Bizi-baratzea

SORTU KONTUA
Bizi! 2009an sortu zen mugimendu altermundialista da, Ipar euskal Herrian ari dena nagusiki, larrialdi klimatiko eta ekologiaren arloan, justizia sozialaren alde eta ildotik. Gaur egun 600 bat kide ditu.
2020-12-16 13:58

Astearte honetan, 2020ko abenduaren 15ean, goizeko 10:30etan, Biarritzen, Bizi! mugimenduak herritar-desobedientzia ekintza bat burutu du… legearen errespetatzea fermuki eskatzeko. arraberritzen ari den Kennedy hiribidearen zati batean, klimaren aldeko 21 ekintzailek ondoko mezua pintatu dute: “Legea errespetatu! Kennedy hiribideko arraberritzeak Ingurumenaren Kodeko L228-2 artikulua errespetatu behar du!” Hots, “herritar-desobedientzia” arloko ekintza bat, COP21a duela 5 urte iragan delarik, fermuki salatzeko lege hori sistematikoki zangopilatua dela, inpunitate osoz, Ipar Euskal Herrian, eta bereziki Biarritzen (hiri horretako Herriko Etxeak sistematikoki errefusatzen du gaia Bizirekin aipatzea). Klimaz arranguratzen den mugimenduak horrelako jarrerak ezin onartuzkotzat, delituzkotzat eta kriminaltzat dauzka.

COP21aren karietara, duela 5 urte, Pariseko Hitzarmena izenpetu zen. Bizi! mugimenduko 21 ekintzailek salatu dute Ipar Euskal Herriko Herrietan Ingurumenaren Kodeko L228-2 artikulua sistematikoki zangopilatua dela. Ekintzaileek Kodeko testua Biarritzeko Kennedy hiribideko zati batean pintatu dute, gaur egun egiten ari diren arraberritze obretan bizikletentzat antolaketa izpirik ez baita pentsatua. Hainbat kidek banderola bat atxikitzen zuten, ondoko mezua erakutsiz: “Hemen, Maider Arosteguyk legea zangopilatzen du. Zer ari dira bazter-zaintzaileak?!” 

«Herritar-desobedientzaren arloko ekintza da hau, bistan dena, baina haren helburua da legearen errespetua fermuki galdegitea, eta Ingurumen Kodeko L228-2 artikulua beste behin ere zangopilatua dela salatzea, han zehaztua baita hirietako bideen arraberritze orok antolaketak aitzin ikusi behar dituztela, izan pistak, bazter bideak, ibilbide berdeak edo topaketa guneak. Bizi! eta hainbat bizikletari-elkarte aspalditik entseatzen dira, molde guziak erabiliz, legearen errespetaraztera, Ipar Euskal Herriko auzapezei dei eginez, orain arte arrakastarik gabe, zoritxarrez. Alta bada, bizikleta egunero erabiltzen dutenen segurtasunaz ari gara eta, gainera, berotegi efektuko gasen isurketaren murrizteaz, eta beraz klimaren egonkortzeaz!” esplikatu du Antton Harinordokik, Biziko bozeramaileak.

«Prefeturako agintariak ere abisatu ditugu, galdeginez esku har dezaten legearen errespetarazteko» gaineratu du Txetx Etcheverryk, elkarteko beste bozeramaile batek. «Erakutsi diegu Biarritzeko Herriko Etxearen aurkezpen publikoa, non argi eta garbi ageri baita Kennedy hiribidearen arraberritzeak L228-2 artikulua nahitara zangopilatuko duela, artikulu horrek zehazten baitu hemengo autoen bidean pentsatuak diren bizikleta-irudiak zorrozki erreserbatuak zaizkiela norabide eta lerro bakarreko galtzadei. Hemengo egoera ez da neholaz ere hori. Prefeturako agintariei eskua hartzeko behar gorria azpimarratu diegu, obren gauzatzea hasia delako eta 2021eko maiatzeko bururatzea pentsatua delako! Biarritzeko Herriko Etxeari hitzordu bat eskatu diogu, abenduaren 1.a aitzin, baina auzapez andereak ez du gure galdeari ihardestea onetsi. Ondorioz ez dugu “herritar-desobedientziaz” aparte beste baliabiderik Ingurumenaren Kodeko errespetatzea galdatzeko eta prest gara horren asumitzeko, beharrez auzitegien aitzinean! Nor behar da auzipetu eta kondenatu afera honetan? Maider Arosteguy bezala legea zangopilatzen dutenak edo Bizi! bezala legearen errespetatzea galdegiten dutenak?”.

