Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
2022-08-07 14:49

Arrainak hilik Deban, Aretxabaleta parean.

Abuztuan, normalean ugaldu egiten dira isurketa-salaketak. Oporrak direla eta, enpresa batzuek “garbiketa” egiten dute, eta, oro  har, ibaiek eta errekek ur gutxiago eramaten dutenez, isurketa “arruntak” ere urteko beste hilabeteetan baino nabarmenago ageri ohi dira.

Izan ere, pasa berri den (abuztuko) lehen astean bi isurketen berri izan dugu:

  1. Deba ibaian, Aretxabaleta parean, arrain hilekin eta guzti. Badirudi lotuta dagoela enpresa batean izandako sutearekin. Ikus bideoa: https://youtube.com/watch?v=DJqMDWg1sUc&feature=share
  2. Urumean, Donostian, Txomin Enea parean: https://youtube.com/shorts/bit5WvkTPaw?feature=share

Bi isurketa horien berri izan dugu, testigantza grafikoa barne, baina seguru gehiago ere izan direla. Eta are gehiago izango dira, noski.

Zoritxarrez, isurketak oso ohikoak dira, baina ez ditugu horregatik “normaltzat” jo behar, ibai, erreka nahiz itsasoko urak nolanahi kutsatzea ez baita inolaz ere normala. Beraz, irmoki salatu egin behar dira.

Gauzak horrela, herritar batek isurketaren bat ikusten duenean, egin dezakeen onena da lehenbailehen 112 larrialdi-zenbakira deitzea. Handik jarriko dute martxan protokoloa, Ura agentziako ikuskatzaile bat isuria detektatu den lekura joatea aurreikusten duena.

Ondoren, herritar hori, betiere nahi izanez gero, Eguzkirekin harremanetan jar daiteke 688662532 telefonora deituz edo eguzki.eguzki@gmail.com helbidera mezu bat bidaliz. Ahal dugun neurrian, jarraipena egiten saiatuko gara eta, hala badagokio, publikoki salatuko dugu.

Salaketa publikoa guk, beste talde ekologista batek, auzo elkarte batek edo dena delako batek egitea ezinbesteko tresna iruditzen zaigu, zeren eta ikusten ez diren arazoak ez baitira existitzen, eta, hain justu, isurketen arazoari ikusgarritasuna eman behar baitzaio. Baina, esan bezala, isurketa baten aurrean, beste ezer baino lehen, 112ra deitu beharra dago.

Ea zer moduz aurtengo abuztuan.

EGUZKI, 2022ko abuztua

La entrada Abuztuan, adi isurketei! aparece primero en Eguzki Talde Ekologista.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Eguzki euskal erakunde edo elkarte ekologista bat da, boluntarioek osatua. Boluntariook herriz herriko taldeetan aritzen dira. Halaber, talde hauek laguntzaile sare baten korapiloak dira. Eguzkik herri-erakunde izaera du. Hau da, ez dute ingurugiro alorreko profesionalek osatzen, herritar “arruntek” baizik. Bakoitzak bere ezagutza eta gaitasuna taldearen zerbitzura jartzen ditu, nahi edota ahal duen neurrian. Gehiago jakiteko. http://eguzki.org/quienes-somos/