Asteroko buletina
Eguzkiak sanjuanetan dantza.

Landarepedia

Luzokerra

Cucumis sativus

[Jakoba Errekondo]

Kuia eta kuiatxoaren familiakoa da luzokerra. Igokaria da. Herrestadarrak luzatu eta hosto tartean dituen kiribilekin aurrean duen guztiari heltzen dio, haren gainean hedatzeko. Lore arrak eta emeak, horiak, bereizita ditu eta emeek ematen dituzten fruitu berde beltz zilindrikoak jaten ditugu, freskotan. Hala ere, polinizazioaren beharrik gabe, lorea fruitu bihurtzeko gai diren aldaerak gero eta maizago ikusten dira.
Aldaeraren arabera, azala leuna edo pinportaduna izango du.
Aldaera berezi batzuk fruitu txikiagoak ematen dituzte, luzokertxoak dira (gazteleraz “pepinillo” eta frantsesez “cornichon”). Fresko jan beharrean ozpinetan beratuta jan ohi dira. Hauen landarea motzagoa, bilduagoa da.

 

Oinarrizko premiak

Beroa gustatzen zaio, 20-25ºC artean onena, baina baita hezetasuna ere. Lurrari karea emanez gero mesede egingo diogu. Simaur asko behar du, asko.
Bi eta lau metro artean luzatzen ditu adarrak. Lurrean herrestan edo egituraren bat badu haren bizkarrean.
Haizearekin sufritzen du.
Lurrari heze eutsi, baina ureztatzerakoan landarea ez busti.

 

Noiz zer lan

Apirila edo maiatzean ereiten da. Ontzi batean onena. 24 orduz paper busti batean bilduta eduki haziak, lurrean 3-4 sartu eta toki bero batean mantendu, etxean, adibidez. Ur epelarekin ureztatu. Argi asko behar dute. Hazien kotiledoi edo hostotxo borobilen gainean, benetako hosto pare bat duenean baratzean aldatu. Landareen artean metro bat utzi.
Nahi izatera, baratzean bertan ere erein daiteke. Maiatzean, eta haziak plastiko gardenezko ontzi batekin babestuta.
Baratzean simaurren betetako zulo handi baten gainean jarri, kuiak bezala. Arbatu edo sarea jarri lurra kendu eta, usteldu gabe, fruitu hobeak eman ditzan.

 

Uzta

Uda osoan emango ditu aleak. Fruitu gozoak izateko sarri-sarri bildu, ez utzi handitu eta mikazten, gutxiago azala horitu arte.
Tiraka ez bildu, labana zorrotzez edo guraizez txortena moztu.

 

Gaitzak eta izurriteak

Landare txikiak bareetatik eta barraskiloetatik babestu.
Herdoilak jo dezake giro bero eta lehorretan, areago lurra lehorra badago.
Sasoi hezeetan zurina ager daiteke.

 

Nor norekin

Lagun ditu aza, artoa, erremolatxa, uraza, ziazerba, mihilua, apioa, ekilorea, ilarra, azenarioa, tipula eta babarrunak.
Ez ditu maite ez tomateak, ez kuiak, ez errefauak ezta patatak ere.

 

Trikimailuak

Albahaka lagun mina du luzokerrak. Inguruan badu, intsektu polinizatzaileak erakarriko ditu. Era berean, gorrina edo mildiuarengandik babestuko du.
Kontuz inguruan intsektizida tratamenduak egitearekin. Polinizatzera etorri behar duten intsektuak hil edo uxa ditzakegu eta gure luzokerraren loreak zapuztu.
Luzokerrari dasta mikatza eransten dion osagai bat aziendarentzako pozoitsua da, batik bat ardientzako.
Landatutakoan, tarteetan urazak edo eskarolak jarri. Hauek azkar etorriko dira eta luzoker landaretxoa babestuko du-eta. Hau hazten denerako besteak janda izango ditugu.

 

Mespotamian, duela 4.500 urte, dagoeneko, ozpinetan jarrita jaten zituzten. 

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Landareek diote lurraren berri
2022-02-07 | Jakoba Errekondo
Paisaia hautematen dugun hori dela esaten dugu. Hauteman edo sentitu edo antzeman edo nabaritu edo aditu edo begiztatu. Ikus dezagun. Ikusten dugun guztia da paisaia,... (+)
Lasaigarri
2018-07-29 | Jakoba Errekondo
Lehen pasean soilik ikusten genituen, baina egun bizikide gero eta ugariagoak ditugun uso-tortoilen urruka eta urruma artean ari naiz. Belarrietako jolasa ezkien (Tilia spp.) azken... (+)
Ohepeko sorta
2015-11-01 | Jakoba Errekondo
Umetako oroitzapen bat. Lotara etzan eta loak harrapatu aurreko tartean edo lo-putzuetan hara-hona ibili bitarte horretan: belaun-katiluaren parean kosk, besape inguruko mami gozoan kosk, lepo-zamarrean... (+)
Pesia eta zirimola
2015-06-07 | Jakoba Errekondo
Usain pesia darama, udaberrian, haizeak zirimolan. Etengabeko txandakatzean, lorea lorearen gainean zabaltzen ari da, batak bestearen usainari gaina hartu eta azpian hartu nahian. Ikusgarritasunaren ohorea... (+)
Asuna irabazian
2014-12-07 | Jakoba Errekondo
Asuna (Urtica dioica) irabazian dago. Osinak nitrogeno asko duen lurra atsegin du. Gure inguruko landarea da ukuilu, korta eta etxeetan. Katuen mugarrien barruan, beti dago... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora