Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Zerba edo azelga
Izen zientifikoa: Beta vulgaris
Zerba basati batetik datoz gaur egun ezagutzen ditugun erremolatxa eta zerba guztiak. Hostoengatik aukeratu eta bereizi izan dira zerbak. Nagusienak bi multzotan biltzen dira: zerba fin arruntak (Beta vulgaris var. flavescens) eta zerba kizkurrak (Beta vulgaris var. cicla), kolore bizitako penkak dituztenak: gorriak, horiak, zuriztak... Dotoreak dira, lorategietan erruz erabiltzen dira, baina dasta mikatzagoa dute.

Bi urteko landarea da. Lehen urtean hostaia indartu eta erreserbak eginez sustraia luzatu eta gizentzen du. Hurrengo urtean, erreserba horien bizkar 1,5 m arteko lorea garatu eta haziak emango ditu.

Oinarrizko premiak

Beroa eta lehortea batera ez ditu nahi. Horixe da zerba. Garrantzitsuena urak erraz ihes egiten dion lurra, baina ez elkor lehorra. Lur aberatsa, simaur zaharrez ongi hornitua; aurretik lekadunen bat izan den saila bada hobe. Eguzkitan edo erdi-itzaletan. Lur azidoa ez du atsegin, beraz karea ere dantzatu. Ikaragarri zaildutako landarea da, bero handienak bezala hotz latzak jasan ditzake, -14º C arte!

Noiz zer lan

Hazia otsaila amaiera aldera erein daiteke, toki babes bat izanez gero. Bestela apirila-maiatzean. Bakanduz ateratako landareak zehar-aldatu. 20 cm inguru luzatu denean behin betiko tokian aldatu 40 x 40 cm tartearekin. Aldatu berritan ongi zaindu, batez ere ura eman. Belarrak eskuz kendu edo lurrazala izakitu. Zaintza hau eginda laster haziko da eta lurra estaliko du.

Uzta

Hostoz hosto biltzen da, jeneralean, zerba. Kanpoko aldeko hosto handienak, landare bakoitzari, bildualdiero, bina edo hiruna moztuz. Asko baduzu, edo saila libratu nahi izanez gero, osorik atera daiteke.

Hosto tente mardulak bildu. Jan behar ez baditugu ere. Bestela zakartu egingo da eta berririk ez du emango.

Gaitzak eta izurriteak

Harrotu gabeko lurretan onddoek sortutako gaitzak azaltzen dira. Zerba gehien erasotzen duen gaitza zerkospora da: pikorrez betetzen da hostoa, hasieran gorriak gero zuloak, hostoa horitu eta itxusituz.

Jarri berritan bare eta barraskiloetatik babestu.

Nor norekin

Lagun ditu: azenarioa, baratxuria, babarruna, azak, tipula, errefaua eta uraza.

Porrua ez omen du nahi auzoan.

Trikimailuak

Udaberrian goizegi ez aldatu. Bestela, uda aurretik tontortu daiteke. Beranduxeago jarrita, maiatza aldera, adibidez, hurrengo urteko udaberria arte hostoa eman eta eman arituko da, eta orduan tontortu.

Isuri atlantikoko lurretan oso emailea da zerba, beraz, landare gehiegi ez jarri. Hala gertatuz gero batzuk ipurditik atera eta osorik jan, eta komeni dena utzi.

Toki beroan bada baratzea, azkar tontortzeko joera hori atzeratzeko landarea biziko den tokian bertan hazia ereinda sortu behar da.

Hostoak eskuz, kraska, moztuz gero sustraiak sufritu egiten du eta emankortasuna makaldu. Labana txorrotx batez moztea hobe da.

Erlazionatutako jakingaiak

2016-01-24 | Jakoba Errekondo

Dena atzekoz aurrera ikusten duen jendea bada. “Baratze bat egingo nuke, gustura, baina ez dut lurrik”, “ikaragarrizko lanak dakartza”, “landarea jarri eta zer edo zer ematerako hilabeteak hari

+ gehiago irakurri