Asteroko buletina
Euri guti urtarrilean, ogia eder uztailean.

Landarepedia

Uraza edo letxuga

Lactuca sativa

[Jakoba Errekondo]

Etxe ondoan dugun uraza basati batetik (Lactuca serriola) dator, agi danean, gaur egungo uraza aukera. Egipton eta Grezian izan zuen ospearen ondotik, Erromatarrek gurtu egin zuten: Augusto enperadoreak aldare eta estatua bana eskaini zizkion. Ehunka uraza mota dago: zimurrak, kizkurrak, harroak, trinkoak, buru bilduak, kukuluak, gorriak, gorriagoak... Atera betiko uraza zozoaren asperduratik eta eman zure baratzeari forma eta kolore berriak eta zure aho sabaiari ezusteko dastak eta kraskak.

 

Oinarrizko premiak

Lantzen oso erraza da. Baratzeari ekiteko landare onenetakoa. Gauza bat gogoan izan: uraza lehortearen beldur bizi da.
Eguzkia gustatzen zaio, baina erdi itzaletan ere etorriko da: buru trinko osoa ez osatzeko arriskua izango du. Freskura gustatzen zaio. Udaberriko eta udako egun luzeetan, bero handiekin, eta batez ere lehortearekin, konturatzerako tontortuko da, eta loretarako gara hazten denean asko zakartzen da hostoa. Erne, ureztaketak zaindu. Burutzen ari denean, lur hezeegian azpitik usteldu daiteke. Goizean goiz ureztatu eta tamaina hartu. Lehortearekin, baita ere, hostoen muturrak erre daitezke.
Lur aberatsa gustatzen zaio, baina ez berari jarritako simaurra, aurreko landareak utzi duena baizik. Besterik ezean, simaur zahar-zaharra eman. pH neutroko lurra da onena: buztin-lurrak karetu.

 

Noiz zer lan

Orain urte osoan aldatzen da uraza. Etxean hazia erein nahi bada, lurra berotu arte itxaron, apirila aldera arte. 4-5 hosto dituenean aldatu, 25 cm inguruko tartea emanez. Uraza aldatzeko kontutan izan: lurrak gozo egon behar du, zokor artean alferrik ariko zara, bero handiko egunetan ez egin eta beti ureztatu, sakon ureztatu landaretxo aldatu berriak. Honela lurraren tenperatura jaisten da eta errazago itsatsiko dira. Tarteko belarrak eskuz edo jorraiaz kendu.
Zenbat jango dugun ongi neurtu eta honen arabera aldatu. Hobe da hamabostero 20 landare aldatzea, hilero ziento erdi bat baino.

 

Uzta

Motaren arabera heldutasuna hartzen duen eran jan. Ez itxaron handiak egin arte, batez ere sasoi lehorretan. Makina bat uraza tontortua eta alferrik galdua ikusten da bazterretan.
Ahal izanez gero, goizean goiz moztu uraza.

 

Gaitzak eta izurriteak

Bareak eta barraskiloen gutizia dira. Jarri berritan zaindu: karez edo errautsez egindako muga bat eraiki.
Hotza eta, batez ere, hezetasunaren eraginez usteldurak agertu daitezke, batez ere mildiua. Ureztaketa zaindu.
Animalia asko ere bere zale dira: luhartza, zorria, erlamandoaren harra...

 

Nor norekin

Azenarioa, errefaua, luzokerra, tipula, borraja, tomatea, erremolatxa, azalorea, marrubia, ilarra, babarruna, leka, baba... lagun on ditu.
Perrexila, azak eta apioa ez omen ditu gustuko.

 

Trikimailuak

Lekadunak egon diren sailetan geratu den nitrogenoa ederki baliatuko du. Leken eta babarrunen tartean jarri, baita hauen edo baba edo ilarraren ondoren ere.
Tomatea, alberjinia, piperra eta antzeko ziklo luzeko landareak jartzean, batera, tartean, urazak jarri.
Haziak sortzea erraza da. Tontortutakoan utzi landarean bertan heltzen, baina haziak sare batekin babestu, txorientzako pagotxa dira.

 

Letxuga lehortearen beldur bizi da. 

atzera
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora