Asteroko buletina
Uztail ilargi betez, uztak behar du ontua; orduan ontu eskasez, segur daiteke miseria.

Landarepedia

Lizar gozoa

Fraxinus excelsior

Oderitzen “harmena” deitzen zaio besakada batean bildu daitekeen hostoz jantzitako adar multzoari. Izen mordoa du ihartu eta neguko bazkatarako jasotzen zen azao horrek. Gari, belar, adar, egur... eskuta guztientzat izen bertsuak erabili izan dira. Eskuta eta eskuda, eskukada eta eskuera gogora dakarzkidate, eta eskuera esateko harmena erabiltzen da. Eskua eta har daitekeena, sortak sortzeko uztarri polita.

Mendian, bide ertzetan eta etxe inguruetan batik bat lizarra aldatu izan da harmenetarako. Erabilera ugari du mirarizko zuhaitz honek: itzala, hosto jatena, zura, tximistak uxatzea... Fraxinus excelsior izenak ederki adierazten du. Neuk ere beti aldamenean nahi dut; etxe aurrean ditudan bakanetako bat bera da.

Lizarra ez den zuhaitzaren adarrak ere jaso izan dira negu gorriko bazkatarako; haritza (Quercus robur), adibidez. Arabako Badaia eta Arrato aldean lizar loreduna (Fraxinus ornus) ere erabili izango zuten. Lizar bitxi hori orain edonongo lorategitan edergarri topa badezakegu ere, itxuraz naturala, berezkoa, hor bakarrik da gure herrian. Gaur. Lehen auskalo non ez zen biziko giro mediterraneoaren zale amorratu hau.

Lizar arruntak ez bezala, udaberrian loreak ikusgarriak ditu, urrunetik ikusgarriak, alegia. Hark hostajearekin nahasteko moduko lore berdeak dituen eran, honek petalo laruz jantzitakoak. Hori gutxi balitz bezala, loreak ez ditu banaka erakusten, tente-tente antolatutako multzo-buru handietan baizik.

Lizar honi “mana zuhaitza” deitzen diote kultura ugaritan: frassino da maná italieraz, manna ash ingelesez, fresno de mana gaztelaniaz, manna-ask suedieraz eta danieraz, manna-esche alemanez. Euskaraz ez dugu manarik nonbait... Manatzat hartze hau zaurietatik isurtzen duen izerdiaren gozoagatik datorkio. Mana biblikoarekin duen konparaketa honen lehen dokumentua XV. mendekoa da. Gose zen jendeak azalean pikoak ebaki, eta azukrea, ahoko zulora! Gaur egun, labana zorroztu eta azukre hau eskuratuz gero, mana ez, gutizia litzateke, zenbait sukaldari zuri-ederrentzat gorena. Azukrea manosa da, eta hark ematen duen alkohola manitola. Hurrengo udaberriko izerdiarekin likoreren bat egingo al dugu?

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Kristoren esnea
2014-09-21 | Jakoba Errekondo
Latexa ez da izerdia. Landareek, gehienetan zuhaitzek, jariatzen dituzte bata zein bestea. Ez omen dira, ordea, gauza bera, ezta gutxiagorik ere. Izerdiak bi dira: gordina... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora