Itxura guztien arabera, tipula da etxekotu eta lantzen den lehenengoetako barazkia. Milaka urte da Asia aldean tipula lantzen dela. Gure sukaldeetako amandreetako bat da. Jateko bezain estimatua izan da botikatarako. Sustraia eta hostoak besterik ez da tipula. Lur azaleko buruari erraboila deitzen zaio. Sustraiak denak haren oinetik sortzen dira, baita hostoak ere, bata bestearen barrutik. Hostoak jaki asko sortzen badu, azpiko aldean gizendu egingo da, tipularen burua edo erraboila sortuz. Erreserba mordo bat besterik ez da burua. Gero, baldintza egokiak etortzen direnean, erreserba horien lepotik metro bete edo metro eta erdiko gara luzatu , loratu eta haziak eman ahal izateko. Haziak jasotzeko bai, baina bestela garatzea ez da komeni.
Buru hau jaten da. Lehortuta bezala freskoa. Freskotan janez gero, hostoen goiko alde berdea ere gozo askoa da!. Tipulak ez du nahi inork jan dezan, eta hortzak beregandik uxatzeko, burua autsi edo mozten denean gas bat sortzen du, begiak eta sudurra erretzen dituena. Zenbat trikimailu ez ote dira saiatu negarra saihesteko! 2008an Zeelanda Berrian negarrik eragiten ez duen tipula sortu zuten.
Milaka urtetako baratzeko langintzan, tipula mota eta aldaera asko sortu da: gorri, arrosa, ubel, hori, zuri, tipulina, tipulatxa... Badira tipula arruntak, landareko buru bakarra osatzen dutenak, badira landare bakoitzean buru txiki multzoa egiten dutenak eta lore tontorrean burutxoak ematen dituztenak ere badira.
Azaleko sustraiak ditu, ugariak bai, eta sorta osoa toki beretik sortua. Eguzkitan jarri, arratsaldeko eguzkitan. Urak erraz alde egiten dion lurra eta erruz ongarritua. Ongarria ondo heldutakoa, sekula ez berria,
Baina buru handia egitea nahi badugu ura behar du. Ur eskasiak buru txikia dakar, txikia eta mina. Honexegatik udaberria baliatu behar da tipula onak egiteko, eta udako bero handienetan jasotzen dira.
Gogoan izan, tipulak hiru gauza ez ditu atsegin: lur urtsua, lur azidoa eta simaur berria.
Lur azala da ondo prestatu beharrekoa: aldez aurretik prestatu, metro karratuko 3 kilo simaur edo luar zahar eman. Hilabete ingurura karea eman. Errautsa ere bai. Gero tarte bat utzi aldatu aurretik. Asentatutako lurra gustatzen zaio.
Tipula ugaltzeko hiru era daude: hazia, landaretxoa eta tipulatxoak.
Hazia udan, udazkenean eta neguan ereiten da, toki babes batean, 12-18 º C artean. Jaiotakoan, pixkanaka kanpoko freskurara ohitu. Bi hosto oso dituenean aldatu daiteke. Hazia gogorra da eta bere lana ere bai, landarea erosi ohi da. Udazkenean eta neguan aldatzen da. 25-35 cm tarteko errenkatan jarri, batetik bestera 12-15 cm inguru utziz. Tarte handixeagoak landare bakoitzarentzako janari gehixeago uzten du eta eguzkiak errazago lehortuko eta berotuko ditu, bai landarea bai lurra.
Tipulatxoak aldatzekotan, otsaila aldera jartzen dira, tarte modutsu bera utzi.
Tipula berria, berdea jateko, udaberrian zehar, multzoka aldatu, hamabost egunero. Gero koxkortu ahala jateko.
Tipulak ez du belarrik izan behar inguruan. Maiz kendu, baina kontuz, aitzurrarekin sustraiak kaltetu gabe. Askoz hobe da lan hau eskuz egitea.
Berritan jatekoa, burua koxkortzen hasi ordurako, nahi denean atera.
