Bizi-baratzea

LANDAREPEDIA  >  Baratzea/Ortua

A B C D E F G H I J K L M N O P Q R S T U V W X Y Z
Hau denon artean egindako bilduma bat da, landareen eta lurraren kulturaren ezagutzen meta. Zure landareen zain gaude denok. Eman eta hartu.
Piperra
Izen zientifikoa: Capsicum annuum
Babarruna, tomatea, artoa eta patatarekin batera, Ameriketatik ekarritako landarea da piperra. Hobe esanda piperrak, gozoak minak luzeak potoloak gorriak berdeak horiak beltzak... piper aukera ikaragarria baita. Mexikon duela 9000 urteko etxeetan piper haziak topatuak dituzte.

Euskaldunon gastronomiaren ikur nagusienetako bat bihurtu du piperra gure kulturak: pipermina, pikilloa, morroa, Ezpeletakoa, Gernikakoa...

Euskaldun sentitzen bazara, ba, jarri piperrak!

Bizitza motzeko landarea da piperra, baina oso emankorra. Oinarrizko premia pare bat betez gero, ez dizu buruhausterik eragingo. Lagun ona da.

Oinarrizko premiak

Lur aberatsa behar du. Aldatu aurretik ondo desegindako simaurra eman lurrari. Errautsa atsegin du. Ura behar du, baina isuri atlantikoan behar baino gehiago izango du, gehienetan. Kontuz tokia aukeratzerakoan eguzkia eta beroa eta eguzkia eta beroa behar ditu. Gaueko tenperatura 15ºC-tik behera abiatzen denean lorea emateari uzten dio.

Noiz zer lan

Hazia martxoa aldera erein, toki babes eta bero (22º C inguru) batean. Ernatutakoan tenperatura hotzagoetara ohitu behar da, pixkanaka. Nahi izatera 3 hosto dituenean ontzietara aldatu. 12-15 cm dituenean baratzean jarri. Maiatza aldera, onena. 40-50 cm tartea utzi errenka eta landare artean. Nahi izatera bi errenka 40 cm tartearekin gurutzetara jarri eta hurrengo bietara 60-70 cm utzi. Pipermin landareak binaka jartzen dira.

Hazitik sortzeko, minbera samarra da, txikitan asko sufritzen du. Jendeak nahiago izaten du landarea erosi.

Tartea jorratu eta landarearen ipurdia lurreztatu. Hau garrantzitsua da, piper landarea hauskorra baita. Fruitu ale handia ematen duten aldaerak (morroa, etab.) arbatzea komeni da.

Uzta

Biltzerakoan erraza da piperrari tira eta gainean duen adar osoa austea. Kontuz, onena guraizeekin moztea da.

Piper guriak bildu eta jan, azal mehe eta dasta bikaina izango dute. Sarri-sarri bildu, lore eta fruitu gehiago emango du.

Minak diren piperretan zenbat eta helduago eta minago. Era berean giro hezean min hori apaltzen da, eta lehorrean goititu.

Hotzak etorri eta landarearen hostaia zimeldu eta alferrik galtzen hasten denean, jateko moduan dauden piperrak bildu, landarea oso osorik sustrai eta guzti atera, lurra astindu eta aterpe batean buruz behera zintzilikatu. Geratzen diren piper aleak bertan helduko dira.

Piper helduak hari batean txortenetik josi eta zintzilik lehortu eta jaso daitezke. Behin ongi lehortuta, baita txiki-txiki ebakita edo eho eta hauts eginda ere.

Gaitzak eta izurriteak

Bareak amorratzen jaten du landarearen edozein zati. Zorriak ere ziztatu nahiko du. Hala ere, piperra mina ematen duen landarea ez omen dute erasotzen, egia ote?

Ez du gaitz handirik piperrak. Birusak gero eta ohikoagoak dira, baina ez dute erremediorik.

Lizunen bat agertzen bada, kontuz hezetasunarekin. Tarte txikitxoa izango dute, agian...

Nor norekin

Albahakarekin, azenarioarekin eta senide dituen alberjiniarekin eta tomatearekin ongi moldatzen da.

Mihilua, erremolatxa eta ilarra ez ditu gustuko.

Trikimailuak

Kontuz simaurrarekin. Ondo desegin gabekoa emanez gero, zarba mardulak bai baina loreak zapuztu egingo dira.

