Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Txikoria
Izen zientifikoa: Cichorium intybus
Txikoriak, eskarolen eta endibien genero berekoak dira, eta izenekin nahasketa izugarria dago. Historian zehar mota desberdin ugari bereizi izan dira eta bakoitzak lantzeko era bat du. Cichorium intybus espezietik datoz bai endibia eta baita txikoria ere. Endibiak, lurretik atera eta ilunpetan jarritako sustrai lodituetetik sortzen dira.

Txikoria, hemen ikusiko duguna, bere hostaia jateko lantzen da. Landare mikatza da, eskarola baino dezente mikatzagoa, eta horretxegatik lantzen da. Gaur egungo aldaerak, ordea, gozo punttua dute, mikaztasun ttantta borobiltzen duena.

Oinarrizko premiak

Eguzkia edo erdi itzala gustatzen zaio. Lur harroa nahi du. Lekadunen baten ondoren etorriko da ondoen. Bestela, ondo ongarritu dugun beste zerbaiten ondoren.

Kontuz simaur berri edota gehiegiarekin, hostaia ikaragarria eman dezake, baina ahula eta usteldurak ekarriko dituzten gaitzen pagotxa izango da, zalantzarik gabe.

Noiz zer lan

Martxotik aurrera hazia erein daiteke. Lehenak, babestutako hazitegi batean. Behin apirila etorrita, baita kanpoan ere. Azkenekoak, neguan jango direnak, udara amaieran erein. Hamar bat zentimetroko landaretxoak aldatu, 35 edo 40 cm-ko tartearekin. Sakon ureztatu eta landare txikia denean, sasoi lehorra bada, ura eman eta eman.

Uzta

Hemen hostoa jateko baino gehiago egosteko erabili izan da. Bietarako gai aproposa da: kanpoko aldeko hosto berdeak egosteko eta barruko zuriak gordinik jateko.

Gaitzak eta izurriteak

Bare eta barraskiloen erasoa da okerrena, txikiak jarritakoan zaindu: errautsa edo karea jarri inguruan edo arrautza azal txikituak tartean. Egun gutxi batzuetan babestea nahikoa da. Hostaia berritzen hasi ordurako aurrera egingo du.

Gaitzetan, zurina edota lepoko usteldura azaldu daitezke. Hezetasun handiegiarekin kontuz.

Nor norekin

Babarruna, azenarioa, porrua, luzokerra, , kuia, errefaua, borraja, luzokerra, ziazerba, tomatea eta ilarra aldamenean baditu gustura izango da.

Apioa eta perrexila ez ditu gustuko.

Trikimailuak

Hosto berdeen mikaztasuna arintzeko, zuritzea komeni da. Honetarako argia kendu behar zaio. Bi aukera daude: kanpoko hosto guztiak bildu eta motots bat bezala eginez gainean lotu edo estali. Astebete edo hamar bat egun eduki eta zuri-zuri azalduko dira erdiko hostoak. Eguraldi bustiarekin kontuz egin behar da hau, usteldu bai daiteke...

Uda partean, lehorte handia jasaten badu, tontortzeko joera piztuko zaio. Ureztatu!