartu zuten garrantzia”. Bizkaiko Golkoan estreina eta ondoren Europa inguruko itsasoetako baleak suntsitu ahala, euskaldunok jo behar izan genuen Islandia, Groenlandia eta gaur Kanada osatzen duten lurraldeetaraino balearen irrikitan.

Jakina zen sardako balea estintziora zihoala, baina orain North Atlantic Right Whale Consortium elkarteak ohartarazi duenez desagertze hori gerta liteke oso denbora laburrean, 10-12 urteko epean. 2018ko urtarrilean AEBetako Itsas Arrantza Zerbitzuak (NOAA Fisheries) kalkulatu zuen 412 zirela bizirik geratzen ziren sardako bale bakarrak, urte bete beranduago 366 buru kontabilizatu zituzten eta orain 356tara apaldu dute kopurua. Azken hiru urteotan 31 balea hil dira eta 11 gehiagok zauri hilgarriak jaso dituzte AEB eta Kanada inguruetan, kopuru ofizialetan. Baina gauza da, adituen ustez, hildako baleen gorpu gehienak ez direla sekula aurkitzen eta ziur daude heriotza kopurua askoz handiagoa dela.

Geratzen diren azken baleak ere, ofizialki inork ehizatzen ez dituen arren, jarraitzen dute hein handi batean arrantzaleen biktima izaten: hiltzen jarraitzen dute bapore  handiek arrantzarako darabiltzaten sare, soka, kable eta beste tresnetan trabatu eta zaurituta.

Bada are albiste txarragorik: jadanik ez da geratzen bizirik 70 balea eme umedun baino gehiago espezie honetan. Kopuruok ikusita, adituak beldur dira azken balea desagertuko dela 10 edo 20 urte baino lehenago. Menturaz orduan iritsiko zaie euskaldunei garaia beren historiari begiratu eta munduko itsasoetan egin dituzten (eta oraindik ere egiten dituzten) sarraski izugarrietaz publikoki hitz egiteko. Agian orduan festarekin eta kantekin baino autokritikarekin ospatuko dugu gure izena hartu zuten baleetatik gure kostara hurbildu zen azken hura akabatu genuen eguna.

Peio Zubiria

La entrada Euskal balea uste baino arinago ari da desagertzen: 356 buru baizik ez dira geratzen itsasoan aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora