Asteroko buletina
Otsailean tximeleta baino, otsoa ardi artean ikusi nahiago.

Bizi baratzearen plaza

Eguzki
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/

Aldundiak segurtasun-eremuetan basurde ehiza baimendu nahi duela ohartarazi du Eguzkik

2021-02-24 20:12

Eguzkik ohartarazten du Aldundia segurtasun-eremuetan basurde ehiza baimentzeko foru-agindu bat izapidetzen ari dela. Foru-agindu horrek oso modu nabarmenean urardotuko luke segurtasun-eremuen funtzioa. Izan ere,  2011ko Ehiza Legearen arabera, segurtasun-eremuak ezartzen dira “pertsonak eta haien ondasunak babesteko”. Horregatik, beraietan “debekatuta dago armekin ehizatzea”.

Aldundiak, baina, segurtasun-eremuak basurdeentzako babesleku bihur litezkeela argudiatuz, beraietan, “salbuespen gisa, ehiza-ekintza zehatzak” baimendu nahi ditu, “pertsonak arriskuan jartzea edo nekazaritzan kalteak saiheste aldera”. Baina oraingoan ere ez du aurkeztu inolako txosten teknikorik, ezta Gipuzkoako Ehiza Kontseiluari ofizialki jakinarazi zaion daturik ere. Ez du zehazten zenbat arazo edo zenbat kalte sortu duten basurdeek, esaterako, Ulian, eta “salbuespena” Gipuzkoako segurtasun-eremu guztietan ezarri nahi du. Halaber, “ehiza-ekintza zehatzak” aipatzen ditu, baina, paradoxa bada ere, inolako “zehaztasunik” gabe; adibidez: Aldundiak Txingudiko Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE) edo Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuan (HBBE) txakurrekin eta eskopetekin aritzea baimenduko al du? Segurtasun-eremuetan arazo bat balego, Aldundiak ezer baino lehen behar bezala dokumentatu beharko luke, eta, ondoren, hala badagokio, esan beharko luke nola erabili behar duen bisturia. Baina izapidetzen ari den foru-agindua motozerra erabiltzea bezalakoa da.

Horregatik, Eguzkik dei egiten die herritarrei eta, bereziki, zuzenean kaltetutako zortzi udalei (Zerain, Astigarraga, Idiazabal, Andoain, Irun, Hondarribia, Donostia eta Pasaia) Aldundiari beraien desadostasuna adieraztera.

basurde-uxaldiaForu-agindu honen atzean dagoen arazoa da Aldundiaren ehiza-politika, basurdeei dagokienez, ez dela fruitu onik ematen ari. Orain dela ez aspaldi, basurdeak inportatu, itxituretan hazi eta mendietan askatu zituen, “birpopulatzeko”, betiere aisialdiko ehizaren mesedean. Garbi dago ez zuela asmatu. Orain, berriz, basurdeen gehiegizko populazioa ehiza-uxaldien bidez kontrolatu nahi ditu. Baina, Aldundiaren beraren datuen arabera, urtero botatzen den basurde kopurua aurreko urtekoa baino handiagoa da, eta, hala ere, arazoa gero eta larriagoa da. Hori diote, behintzat. Beraz, badira arrazoiak pentsatzeko ez dela politika zuzena. Badira arrazoiak pentsatzeko basurde uxaldiak, metodo selektiboa ez diren heinean, arazoaren parte direla konponbidearen parte baino gehiago.

Nolanahi ere, segurtasun-eremuen segurtasun-arazoa ez dira inolaz ere basurdeak, ehiza eta eskopetak baizik.

INFORMAZIO OSAGARRIA

Segurtasun-eremuei buruz

Gipuzkoako segurtasun-eremuak honako hauek dira: Zerain (hiru), Astigarraga (Santiagomendi inguruan), Idiazabal (hiru), Andoain (Goiburu inguruan), Irun eta Hondarribia (Bidasoaren bokalea eta Txingudiko badia) eta Donostia eta Pasaia.

Oro har, espazio periurbanoak dira, herritarrek egurasteko asko erabiltzen dituztenak. Beraz, eremu hauetan ehiza egitea arriskutsua da, edo, behintzat, traba da gainerako jarduerak lasai egiteko.

Adibidez, Donostiako eta Pasaiako segurtasun-eremua joan den urteko abuztuan deklaratu zen prozesu luze baten ondorioz, batez ere Ehiza Federazioa Uliarekin tematu zelako. Prozesu honetan Legebiltzarrak berak esku hartu behar izan zuen eta, besteak beste, honako hau esan:

“[Ehiza baimenduz gero] gune horietan [Ulian] bat egiten duten beste erabilera batzuekin talka egin daitekela aurreikusi ahal da; izan ere, bisitariak asko dira mendira joaten direnak, populazio-dentsitate handiko eremuetatik oso hurbil daudelako eta Gipuzkoan garrantzi handiko bidezidor homologatuak daudelako, hala nola GR-121 Talaia, Donejakue Bidea eta Gi 33 Uliako Itzulia. Gainera, ehizan aritzeak eragin nabarmena du eremu hori erabiltzen duten gainerako herritarrentzat, bai tiroek eragindako zaratagatik, bai pertsonen segurtasun fisikoko arrazoiengatik”.

Hauxe da, funtsean, segurtasun-eremuak deklaratzeko arrazoia. Arrazoi hori ezerezean geratuko litzateke baldin eta, “salbuespen gisa” besterik ez bada ere, ehiza larriko uxaldiak antolatuko balira.

Gainera, arestian esan bezala, segurtasun-eremuetan arriskua ez dira basurdeak, ehiza eta eskopetak baizik.

Aldundiaren ehiza-politikari buruz

Hainbat faktoreren ondorioz, gaur egun basurde gehiago daude orain dela urte batzuk baino. Baina faktore horietako bat ez da basurde-ehiza egiten ez dela edo gutxi egiten dela. Izan ere, Aldundiaren beraren datuen arabera, urtetik urtera hazi egiten da botatako basurdeen kopurua, eta, hala ere, arazoa gero eta larriagoa omen da. Paradoxa horrek zer pentsatua eman beharko lioke Aldundiari. Beharbada, ez da ehiza-politika ondo enfokatzen ari.

Beste lekutan, ehiza-politika basurdeen populazioen dinamikari eta espeziearen etologiari erreparatuta egiten dute, eta, ondorioz, ez dituzte botatzen eme heldu handiak. Eme heldu handi horiek basurde taldeen ugaltze-prozesua kontrolatzen dute. Haiek ehizatzen badituzte, berriz, taldeko gainerako emeak ugaltzen hasten dira, bizirauteko mekanismo gisa, eta basurdeen populazioa handitzen da. Labur esanda: badaude arrazoiak pentsatzeko zenbat eta basurde gehiago bota modu ez selektiboan, orduan eta basurde gehiago egongo direla. Eta, hain justu, gaur egungo uxaldiak ez dira oso metodo selektiboa, egia esan.

Bestalde, basurdeek oso talde egonkorrak osatzen dituzte, eta, babesa eta jana dituzten bitartean, ez dira beraien eremutik gehiegi mugitzen. Uxaldiek ez dute egonkortasunean laguntzen, eta badira arrazoiak pentsatzeko basurdeak hiri-inguruetara eta baserrietako soro eta baratzetara hurbiltzeko faktore bat izan daitezkeela.

Hau da, arestian esan bezala, badira arrazoiak pentsatzeko uxaldiak, gaur egun egiten diren moduan behintzat, arazoaren parte izan daitezkeela konponbidearen parte baino gehiago. Nolanahi ere, eta iritziak iritzi, gaur egungo ehiza-politikak fruiturik ematen ez duela ikusita, badira arrazoiak pentsatzeko horren inguruko hausnarketa egitea komenigarria litzatekeela.

Baina garbi dago hori ez dagoela Aldundiaren buruan, eta Gipuzkoan dauden segurtasun-ememu bakanek ere traba egiten diotela uxaldiekin jarraitzeko.

 

EGUZKI, febrero de 2021

La entrada Aldundiak segurtasun-eremuetan basurde ehiza baimendu nahi duela ohartarazi du Eguzkik aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora