Asteroko buletina
Izotzetan eta elurretan, abenduko gau luzeetan.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Eguzkik harridura agertu du, konfinamendua dela eta, hondakin gehiago sortzen ari omen delako

2020-04-27 23:41

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak adierazi duenez, Gipuzkoan, konfinamentu aldian, hiri-hondakin kopurua % 6’7 handitu da.

Eguzkikoongan, behintzat, Asensioren adierazpen horrek harridura sortu du.

Izan ere, gure inguruan begiratuta, justu kontrakoa esateko motiboak badirela ematen du. Esaterako, merkataritza- eta ostalaritza-kaleetatik gertuko edukiontziak gainezka egon ohi dira, zoritxarrez. Konfinamendua hasi zenetik, berriz, ez (betiere salbuespenak salbuespen, jakina).

Logikoa ere bada: turismoa desagertu da; ostalaritza- eta merkataritza-jarduerak minimoetan daude; industria eta eraikuntza “hibernatuta” egon dira, egunotan bide-garbiketatik ateratzen diren zikinak hutsaren hurrengo dira…

Gauzak horrela, zaila da sinestea hiri-hondakin gehiago sortzen ditugula.

Hondakinak orain inoiz baino gehiago etxeetan sortzeak ez du esan nahi kopurua handitu denik, seguru asko guztiz kontrakoa baizik.

Gogoan izan aurreko krisialdian (2011-2017) hondakin kopuruak behera egin zuela eta beherakada hura jarduera ekonomikoaren murrizteari egotzi zitzaiola. Beraz, zer arrazoi egon daiteke orain gorakada bat izateko?

Baina, gainera, Ingurumen diputatuaren adierazpenak ez datoz bat Estatuko hainbat erkidego eta hirietan gertatzen ari denarekin. Ikus dezagun:

- Zaragoza: CTRUZek baieztatu du hondakinen sorrera % 22 jaitsi dela martxoan, iazko hilabete berarekin alderatuta.

- Madril: Udalak % 19ko jaitsiera dagoela esan du.

- Kanariar Uharteak: turismo-ezak gehien eragindako erkidegoan, hiri-hondakinen kopurua % 25 jaitsi da.

- Valentzia: % 23 gutxiago.

- Mallorca: % 17ko jaitsiera.

- Bartzelonako metropoli-eremua: % 17ko jaitsiera.

Euskal Herritik atera gabe ere:

- Bilbo: % 12ko murrizketa.

Gipuzkoarrok joera nagusi hori goitik behera aldatzeko bezain bereziak al gara?

Ez dakigu diputatuak zer datu dituen. Guri ezinezkoa izan zaigu haren esana kontrastatzea, mankomunitateetako webguneetan miatzen aritu garen arren.

San Marko, Txingudi, Urola-Kosta eta Debabarrenakoek ez dute 2020ko daturik ematen.

Tolosaldekoak eta Debagoienakoak, bai, baina martxokorik ez.

Datuak eguneratuta dituen bakarra Sasietakoa da.

IMG_20200415_080001457_HDREguzkikook konfinamendu-egunotan zera ikusi dugu, herritar batzuek, kutsatzeko beldurragatik edo, hondakinak ez dituztela ohi bezain maiz ateratzen. Halaber, batzuek hondakinak gaika sailkatzeko praktika ona laxatu dute eta dena nahastuta ateratzen hasi dira. Baina atzerapauso horren ondorioz nahastuta bildutako hondakin kopurua handitu badaiteke, korpuru orokorrak ez du zertan handitu. Are gehiago, gure ustez, nahastutako hondakin konpuruak handitu izana lotuta dago hainbat zerbitzuren murrizketarekin. Izan ere, mankomunitate batzuetan tamaina handiko hondakinen bilketa behin-behinean bertan behera utzi dute, garbiguneak itxi dituzte, etxeko toxikoen eta ehunen bilketa murriztu dute, eraikuntza-hondakinen biltegia itxi diete partikularrei…

Donostian, adibidez, herritarrei ez zaie poltsa konpostagarririk ematen. Are gehiago, poltsarik gabe geratu diren herritarrei organizkoa zuzen-zuzenean errefuxako edukiontzian botatzea aholkatu die Udalak. Lotsagarria da, batez ere kontuan izanda konponketa erraz-errazeko arazoa dela. Izan ere, Oreretako, Eibarko edo Andoaingo udalek dagoeneko konpondu dute.

Datu positibo bat: erkidego eta hiri guztietan ontzi arinen gaikako bilketa % 5-6 inguru hazi da.

Laburbilduz, Eguzkik honako hauek adierazi nahi ditu:

- Asensio diputatuak eginiko adierazpenen aurrean, gure harridura agertu nahi dugu. Nolanahi ere, konfinamendua dela eta hondakin kopurua Gipuzkoan benetan handitzen ariko balitz, arduragabekeria hutsa litzateke errealitate hori konstatatzera mugatzea eta joera zuzentzeko premiazko neurririk ez hartzea. Izan ere, zerbait oso-oso gaizki egiten ari den seinale izango litzateke, ez baita normala Gipuzkoan gero eta hondakin gehiago sortzea erkidego eta hiri guztietan guztiz kontrakoa gertatzen ari denean.

- Orain arte geldirik egon diren gaikako bilketa-zerbitzuak pixkanaka berreskuratzeko deia egiten dugu.

- Herritarrei dei egiten diegu praktika onei eusteko. Arduraz erosteko, arduraz kontsumitzeko, baita, ahal dela, gaikako bilketan ahaleginak areagotzeko ere.

Konfinamenduak gure “aztarnari” buruz ere hausnartzeko lagundu beharko liguke.

EGUZKI, 2020 apirilean

La entrada Eguzkik harridura agertu du, konfinamendua dela eta, hondakin gehiago sortzen ari omen delako aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora