Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Ziazerba edo espinaka
Izen zientifikoa: Spinacia oleracea
Arabiarrek Pertsia aldetik ekarri ziguten ziazerba. Eskerrik asko. Popeye baino dezente lehenago, XII. mendean, Ibn al-ʻAwwām Al-Andaluseko agronomo ospetsuak hala definitu zuen: hostoa jaten diegun barazkien tribuko buruzagia. Ohi duguna baino gehiago jan beharko genuke.

Lur gainean bertan zabaltzen den hosto berde-beltz mordo bat da, gero loratu eta haziak emateko tontortzera jo behar duenean zortenak luzatuko ditu. Batzuk arrak beste batzuk emeak eta baita hermafroditak ere badira.

Hasieran behean dauden hosto horiek dira gozoenak, xamurrenak. Samurtasun hori dastatzeko oso gutxi eginda jan, eta hosto txikiak gordinik.

Aldaera asko dago eta hostoen formagatik bereiziko ditugu: borobilak, zorrotzak, gingildunak...

Oinarrizko premiak

Azkar hazten den landarea da. Ez da utzi behar zahartzen. Freskura gustatzen zaio. Beroaren, lehortearen eta egun luzeen eraginez hostoa zakartu, mikaztu eta azkarrago loratuko da. Udari ihesi, udaberrian eta udazkenean bi alditan egin ohi da.

Ongarri organiko asko, asko, behar du. Lurra prestatzen dugunean simaurra, luarra... erruz nahastu. Eskuzabala izan. Kontuz ordea, ondu gabekoa ez zaio gustatzen.

Noiz zer lan

Gure amona Joxepak esaten zuen espinaka ondo ernatzeko lurrak bero behar zuela. Martxoa-apirilean eta irailean. Errenkan ereiten da, 30 cm utzi batetik bestera. Errenkan denean bota hazia, eta 2 cm lurrez estali. Landarea ugariegi badago, bakandu. Batzuk landare txikiak kentzen dituzte. Nik, zertxobait hazten utzi eta bakanduz kentzekoak jaten hasteko baliatzen ditut.

Errenka tarteak izakitu eta landareen tarteko belarrak eskuz kendu.

Uzta

Erein eta hilabeterako jaten hasteko modukoa da.

Hostoz hosto bildu, landare bakoitzari kanpoko aldeko hosto batzuk kenduz; erdia baino gutxixeago kendu. Kontuz moztu, azkazalekin ebaki txorena, sustraiak ez kaltetzeko. Bakantzeko premia badago, tarteka landare osoa kendu. Nahi izatea landare osoa moztu daiteke, lur gainean 4 cm ingurura, eta berritu egingo da.

Uzta oparoa baduzu, izoztu. Hosto lerdenak bildu, garbitu, ur irakinetan sartu-atera, xukatu eta izozkailura.

Gaitzak eta izurriteak

Mildiuak eraso dezake: hostoen goiko aldean orbain horiak eta azpiko aldean lizun grisak.

Bareak eta barraskiloak adi ibiliko dira, beti zain; landare jaio berriak babestu.

Nor norekin

Baba, ilarra, babarruna, leka, marrubia, apioa, txikoria, porrua, arbia, aza, uraza eta artoa lagun ditu.

Lekadunak nitrogenoz gainezka uzten duen lurra gogoz hartzen du.

Bere senide erremolatxa et zerba ez ditu gustuko.

Trikimailuak

Errazago ernatzeko haziak uretan bustitako paperean bildu eta 3-4 egunez hozkailuan eduki.

Hostoak nahikoa berdetu ezinik badaude, lurrean kare gehitxo izan daiteke. Simaurra dantzatu!

Ez ahaztu inoiz: egun motzak maite ditu: negu amaian eta uda bukaeran erein.

Erlazionatutako jakingaiak

2016-01-24 | Jakoba Errekondo

Dena atzekoz aurrera ikusten duen jendea bada. “Baratze bat egingo nuke, gustura, baina ez dut lurrik”, “ikaragarrizko lanak dakartza”, “landarea jarri eta zer edo zer ematerako hilabeteak hari

+ gehiago irakurri