Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-06-16 21:49

Donostiako 46 auzo elkarte eta herri mugimendu nahiz talde sozialek (tartean Eguzkik) datorren larunbatean, hilak 18, Donostiako udalaren hirigintza-politika kaltegarriak salatzeko eta hiri eredua herritarren eta auzoen beharrei begira aldatze aldera egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egiten dute.

Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan Araba Parketik abiatu eta Alderdi Ederren amaituko da, “DONOSTIA BERRESKURATU, HIRI EREDUA ALDATU!” lemapean.

Donostiar gero eta gehiagoren sentipena argia da: hiria ez da bizilagunen beharren arabera aldatzen ari eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote, administratzaile eta ekimen pribatuaren zerbitzu-emaile bihurtuta. Hirigintza merkatu turistikoen eta inbertsoreen interes pribatuen mendean jartzearen ondorioz, kolektibitateari kalte handiak eragiten ari zaizkio. Interes ekonomiko pribatuen arabera bideratzen dira donostiarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, eta eredu horrek ondorio gero eta kaltegarriagoak eragiten ditu herritarren gehiengoaren bizi-baldintzetan:

>> Etxebizitza larrialdia: erosketa eta alokairu prezioek gora egiten dute, eta ez zaie mugarik jartzen funts putreei edo merkatu turistikoei etxebizitzarekin espekulatzeko. Etxe-kaleratzeek jarraitzen dute eta belaunaldi gazteak eta ahalbide gutxiko bizilagunak  Donostiatik kanporatuta izaten ari dira.

>> Hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea: gain-esplotazio turistikoak langileen baldintzen okertzea ekarri du. Hiriaren egitura ekonomikoa desorekatu da, lan-baldintza ezegonkor eta kaskarrak ugarituz. Epe-motzeko etekinek soilik gidatuta, jasangarria ez den eredu baten alde egin da apustu.

>> Kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa: hiri-espazioaren kudeaketan interes komertzialei ematen zaie lehentasuna, zaintza, jolas eta kontsumora bideratzen ez diren   harreman sozial jardueren kaltetan. Horrek zenbait auzotan bizitzea eta bizimodu duina garatzea eragozten du, kontsumorako eta aisialdirako gune soil bihurtzeko arriskuan direlarik. Halaber, Mozal Legearen eta Zibismoaren Ordenantzaren aplikazioaren ondorioz, protesta soziala zigortzen da.

>> Hiriaren elitizazioa: egungo hiri-ereduak desberdinkeria sozialak areagotu eta aberastasuna esku gutxitan pilatzea dakar, kaltetuen gertatzen diren jendeen bazterketaren ondorio guztiekin. Fokuak aberastasunean eta luxuan jartzen diren bitartean, kale egoeran  bizi diren donostiarrak edo bizitza duinaren mugan daudenak ezkutatu eta isilarazi egiten dira.

>> Hirigintza politika erasokorrak azeleratu egin dira: horren lekuko ditugu Donostiako erdialdean metroaren zentzugabekeriazko eraikuntza, auzo guztietan egitasmo  urbanistiko    polemikoen ugaritzea, Culinary Center-en mesedetan Manteoko ondare publikoaren espoliazioa, hotel eta alojamendu turistikoak mugagabe hedatzea, merkatal-gune handi gehiago zabaltzea, eta udalerrian gero eta urriagoak diren ingurune naturalen nahiz baserri-lurren txikizioa dakarten Belartza Goiako makro-poligonoaren eta Antondegiko “olatu artifizialen” proiektuak, besteak beste, edozein garapen iraunkorren kontra.

>> Ondare arkitektonikoaren suntsiketa: Astero eraikin historikoren bat suntsitzen edo husten da, higiezinen eta turismoaren presioa gero eta handiagoa delako. Donostia da Ondareari buruzko Nazioarteko Alerta bat duen hiri bakarra, Arte Ederren Jauregiaren  eraispena salatzeko. Babes Plan Bereziaren gabeziak direla eta, hiri-irudiaren eta nortasun kolektiboaren gaineko inpaktu atzeraezina eragiten ari da.

Udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko abiatu duen prozesua dela eta, orain arteko bidetik jarraituz gero, Donostiaren eta donostiarron etorkizuna epe luzera gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua ikusten dugu. Itxurazko parte hartze prozesuen gibelean, entzungor egiten diete indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen iritziak ematen dituzten eta bestelako hiri-eredua defendatzen duten donostiarrei.

Gaur deialdia zabaltzeko eskainitako prentsaurrekoaren irudi bat- Iturria: IRUTXULOko HITZA

Gaur deialdia zabaltzeko eskainitako prentsaurrekoaren irudi bat- Iturria: IRUTXULOko HITZA

Hori denagatik, hiria merkatu-interesen menpean jartzen duten politikei aurre egiteko eta eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa dela nabarmentzen dugu. Helburu hori aurrean, hainbat auzo elkarte eta herri mugimendu elkarlanean ari dira Donostiako hiri eredua aldatzeko behar larriaren aurrean.

Elkarlan honen lehen urrats gisa,  datorren larunbateko manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeko deia egiten dugu beraz.

DONOSTIA BERRESKURATU, HIRI EREDUA ALDATU!

Atxikimenduak

1. Abaraska etxebizitza kooperatiboa

2. Alokairu Benta Berri

3. Altza XXI herri ekimena

4. Amara Bai auzo elkartea

5. Ancora San Sebastián

6. Añorgatxikitarrak auzo elkartea

7. Atxiki Añorga auzo mugimendua

8. AZPI Kultur Elkartea

9. Belartza 2 Gelditu

10. Bizilagunekin plataforma

11. CNT Gipuzkoa

12. Dendartean merkatarien elkartea

13. Donostiako Bilgune Feminista

14. Donostiako Piratak

15. Egia Bizirik auzo elkartea

16. Egiako Etxebizitza Sindikatua

17. Eguzki talde ekologista

18. Ehun mugimendua

19. ELA sindikatua

20. Ernai gazte antolakundea

21. Errausketaren aurkako mugimendua

22. ESK sindikatua

23. Groseko asanblada feminista

24. Haritzalde naturzaleen elkartea

25. Heriz plataforma

26. Herria kultur elkartea

27. Herripe auzo elkartea

28. Herritarren Harrera Sarea

29. Hondarpe Auzo Elkartea

30. Inquilinos de Azora

31. Intziri neska* gazte taldea

32. IZBE Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkartea

33. Kaleratzeak Stop Donostialdea / Stop Desahucios Donostialdea

34. LAB sindikatua

35. Morlanstarrak auzo elkartea

36. Oficina de Derechos Sociales

37. Ondare SS elkartea

38. Osteguna Elkartea

39. Parkea Bizirik elkartea

40. Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea

41. Piztu Donostia

42. Satorralaia bizilagunen mugimendua

43. Saretxe Groseko Etxebizitza Sindikatua

44. Steilas sindikatua

45. Uliako auzo elkartea / AA.VV. de Ulia

46. Uliako Lore Baratzak

La entrada Donostiako hiri-eredua aldatzeko manifestazioa, larunbatean aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/