Jasotzekoa, hostoak erabat ihartu zaizkionean, ukitu eta karraska egiten dutenean, biltzeko pronto dago tipula. Uztaila amaia edo abuztua hasiera aldera. Sasoi lehorreko egun bero bat aukeratu, lurretik buruak atera eta eguzkitan utzi. Bustitzeko arriskua izanez gero, aterpe batean zabal-zabal eginda jarri. Ondo lehortu direnean, sustraietako lurra kentzeko astindu eta sareetan edo kordatan, lokarri batean lotuta, zintzilik jaso, haizeberritzen den toki fresko batean.
Usteldurak, mildiuak eta gorrinak izaten ditu hezetasuna ugari bada.
Ongarri berriak ere gaitz hauek harrotzen ditu.
Tipula erasotzen duen eulitxo bat bada, uxatzeko perrexila jarri aldamenean, haize nagusiak jotzen duen aldetik.
Azenarioarekin, perrexilarekin, marrubiarekin, urazarekin, tomatearekin, erremolatxarekin eta luzokerrarekin ondo moldatzen da.
Aldamenean lekadunik ez jarri, kalte egingo baitio: baba, ilarra, leka edota babarruna. Ez porrua, ez aza, ezta patata ere.
Azenarioak eta biak elkar hartzen dute. Batak bestea erasotzen duen eulitxoa uxatzen du.
Oiartzungo Artamugarriko Felix iaioa da oso, besteak beste, tipulagintzan. Otsaileko ilbeheran aldatzen du tipula, berak gogoratzen du esaerak diona: San Jose (martxoak 19) baino lehenago aldatu behar da tipula”, bestela ez omen da egiten.
Lur buztintsu trinkoa edo urtsua baduzu, tipula jartzeko lanik ez hartu, ez duzu eta atarramenturik egingo.
Tipulak burua egiteko argi orduak neurtzen ditu. Burutzeko 12 edo 13 edo 14 argi ordu baino gehiago behar dituzten tipula aldaerak daude. Galdetu zer jartzera zoazen jakiteko. Hemen izaten diren argi orduak, gutxi gora-behera: martxoak 20an 12, apirilak 10ean 13 eta apirilak 30ean 14.
Jasotzeko tipulak bildu aurreko hilabetean, belarrik gabe, garbi garbi eduki, eguzkia bururaino sartu dadin.
Ardi-gorotz zahar zaharra bezalako ongarririk ez omen da tipularentzako.
Udaberrian, barrua mugitzen hasten zaionean, ziltzen hasten denean, orduan da gozoena.
Uztarriak herrestan narra bezala, neguko giroa dakar kurrilo lainoak atzean. Kurrilo lerroak zeruan sentitzean, buila batean, hotza zetorrela esaten ziguten umetan. Kurrilo pasea entzungarria da, builaka, elkarri errietan
+ gehiago irakurriPorruaren eulia (Phytomyza gymnostoma) Euskal Herrira bisitan etorria dela aipatu nizuen aurrekoan. Izurrite berria. Presta gaitezen. Porruaren euliak urtean bi belaunaldi izaten ditu. Lehena negua pupa gisa igaro
+ gehiago irakurriUdaberriroko eztabaida: zer da goxoena, ilarra (Pisum sativum) edo baba handia (Vicia faba)? Nik zalantzarik ez dut: baba handia. Tipulin batekin olio pittin batean erdi erreta, a zer luxua! Felix lagunak patatekin (Solanum
+ gehiago irakurriPiper sasoia abiatu da. Gaur egun urte osoan ditugu piperrak, baina piper sasoia abiatu da, hemen. Bertako piperren sasoia. Ameriketatik ekarri genuen jaki hori, eta gure kulturako ikurretako bat bihurtua dugu, eta hasiera
+ gehiago irakurriHau idazten ari naizen egun honetan, maiatzaren 25ean, duela 226 urte (1789an) hil zen Anders Dahl suediar botanikari sonatua. 38 urte besterik ez zuen, baina bere txokoa eginda joan zen mundu honetatik. Claes
+ gehiago irakurri“Akazia lore, antxoa urre” esaerari adi, lagun koadrilatxo bat urtero bildu ohi gara udaberriaren bihotzari gorazarre otorduan. Arrautzetan pasata, antxoa eta sasi-akazia lorea (Robinia pseudoacacia), sasoiko
+ gehiago irakurri