Asteroko buletina
Mundua bihar amaituko bada ere, sagarrondoak aldatuko ditut baratzean

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Arabako Aldundiak usapalaren ehiza bertan behera utzi duelako poztu egin da Eguzki, eta Bizkaiak eta Gipuzkoak bide beretik jarraituko dutela espero du

2019-07-23 22:24

Eguzki poztu egin da Arabako Foru Aldundiak, azkenik, usapalaren (eta istingor txikiaren) ehiza bertan behera utzi duelako. Horrela azaltzen da 2019-2020ko ehizaldia arautzen duen foru aginduan, joan den ostiralean Arabako Boletin Ofizialean argitaratutakoan.

Albiste ona da, ezbairik gabe, Eguzkirentzat eta Eguzkik bezala azken urteotan usapala babestearen alde edo, behintzat, botatzearen kontra egin duten elkarte ekologista eta naturazale guztientzat.

Espero daiteke, gainera, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek bide beretik jarraituko dutela. Dena dela, Gipuzkoakoak ezagutzera eman duen foru aginduaren zirriborroaren arabera, litekeena da 2019-2020ko denboraldian ere usapal-ehiza baimentzea, Nafarroako Gobernuak, zoritxarrez, dagoeneko baimendu duen bezala.

Arabako Aldundiak hartu duen erabakiari dagokionez, berriz, bi pena ditugu:

  1. Lehenago ez hartzea.
  2. Beste zenbait espezieri ere ez aplikatzea. Horra, esaterako, galeperra, usapalaren antzeko egoeran dagoena.

Eguzkiren ustez, usapalaren egoera nolakoa den ikusita, ehizatzeko luzamendu edo moratoria berandu baino lehen orokortuko da. Zoritxarrez, zenbat eta beranduago orokortu, gero eta zailagoa izango da espeziea suspertzea. Administrazio publikoei gogorazi behar zaie kudeaketa zinegetikoaren ardatza bioaniztasunaren zaintzan jarri behar dutela, ez lobbien interesetan.

Usapal europarra egoera larrian

Azken urteotan egin diren ikerketa guztiek agerian utzi dute europar usapala (Streptopelia turtur) gero eta egoera larriagoan dagoela. Usapal-populazioak 70. hamarkadaz geroztik hasi ziren urritzen, baina azken 20 urteotako beherakada izugarria izan da. European Bird Census Councilek egin duen segimendu-lanaren arabera, europar usapalaren populazioak % 78 murriztu dira, 1980 eta 2013 bitartean, eta % 29,  2004 eta 2013 bitartean. Penintsula iberiarrean, berriz, segimendua SEO-BirdLife elkarteak egiten du, Councilekin adostuta, SACRE programaren bidez. Bada, penintsulan, 1998tik (urte hartan hasi baitzen segimendua) usapalen populazioak % 30 murriztu dira. Eta 2007. urteaz geroztik beherakada are nabarmenagoa izan da.

Gauzak horrela, ahots asko altxa dira azken urteotan usapala babesteko (Natura Zaintzeko Nazioarteko Batasunak, UICNk, 2015ean sartu zuen espezie mehatxatuen zerrenda gorrian, “zaurgarri” gisa sailkatuta) edo, behintzat, espezie ehizagarrien zerrendatik kentzeko.

Hainbat herrialdek usapal-ehiza dagoeneko debekatu egin dute, baita Estatu espainoleko hainbat komunitatek ere (Kanariek, Kantabriak, Asturiasek eta, aurten, momentuz, Valentziako Erkidegoak). Baina Euskal Herrian, orain arte, behintzat, eutsi egin diote.

Alabaina, iazko maiatzean, Europar Batasuneko Hegaztien eta Habitaten Zuzentarauaren gaineko aditu taldeak (NADEGek) “Europar usapala (Streptopelia turtur) babesteko ekintza-plana”. Europako Batzordearen iritziz, plan horrek aurreikusten dituen neurriak “premiazkoak eta ezinbestekoak dira espeziea babesteko”. Planak aurreikusitako neurrietako bat behin-behineko ehiza-debekua da.

Iaz, euskal foru aldundiek eta Nafarroako Gobernuak debekuari iskin egin zioten, modu lotsagarrian iskin egin ere. Aurten, Nafarroako Gobernuak berdin jarraitzen du. Arabako Foru Aldundiak, berriz, debekualdia aplikatu du. Ea zer gertatzen den Bizkaian eta Gipuzkoan.

EGUZKI, 2019ko uztaila

La entrada Arabako Aldundiak usapalaren ehiza bertan behera utzi duelako poztu egin da Eguzki, eta Bizkaiak eta Gipuzkoak bide beretik jarraituko dutela espero du aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora