Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/
2019-08-01 14:25

Eguzki poztu egin da Bizkaiko Foru Aldundiak ere, azkenik, europar moratoria onartu eta usapalaren ehiza bertan behera utzi duelako. Horrela azaltzen da 2019-2020ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan, joan den asteartean, uztailak 30, herrialdeko Boletin Ofizialean argitaratutakoan.

Albiste ona da, ezbairik gabe, Eguzkirentzat eta Eguzkik bezala azken urteotan usapala babestearen alde edo, behintzat, botatzearen kontra egin duten elkarte ekologista eta naturazale guztientzat.

Arabako Foru Aldundiak Bizkaikoak bezala jokatu du. Beraz, Gipuzkoakoak zer egingo duen jakitea bakarrik falta da. Logikaren arabera, hiru aldundiek horrelako erabakiak adostu beharko lituzkete, eta, egia esan, azkenean horrela izango dela espero dugu, baina, momentuz, Gipuzkoakoak ezagutzera eman duen foru aginduaren zirriborroaren arabera, litekeena da 2019-2020ko denboraldian ere usapal-ehiza baimentzea, Nafarroako Gobernuak, zoritxarrez, dagoeneko baimendu duen bezala.

Bizkaiko Foru Aldundiaren erabakiari dagokionez, berriz, pena dugu lehenago hartu ez duelako.

Kontuan izan behar da azken hamarkadotan usapal-populazioak izugarri urritu direla. Hori dela eta, talde ekologista eta naturazaleak aspaldi ari dira eskatzen espeziea babesteko edo, behintzat, bota daitezkeen hegaztien zerrendatik ateratzeko. Izan ere, asko dira azken urteotan usapalak botatzea debekatu duten Europako herrialde nahiz Estatu espainoleko autonom?a-erkidegoak (Kanariar uharteak, bai, baina baita Kantabria eta Asturias auzokoak ere). Alabaina, iazko maiatzean errebindikazio honetan mugarri erabakigarri bat jarri zen: Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana” adostu zuen. Europako Batzordearen iritziz, plan horrek aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko”. Planak aurreikusitako neurrietako bat luzamendu edo moratoria da, behin-behineko ehiza-debekua, alegia. Debeku hori 2018-2019 denboraldian bertan ezarri behar zen, baina erakunde publiko askok, tartean euskal aldundiek, espresuki kasurik ez egitea erabaki zuten. Aurten, berriz, batzuk arrastoan sartzen hasi dira (Araba, Bizkaia, Valentziako Erkidegoa), baina beste askok usapal-ehiza baimentzen jarraitzen dute. Honen haritik esan beharra dago orain dela egun batzuk jakin dugula Europako Batzordeak Estatu espainolari espedientea ireki diola ekintza-planak aurreikusitako hainbat neurri ez hartzeagatik, tartean, behin-behineko debekua.

Eguzkiren ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko luzamendu edo moratoria berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.

Eguzki, agosto de 2019

La entrada Bizkaiko Foru Aldundiak ere, azkenean, usapal-ehiza bertan behera utzi du aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.