Asteroko buletina
Otsailean lainoa noraino, elurra gero haraino

Landarepedia

Leka

Phaseolus vulgaris

[Jakoba Errekondo]

Babarrunaren espezie berekoa da leka. Hain zuzen, leka bera berdetan jateko bereziki onak diren aldaerak bereiziz eta aukeratuz sortu dira. Lekari buruzko argibide eta jakingarri asko babarrunaren atalean daude, irakurri gabe ez utzi. Kolore eta forma askotako leka landareak daude: lore zuri, gorri, arrosa... leka zapala edo borobila, gorri, hori, ubel, laru edo berdea eta aleak era guztietakoak dituztenak.
Bi multzo nagusi landu ohi dira: arbatzekoak eta motzak. Arbatzekoak hiru metro eta gehiago luza daitekeen aihena ematen du, eskuinetara (destrogiroa, ordulariaren orratzen kontra) hazten dena eta hazi ahala beheko aldea zurtoin gogor bihurtzen dena. Motzak metro erdi inguru altxatzen dira, baina tente. Arba beharrik ez dute, erraza beraz.
Jeneralean, arbatzekoak leka zapala dutenak dira eta motzak leka borobilekoak.

 

Oinarrizko premiak

Lekadun guztiek bezala, sustraietan bakterio batzuk hartzen dituzte apopilo, hauek aireko nitrogenoa hartu eta lurrera ekartzen dute. Beraz, babak ez du nitrogenodun ongarririk behar, kontuz, bada, simaurrarekin. Gainera, lurra nitrogenoz aberastuta utziko duenez, bere ondoren hostoa aprobetxatu diogun barazkiren bat jarri, nitrogeno hori balia dezan. Arrazoi beragatik, lekadun baten ondoren beste lekadun bat ez jarri sail horretan.
Geurea bezalako klima epela dagoen tokietan ederki hazten da, ez dizu lan handirik emango. Lur hotzean ez da ernatzen, beroa gustatzen zaio, zurtoinean eguzkia hartzea atsegin du.
Buztin-lurretan karea edo errautsa eman, pHa neutro aldera eraman behar da. Lur itoetan asko sufritzen du eta gaitzek gupidarik gabe erasotzen dute. Baina, lehortea ere ez du maite.
Apirila-maiatza aldera arte itxaron arbatzekoa eta motza biak ereiteko. Uztaila aldera berriz erein daiteke.

 

Noiz zer lan

Lurra berotzen hasi ordurako, apirila aldera ereiten hasi. Arba, makila edo parda jartzeko, errenka batetik bestera 70-90 cm tartea utzi, eta zulotik zulora 50 cm. Zuloko 4-7 ale bota. Jaio bezain pronto arbatu. Sarea jartzez gero, errenkatik errenkara 1-1’5 m utzi, eta errenka osoan erein edo 20-25 cm tartearekin zuloka, bina edo hiruna ale. 3-5 cm sakon sartu.
Motza ereiteko tartea, errenken artean 60-70 cm eta zuloen artean 40-50cm. Zuloko 4-6 ale jarri.
Bigarren astean jaioko dira. 15-20cm inguru hazi denean, jorratu eta landarea lurreztatzea ona da, sendotu egingo du. Jorraldiak azalekoa izan behar du. Sustraiak hortxe ditu eta kaltetu daitezke.

 

Uzta

Udaberrian bertan hasi eta udazkenera artekoa. Ez utzi lekak zakartzen. Txikiak direnen bildu, kendu ahala gehiago emateko joera izango du. Hazitarako jaso nahi dituzunak besterik ez utzi.
Izoztuta ederki egon daitezke urte betez: 3 minutuz ur irakinetan eduki, xukatu eta jaso.

 

Gaitzak eta izurriteak

Kontuz bareekin eta barraskiloekin, landare jaio berrietan sarraski ederra egin dezakete.
Zorri beltza etorri daiteke, udaberrian baba landareetan ian bada batez ere, edo udaran inguruan lekak baldin badaude. Goiz azaldu bada xaboiarekin egin tratamendua.
Lur itoetan, harrotu eta karetu gabekoetan, lepotik gora eta behera zabaltzen diren usteldurak jo dezakete, hezetasunarekin eta landarea erdipurdi egotearekin oparo hedatzen diren gaitzak. Gorrina edo herdoilaren kuadrillakoak dira. Nitrogeno gehiegi bada ere gaitza ur aparretan haziko da.

 

Nor norekin

Lurra nitrogenoz aberasten dutenez lagun koadrila handia dute. Orokorrean hostoa jaten diogun guztiari mesede egiten dio. Ondo konpontzen da, besteak beste, aza jendea, artoa, azenarioa, kuia, kuiatxoa, marrubia, luzokerra, espinaka, meloia, patata, perrexila, apioa, uraza, alberjinia, tomatea eta orburuarekin.
Tipula, baratxuria, porrua eta mihilua ez ditu gustuko.

 

Trikimailuak

Babarrunarena bezala lekaren hostoa ere barazki gisa jaten da. Aurrera!
Lekaren lorea alu xamarra da: ukitu ordurako erori egiten da. Lekak biltzen direnean kontuz ibili, azkazalarekin moztu txortena. Tiraka hasten bazara, astinduarekin lore asko gal dezake, eta uzta urritu.
Leka oparoa da, eta dena batera egin beharrean, tartekatuz sail txikiagoak ereitea hobe da.
Udaberritik uda amaiera arte erein daiteke. Kontutan izan 10º C-tik behera ez dela hazten.

 

Denboran tartekatuz sail txikiak erein, bestela otorduro leka jan behar. 

atzera

Erlazionatutako jakingaiak

Testosterona behera
2021-12-23 | Jakoba Errekondo
Testosterona gehiegi duen jendarte batean bizi gara. Feminizidio etengabea, muskulu masa erraldoiak erakusten dituen jendearen emana, oldarkortasuna eta diktadoreen pare barrabilak mahai gainean jarrita erabakiak... (+)
Asteroko buletina

EMAN HARTURAKO:

Zirkuitu ibilbidea 2, Industrialdea 15
20160 Lasarte-Oria. Gipuzkoa. Euskal Herria
bizibaratzea@bizibaratzea.eus
+34 943371545

OlatuKoop

Ekonomia sozial eraldatzailearen sareko kide da ARGIA (Bizi Baratzea). Informazio burujabetza helburu, egunerokoan gauzak egiteko beste modu batean sinesten dugu.

BIZI BARATZEAko edukiak kopiatu, moldatu, zabaldu eta argitaratzeko libre zara, beti ere, gure egiletza direla aitortzen baduzu eta baldintza beretan egiten baduzu.

gora