Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Maiatzaren 19tik 26ra Donostian HERRITARRON KAPITALA. Laster informazio gehiago.
2018-05-14 17:53

NOR GARA? Herri mugimendu eta sindikatu ugarik bat egin dugu bat Bizitza Da Handiena kanpainarekin, agintetik aurrera eramaten ari diren herritarron aurkako politikei aurre egin behar zaiela uste dugulako. Behar izugarria dago, egoerak eskatzen du, eta horren froga da batu garen eragile eta herritarren aniztasuna. Aste honetan egingo dugu publiko kanpainarekin bat egiten dugun eragileon zerrenda ederra. Kanpainaren filosofiarekin bat datozen Euskal Herriko herri mugimendu eta sindikatuei atxikimendua eskatu nahi diegu, deialdia indartze aldera. Atxikimendua eman nahi izanez gero idatzi bizitzadahandiena [abildua] gmail . com helbidera ostegun iluntzea baino lehen.

EZ GARA EZEREZETIK ABIATZEN: Mundu mailan ematen diren esperientzia ugariren iturritik edaten dugu, baita Donostian gertatu direnetatik ere: Azken urteetako desobedientzia ekimen masibo batzuk aipatzearren, atxiloketen aurkako herri harresien, etxe kaleratzeen aurkako borrokaren, 15M, Nuit Debout edo erraustegiaren aurkako kanpaldiaren, “M8 “emakumeok* planto” izenpeko greba feministaren, prekarietatearen aurka langile mugimenduaren dinamiken eta pentsionisten mobilizazioen bidetik borrokatuko dugu, besteak beste. Borroken artean loturak egiten saiatuko gara, guk nahi badugu, dena lotuta dagoelako

NOLA EGINGO DIEGU AURRE? Desobedientzia zibila, kolaborazio-eza, ekintza zuzena, erresistentzia izango dira gure borrokarako tresna lege eta politika injustuei aurre egiteko; beren bortxa agerian utziko dugu guk biolentziarik erabili gabe. Erasoen aurrean elkartasuna izango da tresnarik indartsuena. Dena kontrolpean edukitzera ohitu direnen aurka egiteko borroka molde berriak asmatzen ari gara, kultura politiko berri bat egunez egun eraikitzen. Egingo dugun ekimenari adjektiboak jartzen hasi baino, gure ekintzen bidez azalduko diogu Euskal Erregimenaren ereduari kontrapuntua.

ZERGATIK? Etxean eta desanimatuta nahi gaituzten arren, kalea bizi-bizirik dago. Protestara kalera ateratzeko arrazoiak pilatzen ari zaizkigu, horregatik emango dugu erantzun bateratua.

DEIALDI GARRANTZITSUA: Maiatzaren 19an denok Donostiako Bulebarrean, 10:30ean. Garrantzitsua izango da adin eta esparru ezberdinetako jendea bildu eta denok bertan gustora sentitzea, gure lekua daukagula ikustea. Horregatik, aste honetan, era guztietako konpromisoak, denak balorean jarriko ditugu. Beraz, larunbatean, den denok Boulebardera, lehen egunean jende asko biltzea garrantzitsua izango da.

Bertan ikusiko dugu elkar!