Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Lorategia

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Suzko Zuhaitza
Izen zientifikoa: Grevillea robusta

Grevillea robusta du izena. “Pinua” (“urrezko pinua”, loreagatik) eta “haritza” (“zetazko edo zilarrezko haritza”, hostailagatik) deitzen diote, baina niri beste izen bat gehiago gustatzen zait: “suzko zuhaitza”. Eskua baino handiagoko hostoa du, sakon ebakia, mehe-mehe, ia garo baten itxurakoa, eta azpiko aldea iletsu zilarkara. Neguan ez da soiltzen, eta udaberriko beroetan sugar koloreko lore multzo handiak irekitzen ditu, han-hemen, dagokien tokian ez baleude bezala. Deigarria da oso. Koloreaz gain, loreak multzo handi xamarretan emateak berezi egiten du. Alergia duenak, zer gerta ere, ez ukitzea hobe, dermatitis eragilea da.

Apaingarri erabiltzen da parkeetan. Azkar hazten bada ere, zur iraunkorra sortzen du: hesietarako, leihoetarako eta zurgintza lanetarako erabiltzen da. Gitarren kaxak ere egin izan dira, tonalitate berezia eransten dio, nonbait. Erleek lorea gustuko dute.

Guri landare asko Grezia aldetik, ekialdetik etorri bazaizkigu ere, suzko zuhaitza Australiatik ekarritakoa dute.