Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-05-15 16:26

Eguzki talde ekologistak ozenki salatu nahi ditu azkenaldian Oreretan egiten ari diren zuhaitz mozketak.

Azkenak, Gabierrotan, Renferen trenbideari paralelo doan lur eremuan zeuden zuhaitzak eta Beraungo anbulatorioren eta Basanoaga eskolaren ondoan zegoen zuhaitz handia izan dira.

Galdetu izan dugunean arrazoi hauek eman dizkigute: gaixo zeuden, arriskutsuak ziren, etxeak, errepideak, parkeak eta antzeko urbanizazio-lanak egiteko oztopo ziren…

Horren aurrean, gure buruari egiten diogun galdera hau da: nork erabakitzen du zuhaitzak gaixo dauden, arriskutsuak diren eta urbanizazio-lan horiek egiteko oztopo diren?

Batzuetan, moztutako zuhaitzen ordez ale berriak landatuko dituztela esaten digute, baina zenbat denbora pasa behar du moztutakoen tamaina bera izan arte? Zenbat denbora pasa behar du moztutakoek ematen zizkiguten onurak eman arte. Hain zuzen ere, denbora da ez daukaguna!

Gure ustez, zuhaitz bat gehiago moztu baino lehen, alternatibak (beste kokaleku bat, beste trazaketa bat, etab.) bilatu beharko lirateke, baldin eta lan horiek beharrezkoak badira.

Herrian zuhaitzak nahi eta behar ditugu, martxan dagoen aldaketa/hondamendi klimatikoaren aurka ezinbesteko papera jokatzen dutelako, biodibertsitatea kontserbatzen laguntzen dutelako, estresa kendu eta itzala ematen digutelako, hegaztien eta beste espezie batzuen babesleku direlako.

Naturatik banandutako gizarte bat, basamortu bat sortu nahi ez badugu, zaindu eta babestu dezagun azken zuhaitza ere!

La entrada Eguzkik Oreretako zuhaitz-mozketak salatu ditu aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/