Bizik deitoratzen du Biarritzeko auzapez berriaren ardura gutiko jokamoldea, bai demokrazia eta herritarren ikuspuntutik, bai osasun publiko eta bete behar klimatikoen ikuspuntutik. Antton Harinordokiren iduriko «Gaur egungo Herriko Etxeko gehiengoari ez zaio iruditu balio zuela harekin mintzatu nahi duen elkarte batekin biltzea, legearen zangopilatze horrek pausatzen duen arazoari buruz solastatzeko. Hori horrela eginez, eta BAB hiribideko behin behineko bizikleta bidearen kentzea eskatuz, Maider Arosteguyk nahitara zangopilatzen du Herriko Etxeko hauteskundeak aitzin izenpetu zuen Metamorfosi Ekologikoaren Ituna. Izan ere, Itun horretako 7 neurrietarik batek eskatzen du edozoin bideren antolaketarentzat mugikortasun moldeak ondoko ordenan lehenestea: oinezkoa, bizikletazkoa, autobusezkoa, autozkoa. Gainera, eskatzen ere du Herriko bide guziak bizikletaz erabiltzeko gisan uztea, antolaketa egokienaren bidez. Azen ontzeko, lehengo Euskal Kostalde–Aturri Hiriguneak bozkatu Bizikleta Planak Kennedy hiribidea sare primarioaren parte gisa identifikatua zuen eta erabaki zuen hiriko sartze hau behar zela bizikletaren erabilpena errazteko landu. Horrek guziak sinesgarritasuna galarazten dio politikarien hitzari. Ondorioz, hautetsienganako konfiantza ahultzen du, eta demokraziari berari kalte egiten dio».

Txetx Etcheverry-ren iduriko, L 228-2 artikuluaren betearaztea erronka handia da: «Helburua da, hiri bideen obratze edo arraberritzeen karietara, bizikletendako antolaketak plantan ematea, urraska, orotarat hedatuz, herritarrentzat autorik erabili gabe mugitzea posible izan dadin, eta hori, segurtasunean, bistan dena. Horri esker, berotegi efektuko gasen isurketaren murriztean parte hartzen ahal dute, Ipar Euskal Herrian, garraioak isurketa horien iturri nagusietarik baitira. Antolaketa horiek herritarren osagarriaren onerako dira, gainera, haien bizia eta haien osotasun fisikoa arriskuan ematea ekiditen baitute. COP21az geroz, kontzientzia hartzea handituz doa, eta horrek gauzak aitzinarazten ditu, herritarren eta zonbait Estaturen mailan, bai eta eskualde eta hiri anitzen mailan ere. Baina, zorigaitzez, badira, Donald Trump edo Maider Arosteguy bezala, klima alorrean ardurarik hartu nahi ez duten agintari gehiegi. Horiek beharrezko aldaketa orokorra geldiarazten dute eta jendarte osoarentzat itzulbiderik gabeko eta ezin kontrolatuzko gainbehera klimatikoa saihesteko azken xantzak lanjerean ematen dituzte». Gure irudiko, jarrera hori kriminala da.

Bizik bukatu du Herriko Etxeari fermuki eskatuz bere plangintza alda dezan eta pentsatu obretan bizikleta-antolaketa egokiak sar ditzan, 2021eko urtarrileko aurreikusi lan nagusiak hasi aitzin. Bestenaz, Bizirentzat, hautu bakarra aipatu obren blokatzeko ekintzak antolatzea izanen da.

  •