Asteroko buletina
Mundua gobernatu nahi duena baratze bat gobernatzetik has bedi

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Eguzkik Azkoitiko Egino errekaren egoera salatu du Ertzaintzaren aurrean

2021-10-17 18:52

Egino errekatik ateratako hondakinak.

Azkoititik Zumarragako bidean, Garbigunea pasa eta 200 metrora, eskuinean, pista bat dago, plater-tirora joaten dena. Hortxe egiten du bat Egino errekak Urolarekin. Errekan gora joanda, 140 metrora, hondakin ugari isuri dituzte berriro ere.

Lehen begiratu batean, bazirudien plastiko zati batzuk baino ez zirela, baina landaretza pixka bat mugituta, zaku pilo bat aurkitu eta atera dugu. Obretako zakuak dira, plastikoz beteak, baten batek errekara jaisten den maldara botatakoak.

Gogoan izan iazko urrian, hau da, orain dela urtebete, Eguzkik salatu zuela Udalaren aurrean eta jendaurrean Egino erreka pertsona jakin batzuen zabortegi bihurtuta zegoela.

Orain dela urtebete, Egino errekaren egoera salatzeko egin genuen argazki bat.

Orain dela urtebete, Egino errekaren egoera salatzeko egin genuen argazki bat.

Etxeko zaborrak ez ezik uralitak ere topatu genituen. Uralita hondakin arriskutsua da, amiantoa duelako. Erabilera eta salmenta debekatuta dago 2002tik, oso osagai toxikoak dituelako, bai pertsonen osasunerako, bai ingurumenerako. Legez, 2023ko urtarril baino lehen udal guztiek amiantodun instalazioen inbentarioa egin behar dute, baita instalazio horiek erretiratzeko planifikazio bat aurkeztu ere.

Orain dela urtebete aurkitutako uralitek hantxe jarraitzen dute.

Orain dela urtebete aurkitutako uralitek hantxe jarraitzen dute.

Kasu honetan, uralita errekan dago, eta urek osagai kutsagarriak oso erraz zabal ditzakete. Hala ere, orain arte alferrikakoak izan dira uralita erretiratzeko egin ditugun eskaera guztiak:

-2020ko urriaren 16an, Udalari eman genion uralita hauen berri, eta, besteak beste, erretiratzeko eskatu.

-2020ko azaroaren 9an, Udalaren partetik erantzunik ez genuenez, zera adierazi genion: “Hamar egunen buruan uralitak erretiratzen ez badira edo, behintzat, Udalak erantzunik ematen ez badu, salaketa administratibo edota judiziala egin beharko dugu”.

-2020ko abenduaren 3an, Ura Agentziari “zigor-espedienteak irekitzeko eta Udalari gogoratzeko hondakinak, uralitak barne, lehenbailehen erretiratzera behartuta dagoela”.

Ez dakigu Urak ezer egin duen. Guk, behintzat, ez dugu inolako berririk izan haren partetik. Bitartean uralitak kontrolik gabe daude ingurune hidriko batean urtebete geroago. Ikus dezakegunez, hiri-hondakin solidoak ere isurtzen jarraitzen dute.

Gure ustez, Zigor Kodearen 352. artikuluari erreparatuta, ingurumenaren kontrako ustezko delitu bat egiten ari dira bai hondakinak botatzen dituztenak, bai horien aurrean ezer egiten ez dutenak ere.

Gauzak horrela, Ertzaintzaren Ingurumen Unitatean SALAKETA  egin dugu, ikertzeko ea ingurumen-delitu baten aurrean ote gauden.

Eguzki, 2021eko urrian

La entrada Eguzkik Azkoitiko Egino errekaren egoera salatu du Ertzaintzaren aurrean aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora