Etxe ondoan dugun uraza basati batetik (Lactuca serriola) dator, agi danean, gaur egungo uraza aukera. Egipton eta Grezian izan zuen ospearen ondotik, Erromatarrek gurtu egin zuten: Augusto enperadoreak aldare eta estatua bana eskaini zizkion. Ehunka uraza mota dago: zimurrak, kizkurrak, harroak, trinkoak, buru bilduak, kukuluak, gorriak, gorriagoak... Atera betiko uraza zozoaren asperduratik eta eman zure baratzeari forma eta kolore berriak eta zure aho sabaiari ezusteko dastak eta kraskak.
Lantzen oso erraza da. Baratzeari ekiteko landare onenetakoa. Gauza bat gogoan izan: uraza lehortearen beldur bizi da.
Eguzkia gustatzen zaio, baina erdi itzaletan ere etorriko da: buru trinko osoa ez osatzeko arriskua izango du. Freskura gustatzen zaio. Udaberriko eta udako egun luzeetan, bero handiekin, eta batez ere lehortearekin, konturatzerako tontortuko da, eta loretarako gara hazten denean asko zakartzen da hostoa. Erne, ureztaketak zaindu. Burutzen ari denean, lur hezeegian azpitik usteldu daiteke. Goizean goiz ureztatu eta tamaina hartu. Lehortearekin, baita ere, hostoen muturrak erre daitezke.
Lur aberatsa gustatzen zaio, baina ez berari jarritako simaurra, aurreko landareak utzi duena baizik. Besterik ezean, simaur zahar-zaharra eman. pH neutroko lurra da onena: buztin-lurrak karetu.
Orain urte osoan aldatzen da uraza. Etxean hazia erein nahi bada, lurra berotu arte itxaron, apirila aldera arte. 4-5 hosto dituenean aldatu, 25 cm inguruko tartea emanez. Uraza aldatzeko kontutan izan: lurrak gozo egon behar du, zokor artean alferrik ariko zara, bero handiko egunetan ez egin eta beti ureztatu, sakon ureztatu landaretxo aldatu berriak. Honela lurraren tenperatura jaisten da eta errazago itsatsiko dira. Tarteko belarrak eskuz edo jorraiaz kendu.
Zenbat jango dugun ongi neurtu eta honen arabera aldatu. Hobe da hamabostero 20 landare aldatzea, hilero ziento erdi bat baino.
Motaren arabera heldutasuna hartzen duen eran jan. Ez itxaron handiak egin arte, batez ere sasoi lehorretan. Makina bat uraza tontortua eta alferrik galdua ikusten da bazterretan.
Ahal izanez gero, goizean goiz moztu uraza.
Bareak eta barraskiloen gutizia dira. Jarri berritan zaindu: karez edo errautsez egindako muga bat eraiki.
Hotza eta, batez ere, hezetasunaren eraginez usteldurak agertu daitezke, batez ere mildiua. Ureztaketa zaindu.
Animalia asko ere bere zale dira: luhartza, zorria, erlamandoaren harra...
Azenarioa, errefaua, luzokerra, tipula, borraja, tomatea, erremolatxa, azalorea, marrubia, ilarra, babarruna, leka, baba... lagun on ditu.
Perrexila, azak eta apioa ez omen ditu gustuko.
Lekadunak egon diren sailetan geratu den nitrogenoa ederki baliatuko du. Leken eta babarrunen tartean jarri, baita hauen edo baba edo ilarraren ondoren ere.
Tomatea, alberjinia, piperra eta antzeko ziklo luzeko landareak jartzean, batera, tartean, urazak jarri.
Haziak sortzea erraza da. Tontortutakoan utzi landarean bertan heltzen, baina haziak sare batekin babestu, txorientzako pagotxa dira.
Bero zakarrak izan dira uda hasiera honetan. Ohitzen ahal gara! Klima aldaketa gezurkeria dela esaten jarraitzen dutenak, beraiek jakingo dute zein patrika betetzen ari diren, baina datuak hor daude. Eta jarraitzen dute
+ gehiago irakurriDena atzekoz aurrera ikusten duen jendea bada. “Baratze bat egingo nuke, gustura, baina ez dut lurrik”, “ikaragarrizko lanak dakartza”, “landarea jarri eta zer edo zer ematerako hilabeteak hari
+ gehiago irakurriZenbat ordu eman ote dute gure nekazariek zerutik datorrenaren peskizan? Eta igaro beharko dituztenak. Sekula santan ez da eguraldiarekin letorkeenaren beldur hori galduko; ezkutatu, aldendu, haizatu bai, baina betirako
+ gehiago irakurriTomateak (Lycopersicon esculentum) adina kontu sortzen duen lagunik ez dugu baratzean. Ameriketatik ekarria, Europako lurralde bero eta lehorretan hedatu zen eta hango jendearen migrazioarekin pixkanaka zabaldu. Baita
+ gehiago irakurriLatexa ez da izerdia. Landareek, gehienetan zuhaitzek, jariatzen dituzte bata zein bestea. Ez omen dira, ordea, gauza bera, ezta gutxiagorik ere. Izerdiak bi dira: gordina eta landua. Sustraietatik gora doan izerdi gordina
+ gehiago irakurri