Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/
2021-10-14 16:26

Alonsotegin hildako belatz handia, egokitu gabeko linea elektriko batekin talka egin ondoren.

Alonsotegin linea elektriko baten kontra jota hil zen belatz handiaren kasua ikertzen hasi da Bizkaiko Fiskaltza, Eguzkik eskatuta. Kontuan izan behar da linea elektriko hori oraindik egokitu gabe dagoela, 2008tik errege dekretu batek konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartzen dituen arren, hain justu, hegaztien talkak edo elektrokuzioak ahal den neurrian saihesteko.

Iñigo Zuberogoitia ornitologoak ezagutarazi zuen belatz handi honen kasua. Orain arte Pagasarrin kumatu eta Bilboko zeruetan ehiza egin duten lau belatz handietako bat zen:

(1)            Iñigo Zuberogoitia Arroyo | Facebook

Belatz handia (Falco peregrinus) Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan dago. Beraz, legez babestuta dago, eta espezie honetako ale bat botatzea edo galaraztea ingurumenaren kontrako delitu izan daiteke.

Hain justu, orain dela urtebete, hegaztientzat arriskutsuenak izan daitezkeen linea elektrikoen segimendu eta identifikazioan espezializatutako basozain talde bana sortzeko eta baliabidez ondo hornitzeko eskatu zien Eguzkik EAEko diputazioei.

Talde espezializatu hauen sorrera guztiz bat etorriko litzateke Estatuko Fiskaltza Nagusiak 2019ko abuztuan autonomia-erkidegoei igorri zien ofizioarekin. Ofizio hartan, Fiskaltzak gogorazi zien abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuak konpainia elektrikoak lineak egokitzera behartzen dituela, hegaztien elektrokuzio- edo talka-arriskua gutxitzeko. Hala ere, konpainiek Dekretua betetzeari behin eta berriz uko egin diote. Gauzak horrela, Fiskaltza Nagusiak autonomia-erkidegoei zigorrak ezartzeko eskatzen zien, baita elektrokutatutako hegaztien kasu guztiak Fiskaltzari berari pasatzeko ere, ingurumenaren aurkako delituak izan daitezkeelako. Halaber, ofizio hartan, Fiskaltzak basozainen lana bikaintzat jo eta haien baliabideak hobetzea eskatu zuen.

Foru Aldundiek, ordea, ez dute Eguzkiren eskaera aintzakotzat hartu.

INGURUMEN ARAZO LARRI BEZAIN EZEZAGUNA

Hegaztientzat, batez ere harraparientzat, latza da linea elektrikoen arazoa; pozoiak, tiroak edo auto-istripuak baino are latzagoa. Arestian aipatutako 1432/2008 Errege Dekretuak berak hegazti harrapariak kontserbatzeko arazo nagusitzat jo zuen.

Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren arabera, babestutako 33.000 harrapari baino gehiago hiltzen dira urtero Estatuan, linea elektrikoetan. Baina Ministerioaren datuak motz geratzen dira beste iturri batzuei erreparatzen badiegu. Esaterako, Fundación de Amigos del Águila Imperialek Fundación Banco Santanderrekin landiketzan orain dela gutxi egin duen ikerketa baten arabera, Espainiako Estatuan urtero 192.000 eta 337.000 hegazti bitartean hiltzen dira linea elektrikoetan.

Eta Euskal Herrian? Ez dago datu zehatzik. Baina estrapolazio sinple batek agerian uzten du ingurumen-arazo handi baten aurrean gaudela, eta ez zaiola erantzun egokirik ematen ari. Ezkutatuta dago, besteak beste, administrazioek ez diotelako behar besteko baliabiderik dedikatzen. Horra gure proposamenaren zergatia.

EUSKO JAURLARITZAREN ETA IBERDROLAREN ARTEKO HITZARMENA

Arestian esan bezala, 1432/2008 Errege Dekretuak arauak ezarri zituen konpainia elektrikoek lineak egokitzeko. Konpainiek, ordea, Dekretua betetzeari uko egin diote urtetan, harik eta ingurumenaren aurkako delitua egiteagatik sententzia batzuk iristen hasi diren arte.

Testuinguru honetan, 2019ko urtarrilean, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak eta Iberdrolak linea elektrikoak egokitzeko hitzarmen bat iragarri zuten.

Eguzkiren iritziz, hitzarmena oso atzeratuta dator eta eskasegia da. Oso atzeratuta dator, Dekretua onartu zenetik hamar urte luze pasatu direlako. Eskasegia da, berriz, hitzarmenaren arabera, Iberdrolak goi-tentsiko 250 dorre egokituko dituelako urtero hiru urtetan. Alabaina, Ingurumen Sailak egin duen inbentarioaren arabera, egokitu beharreko 7.000 dorre daude EAEko inguru ahuletan, alegia, mehatxupean dauden hegaztiak igaro, ugaldu, elikatu eta kontzentratzen diren eremuetan. Beraz, hiruko erregela egin bezain pronto konturatuko gara arazoa ez dela soilik dorreak egokitzen oso berandu hasi direla, baizik eta erritmoa bizkortu ezean 28 urte itxaron beharko ditugula 2008ko Dekretua beteta ikusi arte. Tira, 28 baino gehiago, hitzarmenean bertan Ingurumen Sailaren inbentarioa osatu beharra dagoela esaten baita. Beraz, hitzarmena eskasegia da, argi eta garbi.

EGUZKI, 2021eko urrian

La entrada Egokigu gabeko linea elektriko baten kontra talka egin zuen belatzaren kasua ikertzen hasi da Bizkaiko Fiskaltza, Eguzkik eskatuta aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.