Hezetasunari ihes, egiteko landareen arteko tartea handitu. Hauskorra da piper landarea eta tartean ibiltzean adarrak autsi daitezke. Tartea eman, bai. Tomatearen atala ikusi, harentzako trikimailuak piperrak ere eskertuko ditu.

Hezetasunari ihes egiteko beste era bat tontor baten gainean aldatzea da. Aldatu eta gero inguruan tontorra egin ez, tontorra egin eta aldatu.

Giro hotzak badira, alfer alferrik jarriko dituzu piper landareak. Hobe da beroari itxarotea, azkarrago etorriko da gero.

Piper oso minak badituzu, eskuak babestu. Gero begietara edo ezpainetara eramandakoan gogoratuko zara...

Eguzkia eta beroa, gogoratu. Kontuz noren aldamenean jartzen duzun, ez diezaiola gero eguzkia kendu.

Landatutakoan tartean urazak jarri daitezke, piper landarea datorren artean haiek jan.

Erlazionatutako jakingaiak

2019-11-10 | Jakoba Errekondo

Uda joan eta negua etortzen den egunean idazten dut hau, San Simon eta San Juda egunean, urriaren 28an. Gauaren iluna egunaren argia baino hiru ordu luzeagoa da gaur. Guk ordularia behar dugu, baina landareek, katxarreria

+ gehiago irakurri
2019-07-14 | Jakoba Errekondo

Bero zakarrak izan dira uda hasiera honetan. Ohitzen ahal gara! Klima aldaketa gezurkeria dela esaten jarraitzen dutenak, beraiek jakingo dute zein patrika betetzen ari diren, baina datuak hor daude. Eta jarraitzen dute

+ gehiago irakurri
2019-06-30 | Jakoba Errekondo

Arratsalde honek ematen didan oihartzuna baliatu nahi dut esan eta irakurlea jakinaren gainean jartzeko: urteko egun luzeenak joan dira eta gaua luzatzen eta egun argia laburtzen hasi da. Honek ondorio latzak izango ditu

+ gehiago irakurri
2015-09-20 | Jakoba Errekondo

Euri jasa itxurazkoa bada, ondoren errioak ur-karga dezentekoa ekartzen duen tankeran, aurten fruitu urtea da. Gero atera beharko dira kontuak, eguraldiaren segidak edo zer arraio dela-eta aurten ia denak oparo eman duen:

+ gehiago irakurri
2015-09-13 | Jakoba Errekondo

Aurrera-atzera honetan, aurtengo uda hau xelebrea doa, bada. Fruituen urte berezia. Tomateak eta piperrak ez dira makal ari, eman eta eman. Itxura kaskarrena lekei eta babarrunei sumatzen diet; udak aurrera eta egun argiak

+ gehiago irakurri
2015-09-06 | Jakoba Errekondo

Japonian fruituei egiten dieten ohiz kanpoko goratzarrearekin utzi nuen txoko hau uda aurrean. Uda eta udazkena arteko sasoi honi ezin ekin fruituak ahaztuta. Duela ez asko, bertsolari batek “errotu” eta

+ gehiago irakurri
2015-06-28 | Jakoba Errekondo

Mikatza dut kafea. Mikatza dut gustuko. Gozotik urruti, gazi puntta eta erre punttua duena. Gatz ttantta bat ere ederki letorkiokeela amets egiten dut, maiz. Izan ere kafea! Taxuzko kafe batek ahosabaiaren azken gapirioaren

+ gehiago irakurri
2015-06-21 | Jakoba Errekondo

Piper sasoia abiatu da. Gaur egun urte osoan ditugu piperrak, baina piper sasoia abiatu da, hemen. Bertako piperren sasoia. Ameriketatik ekarri genuen jaki hori, eta gure kulturako ikurretako bat bihurtua dugu, eta hasiera

+ gehiago irakurri
2015-05-24 | Jakoba Errekondo

Tomateak  (Lycopersicon esculentum) adina kontu sortzen duen lagunik ez dugu baratzean. Ameriketatik ekarria, Europako lurralde bero eta lehorretan hedatu zen eta hango jendearen migrazioarekin pixkanaka zabaldu. Baita

+ gehiago irakurri
2015-03-22 | Jakoba Errekondo

Gosea kudeatzea izango da etorkizunean negozio emankorrena. Automobilak eta segapotoak egiten dituena aberastuko da, baina Kristina gure izeba zaharra zenak esaten zuen bezala: “Txori guztiak mokodun”. Denok jan

+ gehiago irakurri